Izenburu hori dauka Pedro Alberdiren saiakera liburuak, Joxe Azurmendiren hitz batzuk gogoan, eta oso egokia iruditu zait 1936ko Gerraren ondorengo garai hura laburbiltzeko. Honela azaldu zuen Pedrok esanahia: "Alegia, Francoren agindupean euskal idazleak, eta euskaldunak, oro har, satorrak baino lurperago ezkutatu behar izan zutela, jauntxoen eta señoritoen burla-terrorismoaren ihesi, klandestinitatean, persegizioagatik behin, eta lotsagatik hurrengo"1. Satorrak lurpean nola, horrelaxe egon ziren ezkutatuta euskara eta euskaldunak, gordeta, isilarazita, eta garai ilun horri helduko diogu.
1936ko Gerrak eta ondorengo Francoren erregimenak eragin kaltegarria izan zuten euskaldunengan eta euskaran. Ordura arte pixkanaka suspertzen zihoan kultur ekimena eta euskararen aldeko lana errotik moztuta geratu ziren, eta euskarak eta euskaldunek debekualdi eta errepresio luze eta bortitza jasan behar izan zuten hurrengo urteetan. Estatuak lehen baino gogorrago heldu zion euskara desagerrarazteko eta ordezkatzeko ahaleginari, berariazko arauekin, eta horren anparoan, gaztelaniaren erabilera eta nagusitasuna indartu egin ziren gurean, batez ere eremu publikoan: gaztelaniaz egin beharra zegoen nahitaez, eta euskara etxerako edo lagunarterako baino ez zen geratu, eta, gainera, horietan ere ezin nahi bezain ozen egin, beldurrez. Erdara sukalderaino sartu zen etxe askotan, eta batzuetan euskararen lekua hartu zuen, ordezkatu egin zuen; zorionez, ordea, beste etxe askotan babestu egin zuten, eta eremu pribatuan (etxean, familian, lagunartean…) eutsi zioten euskarari zumaiarrek.
Gerraren irabazleek (asko euskaldunak, gainera) euskara azpiratu egin nahi zuten, eta euskara gutxiesteko eta desprestigiatzeko ahalegin berezia egin zuten, hizkuntza hegemonikoen ohiko arrazoiekin: euskarak ez zuela ezertarako balio, txakurrei edo animaliei hitz egiteko hizkuntza baino ez zela, atzerapena zekarrela eta modernitatearen aurkakoa zela, baserritarrek hitz egitekoa zela… Zigorrak izan ziren kalean euskaraz egiteagatik, euskarazko izenak erabiltzeagatik; hona hemen adibide bat, Josune Sasiain Manterolak kontatua:
–Amari isuna jarri zioten. Zergatik?
–Balkoitik niri Josune deitzeagatik, euskaraz. Bai etxean, bai kalean Josune deitu didate beti. Nik ez dut behin ere ez Maria Jesus entzun, nortasun agirian izan ezik. Orain, Miren Josune deitzen didate, baita nortasun agirian ere. Periko Trueba epaileak, amari 50 pezetako isuna jarri zion balkoitik Josune deitzeagatik2.
Kasu horixe izan zuen aipagai, hain zuzen, Irene Yeregi Salegik ere, baina, amaieran, zigortzeko benetako arrazoia gaineratu zuen:
–Ba, bi emakumeri ilea zero moztu zioten. Bat Jexuxa Rapa zan eta bestia Paxiegoenekoa. Ilea zero moztu eta kalian ibiliazi ein zituzten.
–Ba al dakizu zergatik?
–Ez. Bat, behintzat, Paxiegoenekoa, ez zan sekula ezertan sartu eta Jexuxa uste det alabari balkoitik kalera, Josune, euskaldun izenez deitu ziolako. Nik uste abertzaliak zialako bengantzak ziala. Ilea zero moztu eta pasian ibiliazteko gehixo ere bazian, lista luzia omen zan, baina agintea zun baten batek hori ebaki ein zun eta bi hauekin bukatu zan dana3.
