Martin de Unx Gonzalez Toston: "Publikoak antzerkiaren norabidea zehaztu dezake"

Amaia Agirre 2024ko urtarrilaren 6a

Martin de Unx Gonzalez Toston, eskuinean. (Utzitakoa)

Martin de Unx Gonzalez Toston (Zumaia, 1999) txikitatik da zinema zalea. Etxetik datorkio zaletasuna, oso gazte hasi baitzen zinemara joaten familiarekin.

Elkarrizketa hau abenduko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Noiz eta nolatan pasatu zinen zinema zale izatetik antzerkiaren munduan murgiltzera?

Antzerkiaren munduan 14-15 urterekin sartu nintzen. Aitak proposatu zidan Zumaiako antzerki taldean hastea. Halaxe egin nuen; Inaxio Tolosak eta Esti Curielek gidatzen zituzten musika eskolako klaseetara joaten hasi nintzen. Bertan gehienbat bat-batekotasuna lantzen genuen, eta han sortu zitzaidan antzerkiarekiko harra.

Antzerki munduko ikasketarik egin al duzu?

Zumaian Batxilergo ikasketak egin ondoren, bi aukera nituen buruan: psikologiako gradua egitea, edo interpretazioaren munduan sartzea. Bigarren aukera horretatik jo nuen. Hasiera batean Bartzelonara joan nahi nuen, baina familia Madrilen nuenez, han zegoen antzerki munduko unibertsitate batera (TAI) joan nintzen. 

Lau urteko gradua egin ondoren, bikoizketa eskola batean hasi nintzen. Eskola horretara jo nuen, batez ere ahotsa lantzeko (garrantzia handia du niretzat) eta baita beste bide batzuk irekitzeko ere, noski. Oraindik bertan jarraitzen dut, baina beste eskola batean ere aritzen naiz; azken horretan beste antzezpen mota bat irakasten dute. Horrez gain, datorren urtean beste ikasketa batzuk egiteko asmoa ere badut, horiek ere antzerkiaren munduari lotutakoak.

Madrilen antzerki proiektu berria abiatu duzu. Nondik sortu da?

Luis Fernández Ruz graduko ikaskidea dut, eta bera, orain, master bat egiten ari da. Han antzezlan modu desberdinak ikasten dituzte. Master amaierako lan gisa antzezpen bat egin behar zuten, eta proiektu horretan parte hartzea erabaki genuen. Dena den, antzezlana master amaierako lana izateko sortu bazen ere, hasieratik pentsatu genuen ondo ateraz gero kanpora begira jar gintezkeela antzezlanarekin, eta publiko egin. Dena ondo joan da, eta hemen gaude; dagoeneko bost aldiz antzeztu dugu.

Transparentes izena jarri diozue antzezlanari.

Antzezlanaren funtsa, amaieran lau kideetako bat kanporatzea da. Gu benetako pertsonaiak izaten saiatzen gara antzezlanean, faltsua bazara, publikoak kanpora zaitzakeelako. Horri hainbat buelta eman ondoren erabaki genuen izen hori jartzea.

Antzezlana podcast bat da, ezta?

Bai. Orain artean beharbada denok jarraitu dugu pertsona famaturen bat, eta entzun ditugu haren podcastak gai konkretu baten inguruan. Gaur egun, ordea, ez da hain zaila podcastak sortzea inguruan ditugun baliabideekin; hortik etorri da gure ideia hau, alegia, edozeinek sortu dezakeela podcast bat.

Lau aktore zarete. Lehendik ezagutzen zenuten elkar guztiok?

Ez, nik bakarra ezagutzen nuen: nire pisukidea den Mario Saura. Luis zuzendaria bezalaxe, graduan ezagutu nuen hura ere. Gainerako aktoreak proiektuan bertan ezagutu ditut.

Antzezlan interaktiboa da, hori berria da guretzat.

Antzezlan guztiek bezala, baditu egitura eta gidoia, baina hainbat momentutan publikoak parte har dezake eta gure egitura hori aldatu. Publikoari ematen zaio antzerkiaren norabidea zuzentzeko aukera. Gure egitura apurtu egiten da, eta beraz, hainbat amaiera desberdin izan ditzake podcast honek. Azken finean, lortu nahi duguna da publikoa ere antzezpenaren parte izatea eta istorioan garrantzia izatea.

35 amaiera desberdin ditu antzezlanak...

Lehen esan bezala, publikoa ere antzezpenaren parte da, eta beraz, hori publikoak aukeratzen du. Telegram aplikazioaren bidez aukerak ikusten dituzte, eta hala, antzezlanak duen egitura apurtu eta bide desberdinak hartzen ditu. Publikoari horrek batzuetan amorrua ematen dio, eta antzezpena berriz ikustera bultzatzen du, amaiera desberdin posible bat izango du eta. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide