Mireia Centeno: "Arazo sozialek zuzenean eragiten dute buru osasunean"

Maria Maya Manterola 2024ko urtarrilaren 14a

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Neguan areagotu egiten dira antsietate eta depresio kasuak. Centenoren ustez, dena den, eragin handia dute pertsona bakoitzaren inguruneak eta bizi baldintzek. Sistemara egokitu beharraz, horrek duen eragin psikologikoaz eta, oro har, buru osasunaz aritu da psikologoa abenduko Baleike aldizkariko elkarrizketan.

Guztion ahotan dabil buru osasuna. Mireia Centeno psikologo zumaiarraren ustez, gaiaz geroz eta gehiago hitz egitea lagungarria da, baina argi dauka hainbeste depresio eta antsietate egoeren jatorria zein den: bizitza sistemara egokitu behar izatea. Zoriontsuak izan beharraz, osasun sistema publikoak dituen gabeziez eta neguak pertsonengan duen eraginaz aritu da elkarrizketan, besteak beste, Centeno.

Urtea bukatzera doa. Izan daiteke modu bat gauza batzuk atzean utzi eta beste batzuk hasteko?

Sinbolikoki laguntzen du, baina ez da ahaztu behar laguntza bat dela. Edozein etapa berri hasten dugunean indartsuago gaude, eta garai ona izan daiteke zerbait berria hasteko, baina jakinda laguntza txiki bat izango dela. Gure motibazio guztia ezin daiteke hori bakarrik izan. 

Ohikoa da urte berriarekin erronka berriak eta ohitura aldaketak planteatzea. Lagungarriak dira, edo presio bihurtu daitezke?

Normalean egiten ez dugun zerbait egin ahal izateko motibazioa beharrezkoa da. Berezkoa behar luke motibazio horrek, barrutik ateratakoa. Zerbait berria hasteko ezinbestekoa da barrutik datorren motibazio hori izatea, eta garbi edukitzea zergatik egin behar den aldaketa hori. Benetan sinesten badugu, benetako motibazioa daukagu, eta ez da beharrezkoa beste mota bateko motibaziorik. 

Urtea hastea kanpoko motibazio txiki bat gehiago besterik ez da. Erronka-zerrenda horiek momentu horretan plus hori daukate, indar pixka bat gehiago izan dezakete. Dena den, onena da erronka bat daukagula sentitzen dugunean edozein momentutan egiten saiatzea, itxaron gabe. 

Bestalde, erronka horiek oso orokorrak direnean, ez dute ezertarako balio izaten. Lortu nahi bada, zehatza izan behar du erronkak, eta lortzeko plan eta lanketa bat egin behar dira. 

Gakoa konbentzimenduan dago, ezta?

Hori da. Benetan sinetsi behar da; sinesten denean, errazagoa izaten da helburua lortzea. 

"Askoz gehiago hitz egiten da eta horrek laguntzen du, baina gizartea gaizki dago orokorrean"

Geroz eta gehiago hitz egiten da buru osasunaz. Okerrago gaude, edo errazago hitz egiten dugu?

Biak. Egia da askoz ere gehiago hitz egiten dela, eta horrek laguntzen du. Baina gizartea nahiko gaizki dago orokorrean. Ez da normala jendeak hainbeste depresio eta antsietate arazo izatea. Eta argi dago zergatik den: ezin dugulako egokitu bizi garen sistemara. Egokitzeko behar dugu buru osasuneko zerbitzuek ematen duten laguntza hori guztia. 

Bi lanketa egin behar dira. Batetik, buru osasunaz hitz egin behar da, landu, tratamenduak egin… Eta, bestetik, arazoa nondik datorren ulertzeko hausnartu egin behar da. Bi gauzak egiten ari garela uste dut. Sozialki ditugun arazo guztiek zuzenean eragiten dute buru osasunean: tratatu dezakezu pertsona bat estresatuta dagoena zortzi orduko lan jardunarekin eta opor gutxirekin, baina egoera aldatzen ez bada, estres horrek jarraitu egingo du. 

Indibidualistagoak egin gaitu sistemak?

Horra garamatza, baina kontziente gara horra garamatzala. Horrek esan nahi du neurriak hartzen ari garela hori zaintzeko. Norbera bere etxean dago bere arazoekin, eta ez dugu arazo horien aurrean guztiok batera erantzunik ematen. 

Arazo horiek partekatuak izaten dira. 

Gehienetan bai. Nigana etortzen diren pertsonek askotan uste dute beraiek bakarrik dutela arazo hori, baina ez da hala. Jende gehienak ditugu arazo, ardura, kezka eta gatazka berak, eta uste dut horretaz hitz egiteak laguntzen duela kolektiboak sortzen. 

Gaur egun geroz eta erreminta gehiago ditugu hori lortzeko. Sare sozialek, adibidez, alde onak ere badituzte. 

Zoriontsuak izan behar dugula erakutsi digute. Horrek handitu egiten du depresioaz hitz egiteko estigma?

Erabat. Hori erakutsi digute, baina ezinezkoa izateaz gain, ez da osasuntsua. Era guztietako emozioak ditugu, eta denak behar ditugu. Triste egon behar dugunean, triste egon behar dugu; horrek berak emango digu aukera gero hobeto egoteko. Zenbat eta gehiago adierazi, orduan eta hobeto. 

