Ez da bateriaren danbatekorik entzuten, ezta gitarren riffik ere. Lekuaren izenari so eginez oximorona badirudi ere, elkarrizketa egiteko hitzartutako arratsaldean isiltasuna da nagusi Jurgi Taboadak Patxita Etxezarreta kalean 2021eko udazken hasieran zabaldu zuen Ozen Estudioan. "Otsailetik abenduko zubira arte asteburu bakarra izan dut libre. Bestela, arratsaldero eta astebururo etorri naiz hona taldeak grabatzera", kontatu du Zarautzen jaio baina 8 urterekin Oikiara bizitzera joandako Taboadak.
Garaje-ate arrunt batetik sartzen da haren estudiora, eta intsonorizatutako bi espaziotan banatuta dauka: bat grabazio gela da, bestea kontrolekoa. Baxu eta gitarra elektriko bana ditu azken gela horretan. "Pentsa, gitarrista izan naiz beti, baina orain ez dut gitarra inoiz jotzen. Taldeek beraiena baino instrumentu hobea behar badute daukat hau hemen", azaldu du hainbat taldetan gitarrista aritutako musikariak. 2023an izan duen atseden une bakarretakoan hartu du denbora Baleikerekin hitz egiteko. Oraingoz, hobbytzat hartzen du Taboadak estudioko lanketa, baina lana ere bihurtu da denborarekin. Gustukoa, baina lana. Horren adibide da hurrengo uda hasierara bitartean agenda betea duela dagoeneko.
Ozen Estudioan gaude, zure estudioan. Noiz eta nola okurritu zitzaizun grabazio estudio bat irekitzea?
Musikarekin lotura handia izan dut betidanik. Talde batzuetan jo izan dut gitarra, eta aspalditik daukat estudioaren zaletasun hori; aurreneko maketa grabatu genuenetik, esango nuke. Jijasek [Igor Gutierrez] Paolaldean zuen estudioan sartu ginenean, hor ikusi nuen [alde teknikoa] gustatzen zitzaidala; trantsizioa orduan hasi zen. Grabazioan gitarra jo eta berehala nahasten hasten nintzen. Denbora gehiago pasatzen nuen ekualizatzen eta konprimitzen, gitarra jotzen baino. Azkenean, trantsizio hori naturalki gertatu zait. Talde batzuek deitzen zidaten zerbait grabatu nahi zutenean, modu xume batean, diru askorik gastatu gabe, beraien lokaletara joanda. Orain bi urte eta erdi inguru sortu zitzaidan lokal hau hartzeko aukera. Pentsatu nuen orduan egiten ez banuen ez nuela inoiz egingo. Animatu egin nintzen, 2021eko udan obra egin nuen, eta urte hartako irailean lehen taldea sartu zen.
Zu beraien lokaletara joatetik, beraiek zure lokalera joatera pasatu zara.
Bai, erosoagoa da orain!
Lehen ere grabatzen zenituen taldeak. Horman zintzilikatuta dituzun disko batzuk estudioa zabaldu aurrekoak dira. Marlik-ena, esaterako.
Marliken lehen biak [Marlik, 2017; Azaletik ezabatu baino lehen, 2020] Uxategian grabatu genituen. Bigarrenaren grabazioan pandemiak harrapatu gintuen, eta nire etxean bukatu genuen. Toilet Warriors-en eta Breaking Brokkoli-ren diskoak, esaterako, beraiek grabatu zituzten, eta gero, nik, pixka bat txukundu nituen; nahasketak ere nik egin nizkien. Estudioaren ideia honek etorri beharra zuen: ikusten nuen bidaltzen zidaten materiala soinu kalitate aldetik nahiko eskasa zela, eta nik grabatuko banitu prozesu guztiaren kontrola izango nukeela. Ez naiz garestia, eta pixka bat gehiago ordainduta, material hobea lor zezaketen. Lekua akustikoki landuta dago, eta kalitate aldetik hobea da. Niretzako hau hobby bat da, baina azkenean elur bola bat sortu da, eta espero nuena baino lan gehiago izan dut.
Edozein lokalek ez du balioko grabazio estudio bilakatzeko.
Bilatzen nuena zen herri barruan egotea eta gainean etxebizitzarik ez edukitzea –ez nuen nahi bateria grabatzen hasitako aurreneko asteburuan kexak jasotzea–; ez nuen baserri batera joan nahi, adibidez. Goian Kabi taberna dago, baina ez diogu elkarri molestatzen: berak bere intsonorizazioa du, eta nik, nirea. Lokal hau ondo dago; txiki samarra da, baina hasteko konforme naiz.
2021eko irailean sartu zen lehen taldea estudiora. Gogoan al duzu zer talde izan zen?
Ithaka izan zen, Orioko eta Zarauzko kideez osatutako taldea. Oraintxe atera dute lehen diskoa [Biluzten, 2023], Urtzi Izarekin grabatuta. VillaSoundBilbao lehiaketa irabazi berri dute. Asko ari dira jotzen; asteburu honetan [abendu erdialdera egin zen elkarrizketa] Kordoban (Andaluzia, Espainia) ibili dira jotzen, Belakorekin. Bada, horixe izan zen hemen grabatu zuen lehen taldea.
Ez al dizu penarik eman zurekin hasitako talde bat beste estudio batera joateak?
Ez. Ithakarena lehen grabazioa izan zen; beraiek hazi egin dira, eta ni ere bai. Neu ere ez naiz ari orain azpi-azpiko taldeekin lanean. Julen Garciarekin ari naiz, Jaime Peinado zarauztarrarekin ere bai, Oihanarekin [Rodriguez, Akaleia]... Koskak pixkanaka igotzen noa, eta estudioaren cachea ere handitzen doa. Deitzen dizuten taldeak ere pauso bat gorago daude. Nabaritu dut hori. Ithakakoei mezu bat bidali nien esanez asko gustatu zitzaidala beraien diskoa. Lan falta izango banu agian pena emango lidake, baina ez da kasua.
"Talde gehienak oso urduri etortzen dira estudiora. Hau azterketa bat da beraientzako"
Denbora tarte txikian talde ugari pasatu dira hemendik. Askorentzako lehen esperientzia izango zen grabazio estudio batean.
Aurrekonturik gabe, instrumentu eskasekin, musika egiteko behar den esperientzia askorik gabe... Denok hasi ginen horrela; nire lehen maketa entzuten dudanean lotsa ematen dit.
Nola hartzen dituzu?
Gehienak oso urduri etortzen dira. Hau azterketa bat da beraientzako: bakarrik jartzen ditut hor barruan [grabazio gelan], metronomoarekin, klik-klak klik-klak, eta hor demostratu behar dute badakizkitela abestiak. Hasi aurretik talde batzuk esaten dute urduri daudela, ez dakitela behar adina entseatu duten. Esaten diet lasai egoteko, disfrutatzeko, estudioan gertatzen dena estudioan geratzen dela, eta jotzen badakite, ondo, eta ez badakite, zerbait egingo dugula. Sufritzera badatoz, alferrik izango da. Jendea beldurrarekin etortzen da; bigarren edo hirugarren aldiz datozenean, orduan ez, baina hasieran, bai.
Zeuk esan duzu, leiho baten bestaldean egoten dira, bakarrik...
Hori da okerrena. Batez ere bateria eta baxuak grabatzerako orduan. Ez dute laguntzeko ezer, eta gu hemen gaude, entzuten gaizki egiten duten hori. Beraientzat azterketa purua da. Saiatzen naiz giroa arintzen; lasai egoteko esaten diet, zatika grabatuko dugula.
Psikologo lan pixka bat egitea ere tokatzen zaizu, beraz.
[Barrez] Bai, bai, psikologoa izatea ere tokatzen da. Behin ikusten dutenean grabazioa itxura hartzen ari dela, ahotsa sartzean ondo entzuten dela... hor emaitzak ikusten joaten dira. Beraiek bezala, neu ere hobetzen joan naiz. Lehenengo grabazioetan ez nekien gelak zer soinu zuen ere, edo mikrofonoen posizio perfektua zein izan zitekeen. Pixkanaka hobetzen zoaz, ikasten. Lehen grabazioekin alderatuta, oraingoek soinu hobea dute, apenas prozesatzen ditudan.
Lortu nahiko luketen soinu baten ideiarekin etortzen dira taldeak? Edo hori zure esku uzten dute?
