Udalak iaz abiatutako Zkoop egitasmoan du jatorria Alberga elkarteak.
MIREN OSA: Formazio horretatik sortu zen. Zumaian jarri zitzaion Zkoop izena, baina Koopfabrika proiektua da oinarria. Kooperatibak sortzeko formakuntza eskola bat da. Proiektu horiek martxan jartzeko erraztasunak, aholkuak eta bidelaguntza eskaintzen dituzte.
Zkoop egitasmoaren formakuntza saioetan hamar proiektu bildu ziren. Batzuk martxan hasita zeuden; beste batzuk ideia soilak ziren.
MADDI URANGA: Kooperatibak sortzea sustatzen dute, baina oinarria ekonomia sozial eta eraldatzailea da. Kooperatibaren filosofia proiektuetan aplikatzea da asmoa, eta ez hainbeste forma juridikoa bera.
Formakuntza saio horietan elkartutakoek biltzen jarraitu zenuten geroago ere, ezta?
M. U. : Bai. Jarraipena eman nahi genion horri, eta hortik dator Alberga elkartea eta elkarlan gunea sortzeko ideia. Bide guztia udalarekin, Olatukoopekin eta Koopfabrikarekin harremanetan eta elkarlanean egin dugu.
M. O. : Lana bai, baina batik bat, lanaren burujabetza sustatu nahi dugu; inguruarekiko jasangarriak diren proiektuak, eta bertan eragiteko nahia dutenak. Asmoa ez da proiektu autonomoak sortzea edo ekintzailetza sustatzea, proiektu horiek inguru sozialean eta ekosisteman eragina izatea baizik.
Hori al da Albergan parte hartzen duten proiektuak batzen dituena?
M. U. : Animalia sozial eta dependenteak gara, eta ideia horri heldu nahi diogu. Hau guztia elkarrekin eta saretuta hobeto egingo dugu, eta lurrarekiko errespetua aintzat hartuta, beste modu batera ez delako jasangarria. Badauka atzera itzultzeko kutsu bat.
M. O. : Norberaren zilborrera begira gauden honetan, kapitalaren ordez, beste balio batzuk jarri nahi ditugu erdigunean. Bizitza bera da garrantzitsuena, eta ez proiektuan parte hartzen dugunona bakarrik, ingurukoena ere bai. Lurra eta animaliak ere bai, esaterako. Bizi proiektu gisa ulertzen ditugu egitasmoak, eta ez lan proiektu bezala. Horrek badauka lotura aipaturiko balio horiekin.
"Proiektu hauetan murgilduta, eragiteko premisa batetik abiatzen zara"
Balio horiek elkartzen dituzte Albergaren parte diren proiektuak, baina Albergak berak nola elikatzen ditu proiektuak?
M. O. : Albergak, momentu honetan, espazio fisiko bat dauka Beheko Plazan. Elkarlan gune bat da, eta bertan proiektu bat duten norbanakoak batzen dira. Proiektu bat edo ideia bat daukan edonor bertara daiteke aholkularitza jasotzera.
M. U. : Proiektu bat eraikitzeko laguntza eskaintzeaz gain, formakuntza ematea da helburua, baita bizitzeko modu honen zabalpena egitea ere oro har. Saretzea garrantzitsua da proiektuen artean, eta bide batez, herria beste era batera ulertzea ere bai, komunitatean oinarrituta eta elkar lagunduta.
M. O. : Ez dira proiektu indibidualistak. Proiektu hauetan murgiltzen bazara, beste jende bati eragiteko premisa batetik abiatzen zara. Mundua ikusteko beste modu bat da.
Zein da modu hori?
M. O. : Horizontalagoa, kapitala erdigunean jarri ordez bizitza jarriko duena, horrek dakarren guztiarekin. Beste proiektu batzuekin konparatuz, litekeena da diru gutxiago irabaztea, baina harreman sare osasuntsuak irabaziko dituzu.
"Diru gutxiago, baina harreman sare osasuntsuagoak irabaziko dituzu"
Nola eusten da proiektuen arteko sare hori?
M. U. : Alberga sortu genuen bost proiektuak elkartzen gara koordinazio asanbladan. Orain arteko erabakiak asanblada horretan hartu ditugu. Erabiltzaile guztien batzar handiago bat ere badago: espazioa nahiz sarea erabiliko duten proiektuek eta norbanakoek parte hartzen dute bertan. Hiru hilean behin biltzea da ideia. Elkar ezagutzea eta laguntzea da bigarren asanblada horren helburua.
M. O. : Elkarlan gunea erabili nahi duenak ez du kuotarik ordaindu beharko dirutan, baina trukean, denbora jarri beharko du. Denboraren bankuaren bidez funtzionatuko dugu, eta horrela errazagoa izango da saretzea. Proiektu batek behar espezifiko bat baldin badauka, eta beste proiektu batek laguntza eskain badiezaioke, laguntza hori ematea da ideia. Izan daiteke hori, edo izan daiteke herriari edo komunitateari begira ekarpenen bat egitea ere, hitzaldi moduan, esaterako.
Alberga elkartea sortu da komunitatean lana egiteko zegoen modu bati erantzunez, edo kontrara, Albergak balio izan du lehendik bazeuden proiektu horiek balio komunitario horien inguruan kontzientziatzeko?
M. O. : Aurrera begirako proiektu bezala ikusten dugu, gizartearen ikuskera aldaketa eta gauzak egiteko aldaketa sakon bat eskatzen dituelako. Proiektu batzuk horretan dabiltza, baina egia da espero ez genituen beste proiektu batzuk ere azaldu direla.
Arnas luzeko proiektua da, eta merezi duen pazientziarekin hartu behar da. Paradigma aldaketa handia da: sare horiek errealak izango badira, eraldaketa erabatekoa da. Zumaian bizitzeko eta lana egiteko aukera errealak egongo direla esan nahiko du. Zaintzak ere garrantzia izango du, zaintza publiko eta komunitarioaz ari garen honetan, Albergak komunitarioaren izate horretan rol garrantzitsua izango du.
Alberga izena jarri diozue proiektuari. Zer iradoki nahi izan duzue?
M. U. : Zumaiako hitz bat da, apenas erabiltzen duguna, alberga guztiak kendu dituztelako. Baina erreferentzia egiten dio ezkutuko ekonomia horri, bizitza sostengatzen duen ekonomia horri, kuleroak garbitzen dizkizun ekonomia horri eta oso feminizatua den elkargune bati. Albergaren ideia osoa barnebiltzen du.