Bixente Esteibar Azkuek ere gogoan zeukan bere izekorena:
Gogoratzen nauk gure amak esaten zidala Astorkineko txaleta zaintzen zuen gure izeko Garbiñeri ezin izaten ziola bere izenez deitu urrutitik. Kaletik balkoira-edo deitzekotan Purificación!, karraxi egin behar, hi. Bestela multa edo azeite rizino edan behar. Karlistek nahi zutena4.
Gerra aurretik Zumaiako eskoletan gaztelaniaz irakasten zen, dotrina eta beste ezer gutxi zen euskaraz, baina Gerraren ondorenean hori ere ez, eta gaztelaniaz ezertxo ere ez zekiten gaztetxo askok indarrez eta behartuta ikasi behar izan zuten erdaraz. Zumaiako eskoletan, atea zeharkatu orduko gaztelaniaz egin behar zen mertzedarioetan, mojetan, eskola nazionaletan eta auzoetako eskoletan. Hauxe dio Rafael Del Pilar lagunak, Arrangoletako eskolaz:
En clase no se permitía el uso del euskera. Nunca olvidaré las envenenadas palabras de un maestro suplente dirigiéndose a un compañero de clase más pequeño:
'¡¡Catecúmeno!! ¡¡Vocaliza en cristiano o te parto los piños!!'
Para este fascista, hablar en lengua materna era un delito imperdonable5.
Eta Abelin Linazisorok ez zeukan ahazteko mertzedarioetako egonaldia:
Ta han euskeraz berriketan ai nitzala hartu, ta akordatzen nauk nola hartu niñun belarritatikan, esku banakin helduta, altxa, ta horrela eduki niñun txintxilika, eskerrak txikixa ta flakua nitxan, ta oaindikan akordatzen nauk ze soñu ateatzen zun belarriyak, kla-kla-kla, ta hark nahi zian ni nearrez jartzia, baña pentsau nian, ez zuat gustu hori emango, ta ba al dakik zer esan nun? "Earki, bai!" esan nian, ta danak parrez hasi hitxuan, ume danak. Amorrua hartuko zian. Laga niñun lurrian ta segi pupitrea. Hori euskeraz hitz egiteagatik6.
Eta beste adibide hau ere bai:
Pralliak, esaten zien euskera 'Un dialecto del español' zala. Bazekiten zein hitz zian espainolen antzekoak, ta adibidez, '¡A ver! ¿Como se dice barco en vascuence?', ta guk: 'Barkua', ta hark: '¿Ves? ¡Como en español!'; ta '¡A ver! ¿Como se dice tomate?', ta guk: 'Tomatia', hark: '¿Ves? ¿Ves?'. Kabroiak hitxuan7.
Gerraren eraginez, populazio mugimendu handiak izan ziren: herritar batzuek alde egin behar izan zuten, beste batzuk behartuta kanporatu zituzten (adibidez, 1937an, 252 lagun, gehienak emakumeak eta haurrak); 1950-60ko hamarkadetatik aurrera, industrializazioa indartzearekin, fabrikek eskulana behar eta kanpoko jende ugari etorri zen Zumaiara, asko Espainiatik (Extremaduratik, Gaztelatik, Andaluziatik…), eta haientzat etxeak eraiki zituzten Zumaiako bazterreko kale edo auzo batzuetan, adibidez, Jadarren, Arroakalean eta Estazio aldean, eta ordukoak dira, baita ere, Paoleko Casasbaratas; orduan, kanpotik etorritakoen eraginez, lehen euskara baino entzuten ez zen leku batzuetan, gaztelania nagusitu zen. Izan ere, etorkin askok ez zekiten euskara bazenik ere, eta gaztelaniak hainbesteko indarra zeukan, hainbesteko nagusitasuna eta babesa eremu publikoan, euskaraz hitzik jakin eta ikasi gabe ere lasai asko bizi ahal izan ziren.
