Euskaraz "asko", baina "kontuan hartu beharreko ñabardurekin"

Maria Maya Manterola 2024ko otsailaren 15a

Uranga eta Manterola Larrainako kideek aurkeztu zituzten ikerketaren ondorioak. (Maria Maya Manterola)

Interesa piztu duen gai batekin ekin dio Larraina euskara elkarteak aurtengo Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloari: haur eta gazteen euskararen erabilera.

Aurreko urteetan negu partean egin bezala, aurten ere euskara ardatz hartuta zenbait gai izango dituzte hizketagai Zumaian. Larraina euskara elkarteak udalaren laguntzarekin antolatu du beste behin Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa, eta interesa piztu duen gai batekin ekin zioten aurtengoari: haurren eta gazteen euskararen erabilera izan zuten hizpide EHUko irakasle Jaime Altunak, EHUko irakasle eta Larrainako kide Ibon Manterolak eta Soziolinguistika Klusterreko partaide eta Larrainako kide Belen Urangak. 

Euskara taldeko bi kideek herrian egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu zituzten lehendabizi, eta duela bi urteko emaitzak ere azaldu zituzten, eboluzioaren argazki bat egiteko. Emaitza kuantitatibo horien inguruko interpretazioak gehitu zituen gero Altunak, zenbaki horien nolakotasuna eta zergatiak azalduz.

Bildutako datu horiez aritu dira Larrainako kideak hedabide honekin. Urangaren ustez, "datu oso interesgarriak" dira ikerketak eman dituenak, baina horien irakurketan sakondu beharra nabarmendu du. Haren hitzetan, "datu bereziak" bildu dituzte herrian.

Eskola giroan bildu dituzte datuak, Manterolak azaldu duenez: "Garrantzitsua da hori nabarmentzea. Nahiz eta gelan ez izan, eskolaren sarrera eta irteera orduetan bildutako datuak dira, ez dira gazteak kalean doazela bildutakoak". Bestalde, udaleku eremua izan dute aztergai. "Zenbaki altuak dira oro har euskararen erabilerarenak", dio. Urangak erantsi du, gainera, Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako kale neurketaren antzekoak direla bildu dituzten datuak. Adina eta sexua bereizi dituzte ikerketan, eta hor topatu dituzte "sorpresak".

Haur Hezkuntzako 5. maila eta Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailak aztertu dituzte orain bi urteko eta pasa den maiatzeko ikerketetan; azken horretan, DBHko 2. maila ere bai. "Lehen Hezkuntzako 6. mailan zeudenak orain DBHko 2. mailan daude, eta Lehen Hezkuntzako 4. mailakoak 6. mailan. Talde beraren jarraipena ematen dute datu horiek", azaldu du Manterolak. 

Bi ikerketetan zenbaki altuak jaso dituzte Haur Hezkuntzako 5. mailan; haurren % 85 inguruk hitz egiten dute euskaraz. Lehen Hezkuntzako 4. mailan egiten du nabarmen behera zifrak, eta DBHko 2. mailan gora egiten du berriz. «Duela bi urte ere argazkia oso antzekoa zen. Ez dakigu zer pasatzen den Lehen Hezkuntzako 4. mailan, baina egia da gerta daitekeela jaitsiera Lehen Hezkuntzako 2. mailan izatea. Izan ere, lau urteko aldea dago aztertu ditugun bi mailen artean», argitu dute biek ere.

Beherakada horri azalpena emateko zenbait susmo dituzte: gaztelania irakasgaiarekin lehen kontaktua, esaterako. Baina igoera ere handia da gero, eta zergatik igotzen den aztertzea ere garrantzitsua da euskara taldeko kideentzat.

Sexuarekin gertatzen dena aipagarria da, era berean, haien ustez. "Zifrak altuak direnean ere neskek egiten dute gehiago euskaraz: nesken % 84k eta mutilek % 67k", azaldu du Urangak. Dena den, bilakaeran jaso dituzte datu harrigarrienak, alde hori handitu egin delako.

"Neskek gehiago egiten dute euskaraz, eta mutilek gutxiago. Ez dakigu zergatik den hori horrela. Ez dakigu elkar ukitzen ez duten bi mundutan bizi ote diren neskak eta mutilak", dio Urangak. Gainera, 9-10 urte dituztenetik 13 urte dituztenera arte dagoen erabileraren errekuperazio hori neskek egin dute, azaldu dutenez. Hipotesi mailan, eskolek euskara erabiltzeko egiten duten ahaleginak duen eragina desberdina litzateke neskengan eta mutilengan, Urangaren aburuz. Neurtu beharrekoa litzateke, haren hitzetan, ea neskek beren artean soilik hitz egiten duten edo zer gertatzen den.

Sozializazio ereduez

Neskek eta mutilek sozializatzeko dituzten eredu desberdinak egon daitezke datuen dantza horren atzean, baina "ondo eta arretaz" ikertu beharreko gaia da, Urangaren eta Manterolaren hitzetan, "estereotipoak ez indartzeko".

Euskara elkarte batek halako lanak egin behar ote dituen hausnartzen dabiltza azkenaldian. "Larraina martxan jartzeko topaketan kezkak partekatu genituen, eta kezka nagusia zen haurrak geroz eta azkarrago hasten direla gaztelaniaz hizketan. Begiratu beharko lirateke helduen erabileraren portzentajeak", dio Manterolak.

Horrelako ikerketek beste diskurtso batzuk aktibatzeko eduki dezaketen ahalmena garrantzitsua da harentzat, zenbakien dantzaz harago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide