Joera handia daukagu saltoki handietan erosteko. Zergatik dira hain erakargarriak?Erosketa guztiak bertan egin ditzakegulako. Adibidez, elektrogailuak, kirol ekipamendua, elikagaiak edo zinea. Erosoa da.
Internet bidez ere gero eta gehiago erosten dugu. Zergatik? Zer abantaila du horrek herriko dendan erostearekin alderatuta?
Interneten eskaintza anitz aurkitu ditzakegulako. Preziorik edota zerbitzurik onena aurkitu dezakegu. Honek komertzioaren kontra jokatzen du. Komertzio txikiak ezin baitu komertzio handiekin konpetitu, gainera bolumen txikiagoan saltzen dute eta zuzeneko arretarako lokal fisikoa eta dendariak behar dituzte.
Indargunerik edo bereizgarririk ba al du herriko merkataritzak saltoki handien edo online salmentaren aldean?
Indargune bezala, herriko bati erosten ari zara. Herrian bertan ari zara dirua uzten. Bestalde komertzio txikiak momentukotasuna dauka, presazkoa bada bertan izango duzu. Azkenik, produktua ukitu edo probatu dezakezu.
Zure iritziz, herrietako merkataritza beharrezkoa al da? Zergatik? Zer ekarpen egiten dio herriari?
Komertzio txikiek herria bizirik mantentzen dute. Tabernak, dendak, okindegiak, supermerkatuak, denek herriari eta inguruari bizitza ematen diote. Sozializaziorako eta mugitzeko baliabide dira.
Zer egin daiteke herriko merkataritza indartzeko saltoki handien eta online salmentaren aurrean? Zer botatzen duzue faltan, zer hobetu beharko litzateke?
Zumaia turismoak erakarritako herri bat dela jakinik, nik uste dut eskaintza aldatzen joan beharko ginatekeela. Jada, Internetetik erosten diren produktu askok ez du etorkizun handirik komertzio txikian. Ostaleritzan, elikagaietan, gastronomian, kulturan, horietan zentratu beharko ginateke. Zerbitzuek Interneten konpetentziarik ez izateaz gain enplegua sortzen dute: kafe bat, ogi barra bat, antzerki bat, surf ikastaro bat, kontzertu bat tabernan, mobilari pantaila aldatu…momentuan kontsumitzen diren gauzak dira. Horrelako zerbitzu eta produktu gehiago eskaini ditzake Zumaiak.