Eskatu egiten diedan zerbait da, erreferentzia komertzial bat ematea, alegia. Baina errealista izanda, noski, inoiz ez dira helburu horietara helduko: beraiek ez dira musikari horiek, ez dituzte instrumentu berak, eta ni ere ez naiz disko hura nahastu zuena. Baina inguru horretan ibiliko gara, eta garrantzitsua da hori.
Errealistak al dira?
Batzuetan, espektatiba baxua izaten dute. Azkena Bikabirekin gertatu zitzaidan: beraien musika entzun nuen, punk rock indartsua zen, Berri Txarraken ukituekin, metal ukituekin ere bai. Erreferentzia bat eskatu nien, entzun genuen, eta esan nien erreferentzia gisa emandako disko hark maketa bat zirudiela. Nire ustez soinu ona zuten erreferentzia batzuk jarri nizkien, gustatu zitzaizkien, eta asko hurbildu ginen. Jendeak, ondo grabatuta edo ondo nahastuta dagoen zerbait baino, beraiekin konexioa duen talde bat eskatzen dit. Askotan gertatu zait hori.
Akordio batera heltzen al zarete? Azken finean, beraien zerbitzura jarri behar duzu...
Ego kontu hori aspaldi utzi nuen alde batera. Lehen bai, lehen borrokatzen nuen: bezeroak esaten bazidan egokia iruditzen ez zitzaidan zerbait egitea, hor borrokatzen nuen. Orain, ez. Beraiek ordaintzen dute, eta ahotsa altuagoa nahi dutela? Bada, niretzako ondo badago ere, pixka bat igoko dugu. Emaitza, diskoa, beraiena da, ni bitartekari bat besterik ez naiz. Beraiek egon behar dute pozik.
"Abestiak sortzaileen umeak dira, baina kanpotik entzuten ditugunok beste ikuspuntu bat izaten dugu"
Ekoizle edo grabazio teknikari handien kasuan esan ohi da beraien soinu propioa izaten dutela, edo nahi izaten dutela, behintzat. Akaso gehitxo esatea da zure kasuan.
Egia da hori. Niri talde bat etortzen bazait esanez ez dakit zer nahi dutela, eta nik ikusten badut ez naizela ondo mugitzen beraiek nahi duten estilo horretan, ahal dudana egingo dudala esaten diet, baina agian hobe dutela beste teknikari batekin lan egin. Eta alderantziz. Niri soinu modernoa asko gustatzen zait, gaur egungoa, gogorra dena, eta etortzen bazait talde bat esanez zerbait zikina nahi dutela, ez naiz hain gustura egongo, eta ez diot taldeari aterako ahal dudan guztia. Hori hasieratik esaten diet. Pare bat proiektu joan zaizkit horregatik, esan diedalako nahi duten hori lortzeko pertsona egokiagoak badaudela. Beste teknikari batzuen kontaktuak ere pasatu izan dizkiet nik.
Grabatu izan al duzu gustuko ez duzun talderik?
Bai, baina beti saiatu izan naiz helduleku bat aurkitzen; beti dago zerbait. Punteatze bat, kantaren zati bat, melodia edo lelo bat. Horiei heldu eta horiekin lan egiten dut. Talde batzuk beste batzuk baino gehiago gustatuko zaizkit, baina, beti ere, barrera bat jartzen saiatzen naiz. Bestela, ez bazait gustatzen, ez dut landuko behar nukeen adina, eta asko gustatzen bazait, gehiegi landuko nuke, abestiak behar duena baino gehiago. Saiatzen naiz objektiboa izaten eta abestietatik deskonektatzen.
Gainera, nahasketa-teknikari baten klaseak jasotzen ari naiz. Espainia mailako onenetakoa da, Luis Fonsi eta Quevedorentzako lan egiten du, eta bere klaseak online hartzen ari naiz. Bere laneko metodoa erabiltzen ari naiz, eta gero eta isiltasun handiagoarekin egiten dut lan. Hark hiru segundo entzuten ditu, eta analizatu duen hori isiltasunean prozesatzen du, buklean eduki gabe. Horrek laguntzen dizu kantari gehiegi ez lotzen, eta lana azkarrago egiten; ez biziatzen kantarekin. Objektiboagoa eta kritikoagoa izaten laguntzen du.
Kanta bat gehiegi landu eta tratatzeko arriskua badago, hortaz.
Noski, perspektiba galtzeko arriskua. Sortzaileen kasuan, batzuetan aberasgarriagoa da kanta bat bukatu duzunean ekoizle bati bidaltzea. Hark kanta fresko bat entzungo du lehendabizikoz, eta segituan esango dizu zer dagoen soberan eta zer falta den. Lau txorakeria egin eta niri pasako dit abestia, eta nik nire ukituak jarriko dizkiot. Eta masterra egitera bidaltzean, hango teknikariarekin, berdin. Azkenean, lauzpabost laguneko talde bat izango duzu, eta bakoitzak bere gatza eta piperra emango dio. Dena zuk egiten baduzu, objektibitatea galtzen duzu. Ulertzen dut artisten ikuspuntua: abestiak beraien umeak dira, eta topera mimatu nahi dituzte. Baina kanpotik lehen aldiz entzuten ditugunok beste ikuspuntu bat izaten dugu. Kanta batzuk asko prozesatzea ondo dago, eta beste batzuk, ez. Beti ere, kantak behar duena eman behar zaio.
"Munduko bozgorailu onena izan dezakezu, baina gela ez badago ondo tratatuta ez duzu ondo entzungo"
Ez da gauza bera izango lau abestiko EP bat grabatzea edo zortzi-hamar kantako disko bat, baina, batez beste, zenbat denbora tardatzen duzu talde bat grabatzen?
Rock estandarreko taldea denean (bateria, baxua, gitarrak, ahotsa), disko bat 15 bat egunetan grabatzen dut. Zortzi bat abestiko disko batek epe horretan amaituta egon beharko luke, nahasketak barne.
Agian kondaira izango da, baina disko mitiko batzuk egun bakarrean grabatu dituztela diote...
Nik ezingo nuke, talde osoa ez delako sartzen grabazioko gelan. Nik banaka grabatu beharko nuke kide bakoitza. Talde bat batera grabatzea badago, baina arazo bat badu, eta da gero ezin duzula grabatutakoa editatu. Taldekide batek huts egiten badu, berriro hasi behar dira, eta oso preparatuta ez badatoz, 15 egun horiek baino gehiago beharko lituzkete. Banaka sartzen badira, berriz, akats txiki horiek konpon daitezke.
Abesti beraren ehun hartze egitearen aldekoa zara? Edo lehenengoarekin gustura sentitzen zarenetakoa zara?
Lehenengoa ere ez, baina saiatzen naiz soinuak eta ideiak aldez aurretik finkatzen; ez dut uste akatsak nahasketako mahaian konpondu daitezkeenik. Ez naiz, ezta ere, hogei mila hartze egiteko zalea. Are gehiago: hartze horiek ez ditut gordetzen. Gaizki atera dela? Bada, ezabatu. Ondo atera dela? Hori gordeko dut. Etorri diren talde batzuek hartze askorekin lan egiteko gogoa izaten dute: ahots zati bat hartu batetik, bestean txertatu, eta gero puzzlea egin. Baina piezak ez dira ondo sartzen, eta lardaskeria bat egiteko arriskua egoten da.
Perfekzionista zara...
Oso.
... beraz, amaierako emaitzan ez da sartzen akats txikienik.
Ez, ez. Akats hori entzuten badut konpondu egingo dut. Gainera, geroz eta denbora gehiago pasatu hemen, afinazio falta bat edo halakoren bat entzuten badut, nerbioso jarriko naiz. Konpontzeko beharra izango dut.
Teknologiaz hitz egin dezagun: bi pistako grabagailu analogikoa duzu, baita 16 pistako grabagailu digitala ere, eta baita sareetan erakutsi izan dituzun bestelako aparailu batzuk ere. Behar-beharrezkoa al da hainbeste tresna izatea soinu on bat lortzeko?
Asko erosten dut bigarren eskuko merkatuan. Ekipo bat izateko gogoa dudanean begira ibiltzen naiz, eta merke aurkitzen badut, erosi egingo dut, estudioari kalitatezko salto bat emateko. Egia da aurten [2023agatik] dezente inbertitu dudala. Estudioaren cachea igo nahi nuen, eta horregatik erosi dut ekipo bat. Hala ere, gelaren akustika berak du garrantzia handiena. Munduko bozgorailu onena izan dezakezu, baina gela ez badago ondo tratatuta, ez duzu ondo entzungo. Gero, mikrofonoetan eta bozgorailuetan igartzen da asko, eta hor asko inbertitu dut.
Teknikariok erabiltzen duzuen erreminten arten Autotunea dago. Aldeko eta kontrako iritzi asko ditu...
Niretzako erreminta bat da. Erabiltzen dut, bai, baina efektu bezala ez hainbeste. Ez zait gustatzen entzutea artefaktu hori, baina estilo batzuetan nahasketak egiteko ere erabiltzen dut. Kanta akustikoetan, edo rockean, eskuz egiten ditut afinazioak, notaz nota, igarri gabe afinatu duzula. Estilo batzuetan, berriz, elektronikan-eta, eskatu egiten dizute Autotunea erabiltzea. Afinatzeko parte hori grabazio prozesuaren parte bat da. Niri, gainera, gustatu egiten zait. Aurretik zegoena eta ondorengoa konparatzen dituzu eta, buah, 'magia egin dut!', pentsatzen duzu. [Barrez hasi da]
Analogikoa edo digitala? Batzuek diote analogikoaren soinua benetakoa dela, eta digitalean, berriz, 1ak eta 0ak igarri egiten direla.
Erromantizismo handia dago hor. Aparailu analogikoek onak izan behar dute soinu ona edukitzeko, eta aparailu onek diru asko balio dute. Asko diodanean, asko da, benetan asko. Gaur egun, munduko handienak, Ariana Grande, Bruno Mars... denak ordenagailuan nahasten dira. Grabazioa bai, ekipo analogiko onekin egiten da, baina horixe, grabazioa bakarrik. Gero ordenagailura eramaten da. Gaur egun aldaketa asko eskatzen dira, niri ere gertatu izan zait, eta gero eta artista handiagoa izan, are eta gehiago, presio handiak izaten dituzte eta. Analogikoan egingo bagenu, bilatu beharko genuke botoi guztiak nola zeuden egun edo saio jakin hartan. Eta sei talderekin lanean ari bazara, hori ezinezkoa da. Orain, digitalarekin, lor dezakegu soinu hori ordenagailuan. Orain bertan, teknikari handienek, ordenagailuan bakarrik egiten dute lan.
Ekoizle edo soinu ingeniari bezala, ba al duzu modelorik?
Nik nire faboritoak baditut, baina mundu mailako top 3an ez daude. Topa beste gauza bat da, zenbakiek hala diotelako: Grammy sari gehien dituztenak, stream gehienak, eta top horretan Serban Ghenea dago. Lan egin duen artisten zerrenda ikusten duzu eta han daude Taylor Swift, Ariana Grande, The Rolling Stones, The Weeknd... irratian entzuten dituzun guztiak. Céléa ere asko gustatzen zait, rockera gehiago zuzenduta dagoelako. Baina jainkoa, gaur egun, Ghenea da. Bera da jarraitu beharreko adibidea.
Irratirik entzuten al duzu modan zer soinu dagoen atzemateko?
Geroz eta musika gutxiago entzuten dut hemendik kanpo. Denborarik ere ez dut izaten. Nire lana daukat, nire familia, eta dudan denbora librea hemen pasatzen dut. Kotxean sartzen naizenean, jendeak irratia entzuten duen horretan, nik nahasketak berraztertzen ditut. Bai, Serbanen zerrenda aztertzen dut, egiten duena ikasten saiatzeko. Bestela, dagoen panorama ez dakit zein den. Etxean ere saiatzen naiz deskonektatzen. Orain nahiko libre nabil, baina egon da garaia lau diskorekin batera ari nintzela lanean: bat grabatzen nuen bitartean, bestea nahasten nenbilen, bestea editatzen, eta hurrengoa berraztertzen.
Estudioa zabaldu zenuenean espero al zenuen halako erantzuna izaterik?
Inondik inora ere ez. Pentsatzen nuen nire lagunak, Marlik eta beste talde batzuk grabatuko nituela, eta listo. Horrekin gustura egongo nintzateke. Talde bateko kide batek esan zidan: "Zure estudioak Zumaiako musikari bizitza eman dio". Egia da Zumaiako talde pila bat pasatu direla hemendik, eta Zumaiakoak ez direnak ere bai. Durangoko Azokan nik grabatutako sei disko kontatu nituen. Pentsatzen nuen pare bat disko aterako nituela, eta geratzen zen denboran tontoarena egiten arituko nintzela. Bada, ez dut denborarik izan tontoarena egiteko ere.
