Joera handia daukagu saltoki handietan erosteko. Zergatik dira hain erakargarriak? Saltoki handietan, denetik daukagulako; bai janari dendak, arropa dendak, zapata dendak, etxerako gauzak… Dena aurkitzen dugu elkarrekin eta leku batean, dena batera aurkitzea oso erosoa iruditzen zaigu. Gainera nik horretarako ikerketak eginda daudela pentsatzen dut, denak hara joan eta han egoteko. Horregatik pentsatzen dut direla hain erakargarriak.
Internet bidez ere gero eta gehiago erosten dugu. Zergatik? Zer abantaila du horrek herriko dendan erostearekin alderatuta?
Adibidez, internet bidez, igande arratsalderen baten beti bezala mugikorra esku artean daukagunean, etxetik erosketa egitea oso erosoa da, prezioak alderatzen ditugu eta gero gainera egun gutxitan edo kasu askotan hurrengo egunean, etxean izaten ditugu. Nik ikusten diodan erosotasuna hori da.
Indargunerik edo bereizgarririk ba al du herriko merkataritzan saltoki handien edo online salmentaren aldean?
Bai, nik baietz pentsatzen dut. Adibidez, denda txiki batera joaten zarenean, produktuak eskura dauzkazu: usaindu egiten dituzu, ukitu… eta azkenean online erosten dituzunean zuk ez dakizu zein materialekin egina dagoen produktu hori eta agian eskasa da. Denda batean aldiz, dendaria laguntzen saiatzen da eta zein produktu dituen azaltzen du. Nik pentsatzen dut, gaur egun denda txikietan online erosteari kontra egiteko era bakarra kalitatea erabiltzea dela. Onlineko salmentetatik desberdintzeko kalitatea eduki eta produktu ona saltzea.
Zure iritziz, herrietako merkataritza beharrezkoa al da? Zergatik? Zer ekarpen egiten dio herriari?
Bai, nire ustez beharrezkoa da merkataritza herrian edukitzea, azken finean herriari bizia ematen diolako, herriko merkataritzarekin kaleak bizirik daude eta bertako dendetan dagoen jendea zumaiarra da edo herriko jendea da eta horrek ere, aberastasuna ekartzen du, hurbiltasuna… eta horregatik onuragarria da dendak edukitzea.
Zer egin daiteke herriko merkataritza indartzeko saltoki handien eta online salmentaren aurrean? Zer botatzen duzue faltan, zer hobetu beharko litzateke?Saltoki handi eta online salmentaren aurrean indartzeko zaila ikusten dut gaur egungo egoera. Gazteak ez dira herriko dendetan sartzen. Ni hogei urtez izan naiz dendaria eta gazte jendea oso gutxi sartzen da dendetara, ez daukate ohiturarik. Kasu batzuetan ere, baleak egonda “zertarako?, nik ez dut horko ezer behar” eta askotan denda txikietan sartzeak beldurra ematen digu garestia dela pentsatzen dugulako, eta galdetu ere egin gabe zuzenean merkataritza zentro komertzial handi horietara jotzen dugu edo internetera, herrian zein produktu ditugun galdetu ere egin gabe. Ni Zumaiako dendari elkartean egon naiz urte askoan eta gauza asko egin izan ditugu pixka bat sustatzeko, erosketara animatzeko, eta pandemiak ere ez zigun batere lagundu, dendari elkartekook etxean egon behar izan ginen eta online salmentek ere aurrera jarraitu zuten eta horren ondorioz, online salmentak gorakada handia izan zuen eta erosteko ohituran aldaketa handia izan zen. Lehen ere prozesua aurrea zihoan, baina pandemiarekin kolpe handia eman ziguten dendarioi. Nik azken finean, gazte guztiak animatuko nituzke gutxienez dendetan galdetzera, dendetan sartzeagatik ez da kobratzen, gogoarekin dagoen jendea dago bertan lanean, erakusteko prest, bakoitzak bere sektorean esperientziarekin… Ni orain, beste aldean nabil lanean eta orain ikusten dut zenbat pakete iristen diren. Gero gauzak bueltatzerako orduan ez duzu bueltatzeko zenbakirik, adibidez Txinara bueltatu behar duzu eta diru asko ordaindu behar da, azkenean dirua galtzen zabiltza; produktu bat erosi eta ez zaizu gustatzen online oso polita ikusi delako baina gero oso eskasa delako, orduan bueltatzeko garaia iristen da, ordaindu egin behar duzu eta jendeak ez diola konpentsatzen pentsatzen duenez etxean uzten du eta dirua alferrik galtzen. Laburbilduz, nik gazte denak animatuko nituzke dendetara sartu eta galdetzea, herria bizirik egoteko.