"Kontagailua zerora itzuli balute bezala da". Irudipen hori dute Arroabeko Bidegorriaren Aldeko Taldean, Iraeta eta Narrondo lotu behar dituen bide berdearen gaineko azken iragarpenaren berri izan ondoren.
Joan den aste hasieran, agerraldia egin zuten Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako Bide Berdea osatzeko falta den 4,15 kilometroko zatia egiteko elkarlanean gauzatuko duten proiektua aurkezteko. Agerraldi horretan, lehendik ere ezagunak ziren zenbait kontu berritu zituzten bi erakundeetako ordezkariek.
2022ko otsailean, Jaurlaritzak eta aldundiak lankidetza adostu zutela iragarri zuten Arriolak berak eta Rafaela Romero Mugikortasun diputatuak, Iraeta-Narrondo zatia eraiki ahal izateko. Bi erakundeok adostutakoaren arabera, Iraeta eta Arroa bitartean Urola Trenaren ibilbideko bi tunel egonkortzea eta birgaitzea bere gain hartu zuen Jaurlaritzak, Eusko Trenbide Sarearen bitartez; eta Narrondo eta Arroabeko tren geltoki zaharrera bitarteko zatia egitea zegokion aldundiari. Lan horiei 2023aren hasieran ekingo zietela ere iragarri zuten orduan, baina ez zen halakorik gertatu; proiektuaren luzapenen eta atzerapenen sokan atzerago eginda, Zumarraga eta Zumaia lotuko dituen Urolako Bide Berdea osatzeko falta den zatiaren lanak 2019an hasiko zirela ere iragarri zuen bere garaian aldundiak.
Joan den urrian jakinarazi zuen Zestoako Udalak urtea amaitu aurretik esleituko zituela Jaurlaritzak aipatutako bi tunelak egonkortzeko lanak. Orain, 2022an aurreratutako akordioaren edukia eguneratu eta udazken hasieran udalari jakinarazitakoa berretsi dute Arriolak eta Asensiok: 3.482.787 euro jarriko ditu Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarearen bidez, Iraeta eta Arroa arteko bi tunelak egonkortzeko; aldundiak, bere aldetik; 2.269.074 euro jarriko ditu Narrondo eta Arroako geltoki zaharra lotuko dituen bide zatia egiteko.
Tunelak egonkortzeko lanen lizitazioa egunotan egitekoa da Jaurlaritza, hala aurreratu zuten joan den astean. Epe berriak ere aipatu zituzten: "Obrak 2023., 2024. eta 2025. urteen artean egitea espero" dute.
"Oraingoan bai?"
Abenduaren 4ko agerraldian esandakoek sentipen kontrajarriak eragin dizkiete Bidegorriaren Aldeko Taldekoei: "Batetik, bide berdearen proiektua aurrera dihoala eta erakundeek ez dutela ahaztu esan nahi du, eta hori pozgarria da. Bestetik, ordea, lehendik esandakoak errepikatzera irten direla esan daiteke, ez dute ezer berririk plazaratu, eta badakigu orain arteko albisteak eta iragarpenak zertan gelditu diren". Jaurlaritzak eta aldundiak mahai gainean jarritako azken epeak, behintzat, betetzea espero dute taldekoek, aurrekariei begiratuta baikorregi agertu ez arren.
Ildo bereko balorazioa egin du Eguzki talde ekologistak ere Arriolaren eta Asensioren agerraldiaz. Iraeta-Narrondo bidegorria, oraingoan bai? izenburuarekin plazaratu du oharra Eguzkik. Iraeta-Narrondo bide berdearen proiektua "berriz ere aurkeztu" dutela nabarmendu nahi izan du talde ekologistak, lehendik ere iragarpen bera edo oso antzekoa egina zutelako bi erakundeek; eta proiektu hori "bidegorrien eta mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromisoaren isla gisa berriz ere saldu nahi izateko kopeta behar" dela gaineratu du Eguzkik bere oharrean.
"Tunelak egokitzeaz gain, bidegorria bera eraiki behar da. Beraz, lanek gutxi gorabehera hiru urte iraungo dute, exekuzio epea 30 eta 32 hilabete artekoa baita. Ea oraingoan horrela den", dio Eguzkik.