Frankismoaren urte haietan, udalak erabat gaztelaniaz funtzionatzen zuen. Gerran zer aldetarako joera hartu zuten udal langileek, batzuk saritu eta beste batzuk zigortu egin zituzten, depurazioa ere izan zen. Gerraondoko idazkariak ez zekien euskaraz, eta beste langile batzuek, euskaldunak izanagatik, gaztelaniarako joera handia zeukaten; baina euskaldunen artean euskaraz egiten zuten ahoz; idatziz, berriz, den-dena gaztelaniaz. Horixe baieztatu digu Manuel Azkue Elorriagak, 1944tik 1992ra udal langile izanak, eta herritarrak euskaraz edo gaztelaniaz hartzen zituztela leihatilan.
Euskara ezkutuan zegoen, baina satorra lurrazalera azaltzen den bezala, tarteka bazituen arnasbideak giro itogarri hartan; horren adibide ziren, besteak beste, kantua eta antzerkia. Asko kantatzen zen euskaraz tabernetan, eta halaxe kontatu zigun Abelin Linazisorok:
Garai batian normala huan kantatzia, Zumaixa oso kantaria huan. Gu umiak giñala kantuak aitzen oheratu ta kantuak aitzen lo hartzen ginien. Orduan zenbait kanta itxasokuak hitxuan, La barca de oro, Adios barco de bacalao, Salió de Jamaica-ta, erderaz. Ta euskeraz’e kantatzen huan. Kuadrilla bat huan, Bixente Izkiñena, Aitorren hizkuntza zaharra bertso dan-danak kantatzen zizkien, ta uste diat 10-12 diala, bukaeran "Gora ta gora beti Euskadi ta euskera", ta gu gustoa aitzen. Ta Bar Metro taberna parranderuena huan, azken kantoriak han juntatzen hitxuan, ta guk, anaixa eta bixok, ohetik kantuan aitzen genitien8.
Eta Bixente Esteibarrek berak baieztatu zuen Abelinek esana:
–Garai hartan euskerazko kantak normal kantatzen al zenituzten?
–Bai. Ixildu gabe. Orduak eta orduak. Normalean taberna barruan kantatzen ginien eta gurekin ez huan inor sartzen9.
Antzerkiari dagokionez, indar handia izan zuen XX. mendearen hasieran, batez ere Batzokitik bultzatuta, eta Gerraren ondorenean ere izan ziren antzezle onak eta emanaldi ugari, luistarren lokalean, batik bat10. Begira zer azaldu zuen Jontxu Altzibarrek:
–Antzerkiak nola egiten ziren, euskaraz ala erdaraz?
–Euskeraz noizean behin. Euskeraz gehixo ez ginien eiten frankista hauen kontrolagatik. Hasieran euskeraz hasi gitxuan, baina egun batian etorri huan frankista-karlista hauetako bat, goikoak bialduta izango huan, eta esan zian, ba, alegixa, beaixek ere herrixan zibela eta antzerkixa erderaz eiteko eskubidea zutela. Horren aurrean apaizak bildurtu ein hitxuan eta gauzak okerragora juteko arriskua zeola eta erderaz ere eiten hasi gitxuan11.
Azkenik, garai hartako gordetze edo ezkutatze hori irudikatzeko, hona hemen beste adibide bat. 2019an, Julio Beobideren heriotzaren 50. urteurrenean, lantegi izan zuen Kresala etxearen ateak zabaldu eta haren lanekin erakusketa jarri zuten ikusgai. Beobideren laneko mahaiaren oin baten atzealdean, ezkutuan, hauxe zegoen idatzita: "Marzo. Epaillaren 21an (udaberriaren asiera) lau (4) txana [enara] ikusi nitun". Mahaiari aurrealdetik begiratuz gero, ikuslearen ikuspegitik, ez da idatzia ikusten; atzealdean begiratuz gero, berriz, ezkutuan eta gordea, Beobidek euskara ederrean idatzitako oharra dago. Satorrak lurpean, eta enarak airean, libre.