Orain arte kontrakoa egiten genuen: ezkutatu, beste zerbait erakusten saiatu, okerrago egon eta lotsa sentitu. Orain jabetzen ari gara pozik egotea dela beti lortu behar dugun zerbait. 

"Uneoro zoriontsu izan behar gara; ezinezkoa izateaz gain, ez da osasuntsua"

Estigma gainditzen ari al gara?

Gaiaz hitz egiten ari garen neurri berean ez, behintzat. Hitz egiten dugu, baina norberari kosta egiten zaio onartzea hau ala bestea duela. 

Zer patologia dira ohikoenak?

Antsietatea, gehienbat. Badaude pertsonak oraindik sentitu ez dutenak, baina oso arraroa da. Sintoma bezala askotan ikusten da; patologia bezala, ez hainbeste. Txikitatik agertzen da: gurasoengandik banandu behar dutelako eskolara joateko, azterketak dituztelako, estresa dutelako… Patologia izatera normalean ez da ailegatzen, baina ugariena da. Depresioa ere badago. Haurrek ere izaten dute, baina oso desberdina da helduenarekin alderatuta. Normalizatu egin ditugu jende askok pairatzen dituelako, baina ez da normala. 

Ziurgabetasunarekin lotu ohi da antsietatea. Garai ziurgabeak bizi ditugu. 

Bai, orokorrean munduan gertatzen diren gauza guztiek sor dezakete antsietatea. Horrek eragiten du pertsona bakoitzak indibidualtasun horretan sentitzen duen antsietatea. Helduen kasuan, lana eta alderdi ekonomikoa izaten dira gehien eragiten duten arazoak; eta haurrenean, helduek izaten dituzten arazo horiek haurrengan eragiten dutenean, zeharka. 

Gurasoa bazara eta lanik gabe geratzen bazara, hori igarri egiten da, eta nahiz eta ezkutatu, haurrak igarri egiten du. Beldurra eragin diezaioke haurrari, eta gerta daiteke, esaterako, eskolara joan nahi ez izatea, gurasoak ikusten ez dituelako. 

Entzuten dutenak ere asko eragiten du. Albistegiak jartzen ditugu, eta haurrek horiek entzuten dituzte egoera ulertu gabe, ez dituztelako helduok ditugun informazioa eta bizipenak. 

Osasun publikoak ematen al du buru osasuna ondo artatzeko aukerarik?

Ez. Psikologoen elkargoan horretaz kontziente gara, eta horrekin ari gara lanean: ideiak eta baliabideak ematen ari gara. Osasun publikoan lan egiteko beharrezkoa da barneko psikologo egoiliarraren azterketa egitea, baina hori lortzeko ibilbide luzea egin beharra dago. Neurrietako bat izango litzateke psikologo sanitarioek aukera edukitzea lehen mailako arreta emateko. 

Oso kasu gutxi landu daitezke, eta normalean, oso gaizki daudenetara mugatzen dira. Arlo publikoko kontsultak ez daude, eta pribatuak gainezka dauzkagu. 

"Barrura begiratzeko etapa aproposa da negua, baina beti ere, komunitate batean"

Zer metodologia erabiltzen duzu zuk?

Oso zaila da gaia. Korronte desberdinak daude psikologian, eta batzuk bakarra erabiltzen dute. Baina segun eta zer kasu den eta pertsona horrek zer behar duen, gerta liteke metodologia bat aproposa ez izatea. 

Antsietate arazo potolo batekin datorren pertsona batekin psikoanalisia erabilita lanean hasten bazara, esaterako, egoera asko luzatu daiteke eta pertsona horrek asko sufritu dezake prozesuan. Momentuan erremintak ematen dizkion terapia bat erabiltzen baduzu, berriz, gehiago lagunduko diozu pertsona horri, eta gerora landu daiteke gaia beste era batera. 

Normalean, terapia kognitibo-konduktualekin egin izan dut lan nik. Baina haurrekin lana egiteko, adibidez, beste era batera egin behar da. Beldur bat baldin badauka, jakin egin behar da hori nondik datorren, eta gurasoekin edo eskolarekin landu, esaterako. Helduekin ere bai, askotan: lanean jazarpena pairatzen duen batekin lanean ari bazara, lankideekin ere landu beharko da gaia. Eztabaida asko dago horri lotuta. 

Neguan areagotu egiten dira depresioak. 

Behar dugu negua. Ziklo batean bizi gara, eta etapa guztiak beharrezkoak dira. Neguari bere zentzua ikusten badiozu eta errespetatzen baduzu, gustura egongo zara. Zertarako balio du neguak? Deskantsatzeko, etxean egoteko, zirkulu txikiagoetan mugitzeko… Horrek guztiak lagunduko digu udaberria datorrenean hobeto egoten. 

Hilerokoarekin gertatzen da: konturatzen zarenean ziklo batean bizi zarela eta etapa bakoitzak dituela bere abantailak, zure alde erabili ditzakezu. Urtean zehar, gauza bera. 

Beldurra ematen al digu barrura begiratzeak?

Bai. Barrura begiratzeko etapa aproposa da negua, baina beti ere, komunitate baten barruan. Gizarteak, ordea, ez digu laguntzen. Negua bizitzeko modua ez da etxean bakarrik egotea. Etxean bai, baina talde txiki batean. Ez gaude horretara egokituta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide