Nolako herria: elkarrizketak 2024

"Herriko dendek ematen dizuten hurbiltasuna eta konfiantza ez dizute ematen saltoki handi batean"

Aiza Gogenola 2024ko ots. 1a, 09:46

2050ean Zumaia nolakoa izango den jakiteko elkarrizketa bat egin diogu Arritxu Gonzalezi, bereziki herriko merkataritzaren inguruan.



Joera handia daukagu saltoki handietan erosteko. Zergatik dira hain erakargarriak?Gauza guztiak eskura ditugulako, hasteko kotxeak aparkatzeko leku asko egoten da, gainera euria ari badu aterpean saltokien azpian; erraztasunak ematen dituzte joateko eguraldi txarra ari badu, kalez kale ibili beharrean, bertatik bertara eskura duzu dena saltoki handiak direlako. Oso ondo pentsatuta daude jendeak kontsumitzeko.

Internet bidez ere gero eta gehiago erosten dugu. Zergatik? Zer abantaila du horrek herriko dendan erostearekin alderatuta?
Nik uste dut engainatuta gaudela pentsatzen dugulako prezio hobeak aurkitzen ditugula herriko denden aldean, baina askotan ez da horrela izaten. Baina adibidez behar dituzun gauza batzuk agian herriko dendetan ez dituzunak bilatuko dituzu edo oso gauza bereziak internet bidez zure etxeko sofatik erosten dituzu, eta gainera adibidez Amazonetik agian hurrengo egunerako zure etxeko atarian duzu. Abantaila handiena azkartasuna eta erosotasuna dira.

Indargunerik edo bereizgarririk ba al du herriko merkataritzak saltoki handien edo online salmentaren aldean?
Bai, herriko dendek ematen dizuten hurbiltasuna eta konfiantza ez dizute ematen saltoki handi batean. Hemen, Zumaian, asko ezagunak izanda, agian duda duzu erosi berri duzun jertsea zuk nahi dituzun galtzekin ondo geratuko den, horrelakoetan etxera eramateko esaten dizute eta lasai probatzeko edo ordainketekin agian dirua ez zaizu iristen edo txartela ahaztu eta geroago pasatzeko aukera ematen dizute. Konfiantza asko ematen dute.

Zure iritziz, herrietako merkataritza beharrezkoa al da? Zergatik? Zer ekarpen egiten dio herriari?
Dudarik gabe, Puntanuetako etxe azpietan, adibidez, Otezuri kenduta taberna dagoelako, beste guztietan ez dago ezer, auzo hura hilda dago. Merkaritzak bizia ematen dio kaleari, jendea, dendetako argiak, edo erakusleihoetako gauzek.

Zer egin daiteke herriko merkataritza indartzeko saltoki handien eta online salmentaren aurrean? Zer botatzen duzue faltan, zer hobetu beharko litzateke?
Nik uste dut gaur egunean merkatariek denda bat zabaltzeko duten arazorik handiena zure lokala ez bada errentan asko ordaindu behar duzula eta asko saldu behar duzu soldata bat atera, alokailua eta beste hainbat gastu ordaintzeko. Orduan udaletxeak edo Eusko Jaurlaritzak gazteei etxetik joan ahal izateko diru laguntza ematen duten bezala edo alokailuaren erdia ordaindu edo horrelakoak, agian horrelako zerbait pentsatu beharko litzateke herriko merkataritzari laguntzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide