Aipamen berezia jaso du Iker Gonzalez Cobeagak Asturiasen egindako konposizio lehiaketa batean

Juan Luis Romatet 2024ko urtarrilaren 24a

Iker Gonzalez Cobeaga. (Juan Luis Romatet)

Pola de Sieron antolatutako nazioarte mailako konposizio lehiaketa batean aipamen berezia jaso du Iker Gonzalez Cobeaga zumaiarrak asturierazko hitzak dituen Viaxeru de la nueche obrarekin.

Asturiaseko (Espainia) Pola de Siero kontzejuko Sociedad Musical de Pola de Siero elkarteak Konposizioko nazioarteko lehiaketa antolatu du lehendabizikoz bere ehungarren urteurrenarekin batera. Nazioarteko mailako bederatzi herrialdetako 40 lagun aurkeztu dira eta lehen saria Pablo Damian Roberto argentinarrak irabazi du; bigarren saria, berriz, Manuel Jesus Sanchidrian Torti andaluziarrak irabazi du. Lehiaketara aurkeztutako beste sei lanen kalitatea azpimarratu du epaimahaiak. Horien artean da Iker Gonzalez Cobeaga zumaiarrak aurkeztu duen Viaxeru de la nueche obra.

Pozik da Gonzalez Cobeaga epaimahaiaren aldetik jasotako aipamenarekin. "Oso pozik nago. Garbi daukat ni konpositore afizionatua naizela, afizioagatik idazten dut. Gainera, ez ditut kontserbatorioko ikasketarik; oinarri batzuk jaso ditut, bai, baina gehiena autodidakta moduan landu dut. Nire ikasketak kimikaren aldetik joan dira eta gaur egun irakaslea naiz", dio zumaiarrak. Harrituta dagoela ere onartu du konpositoreak. "Adierazten du, baita ere, egiten dudan musika interesgarria egin zaiela epaimahaikoei. Eta kasu konkretu honetan konpositoreak izateaz gain, abesbatzako abeslariak eta zuzendariak ere badira, bi aldeak ezagutzen dituzte". 

Bere konposizioak lehiaketetara aurkeztearen oso zalea ez dela onartu du Gonzalez Cobeagak. "Askotan lehiaketarako idazten da eta gero lan hauek ez dira kantatzen, zailtasun handiak izaten dituztelako eta 'musika gutxi'. Kasu honetan antolakuntzako batek animatu ninduen, San Pedro Abesbatzaren bitartez badut erlazioa eta beraiekin. Gainera polita egiten zitzaidan Coral Angel Embil abesbatzakoek zumaiar batek idatzitako zerbait kantatzeko aukera egotea".

Izan ere, Pola de Siero kontzejuak badu harreman berezia Zumaiarekin. "Lehiaketa antolatu duen elkarteak kontratatu zuen Angel Enbil zumaiarra 1946an Pola de Sieroko Musika Bandako zuzendaria izateko. Bertan izugarrizko lana egin zuen eta honen adierazle da gaur egun Siero Musicaleko abesbatza nagusienak Coro Ángel Émbil izena daramala eta bere omenez, urtero, jaialdi bat ospatzen dutela".

Konposizioa asturianuz

Lehiaketako oinarrietan jasotzen zen konposizioen hitzak latinez, gazteleraz edo asturieraz izan behar zutela. Zumaiarrak azken hizkuntza honen aldeko apustua egin zuen. "Lan handia egin zuten antolakuntzakoek alde horretatik, hainbat egileren lanak webgunean argitaratu baitzituzten. Horien artean Lourdes Alvarez Garciak idatzitako Viaxeru de la Nueche (Gaueko Bidaiaria) olerkia aukeratu nuen. Batez ere testua gustatu zitzaidalako eta bestetik aukera ezberdinak ematen zituelako". 

Bere konposizioa definitzeko eskatu zaionean, erraza ez dela azaldu du Gonzalez Cobeagak. "A capella edo pianoarekin idatzi zitekeen eta akonpainamenduarekin egitea erabaki nuen. Zati alai eta jostagarri bat duen arren, haurren joko bat izango balitz bezala, testu sakona eta tristea da. Ez dut idazlearekin hitz egiteko aukerarik izan baina esango nuke sinbolismo asko dagoela, hainbat metafora deskribatzen duenaren eta Asturiasen bizi zuten egoeraren artean".

Musikalki gauza ezberdinak egiten saiatu dela dio. "Badaude efektuak, esandako hitzak, gorputz perkusioa... baina batez ere nire beste hainbat obretan (Isildu nahi ez den hura, Que el amanecer) agertzen diren koloreak. Gaur egun egiten den abesbatzarako musikatik oso gertu".

Saritutako bi obrak eta aipamena jaso duten seirak, Viaxeru de la nueche barne, liburu batean bilduko dituzte antolatzaileek. Konposizio horiek zuzenean entzuteko aukera izango den zalantzan jartzen du zumaiarrak. "Ez dakit, baina horrelako zortzi obra luze ez da erraza talde batek montatzea hain denbora gutxian. Espero det egunen batean obra hau egitea, bai Polan eta, nola ez, baita Zumaian ere".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide