Nolako herria: elkarrizketak 2024

"Ematen du abantaila dela mundu osoko eskaintza guztia eskura edukitzea, baina nik ez dut uste abantaila bat denik"

Ximun Berriozabal 2024ko ots. 1a, 10:28

Mendi Gorostiaga elkarrizketatu dugu gaur egungo erosketa sistemei buruz bere iritzia edukitzeko.

Joera handia daukagu saltoki handietan erosteko. Zergatik dira hain erakargarriak?
Alde batetik beraien antolaketan hori bilatzen dute: nola aurkezten dituzten produktuak, zenbat produktu dauden, nolako eskaintzak egiten diren… Baita ere kulturalki eta batez ere Estatu Batuetako kulturatik eratorrita baino pelikuletan eta agertu zaizkigun irudi zoragarri eta bizimodu fantastikoekin lotuta ere kultura bat ere zabaltzen da, eta jendearen erosotasuna edo hala diote. Ez dakit zer puntutaraino den erosoa, ez dakit zenbat kilometrotara joatea erosketak egitera baina bueno, kotxearekin joan eta dena erosteko aukera, horrelako gauzak dira jendeari erakargarria egiten zaiona. Eta gero normalean baita ere gehitzen dituzte aisialdiko ekintza desberdinak:umeentzako jolasak, zineak, tabernak eta bueno pixka bat mundu txiki bat eraiki dutelako.

Internet bidez ere gero eta gehiago erosten dugu. Zergatik? Zer abantaila du horrek herriko dendan erostearekin alderatuta?
Nik esango nuke ez daukala abantailarik. Beste kontu bat da gaur egun jendeak abantailatzat ematen dituen hainbat kontu egon daitezkeela hor erdian, baina ez dakit benetan abantailak diren edo ez. Hau da: nire konsumoa justu nik nahi dudan hori konsumitzeko moduan ez dakit abantaila bat den, psikologikoki ez zait iruditzen oso osasungarria denik justu nik nahi dudan kolore, forma, testura, tamaina, ezaugarri dituen hori erosteko beharra izatea, edo bueno antzerako objetu edo elementuekin konpontzen ikastea. Ematen du abantaila dela mundu osoko eskaintza guztia daukazula eskura, baina nik ez dut uste hori abantaila bat denik baizik eta azkenean sortzen du zure beharretara doitu behar den objetu hori izateko behar handi bat eta hori ez da sanoa.

Indargunerik edo bereizgarririk ba al du herriko merkataritzak saltoki handien edo online salmentaren aldean?
Iruditzen zait erosketarekiko estres maila jaitsi egiten dela. Aukeraketa logiko bat da begi bistan dituzun produktuen artean aukeratzen duzu baina horrek eskatzen du herrian dagoen eskeintza minimoki duina ezatea.  Irabazten duzu  pertsonekiko harremana, irabazten duzu nolabaiteko erosketa arrazionalagoa,  eta gero maila indibidualetik aterata irabazten duzu kaleko eta herriko ongizatea, beste pertsona batzuk ere bere ogibidea atera ahal izatea eta batez ere kutsadura eta mugikortasun horrek, kasu honetan merkantzien mugikortasunak areagotzen duen kutsadura ekidin egiten duzula.

Zure iritziz, herrietako merkataritza beharrezkoa al da? Zergatik? Zer ekarpen egiten dio herriari?
Bizitza ematen dio. Alde batetik bertatik edo merkataritza hortatik bizi den jendea bizirauteko aukera, beste aldetik kaleak bizirik egotea, azkenean merkataritzak ere sortzen du zati handi batean jendearen elkarbizitza hori kalean eta gero eskaintza egon ahal izateko baldintza, hau da derrigorrezkoa da jendeak merkatalgune edo herriko merkataritzan erosketak egitea, herrian merkataritza egon eta beraz zuk merkataritza horretatik erosketak egiteko aukera edukitzeko.

Zer egin daiteke herriko merkataritza indartzeko saltoki handien eta online salmentaren aurrean? Zer botatzen duzue faltan, zer hobetu beharko litzateke
Oinarri-oinarrian ez dugu ezer eskatu behar bereziki inondik. Oinarri-oinarrian jendearen kontzientzia behar da. Kontzientziazioa beti eskatzen dugu norbaitek egin behar duela baina nolabait guri dagokigu, norberak izan behar du nahiko kontzientea ikusteko bere kontsumo ohiturek zer eragin egiten duen eta beraz zein den kontsumo ohitura egokia eta zein ez. Hortik aurrera, merkataritza gune handiei oztopoak jartzea iruditzen zait pauso bat dela eta askotan alderantziz egiten dira, hainbat kontutan lagundu. Nik oztopoak jarriko nituzke alferrikako garraioaren erabileran, batez ere garraio indibidualaren erabilera eta herriko merkataritza suspertzeko nik uste dt hori jadanik badagoela; hau da, herriko merkataritza suspertzeko eduki behar dugu merkataritza duin bat, jendearekiko harremana eraikitzen duena, ziurtasuna ematen dizuna, zaindua dena eta hori jadanik badago, arazoa ez da merkataritza herrietan gaizki dagoela, baizik eta jendeak ez daukala kontzientzia edo erosotasun indibiduala jartzen dugula beste edozer gauzaren haurretik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide