Zumaia Cuban Boxing taldeko Mady Diame eta Eliezer eta Jared Chavarria anaiak Euskadiko Boxeo Txapelketara sailkatu dira. Gipuzkoako txapeldun izendatu dituzte hirurak norbere kategorian, eta, orain Arabako eta Bizkaiko boxeolari onenen aurka aritu beharko dute. Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian jokatuko dituzte finalaurrekoak datorren apirilaren 13an, larunbata . Finalak, berriz, hurrengo astean jokatuko dituzte, apirilaren 20a, Zamudion (Bizkaia).
Bada, Eliezer Chavarriak zuzenean jokatuko du apirilaren 20ko final hori, zozketan hala erabakita. Gipuzkoako Txapelketarik ere ez du jokatu, gainera, bere kategoriako boxeolari bakarra baitzen lurraldean. Hori horrela, iaz eta 2022an lortutako garaipenak errpikatzen ahaleginduko da, hirugarren urtez jarraian Euskadiko txapeldun izateko. Gazte mailako 75 kilo azpiko kategorian arituko da.
Jared anaia ere zuzenean sailkatu da Euskadiko Txapelketara, baina apirilaren 13ko finalaurrekoak jokatu beharko ditu. Hodei Estevez gasteiztarra izango da haren aurkaria, hain justu ere. Junior mailako 63 kilo azpiko kategorian arituko dira.
Mady Diamek, azkenik, Gipuzkoako Txapelketako finala jokatu gabe lortu du Euskadiko Txapelketarako txartela. Aurreko kanporaketak gainditzea lortu ondoren, finaleko aurkariak izandako lesioa tarteko garaipena eman zioten. Euskadiko Txapelketan, Peio Gutierrez bizkaitararen izango du aurkari finalaurrekoan elite mailako 63,5 kilo azpiko kategorian.