Gazteen buru osasunari buruzko tailerra egingo dute asteartean

Maria Maya Manterola 2024ko api. 20a, 09:00

Estibaliz Ansotegi psikologoak gidatuko du tailerra.

Estibaliz Ansotegi psikologoaren eskutik, antsietateari eta jazarpenari buruzko lanketa egingo dute.

Gazteen eta nerabeen buru osasunari buruzko tailerra egingo dute asteartean Zumaian. Saioa 18:00etan izango da, Alondegiko Oxford aretoan. Gazteen gurasoei zuzenduta dago, eta Estibaliz Ansotegi psikologoak emango du. Tailerra Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria departamentuak antolatu du, Zumaiako Udalarekin batera, eta Treba izeneko programazioaren barruan kokatzen da. Programa hori gazte, guraso eta profesionalei zuzenduta dago, eta urtean zehar 28 ekintza gauzatu dituzte lurraldean zehar. Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, Treba programak helburu jakin bat du: "Gazteei tresnak ematea eguneroko erronkei aurre egiteko". Gazteen kasuan, antsietateari eta jazarpenari buruzko lanketa egingo dute, eta gurasoei nahiz profesionalei zuzendutako plangintzan, berriz, tresnak eskaintzea dute helburu, "deserosotasun, antsietate eta jazarpen egoerak identifikatzeko".

"Lehentasun soziala"

Gazteen Euskal Behatokiak egindako azken diagnostikoan nabarmentzen denez, "buru osasuna lehentasun soziala" da. Eskuragarri dauden azken datu ofizialen arabera, 2018an soilik, 15 eta 29 urte arteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen %8,3k izan zuten antsietate edo depresio arazoren bat. Aldundiko Gazteria sailak azpimarratu duenez, haur eta gazteen buru osasuneko profesionalek ikusi dute arazo emozionalak areagotu egin direla. "Antsietatea, tristura eta bakardadea nabarmentzen dira arazo nagusi gisa. Arazo horiek harremanak eta aisialdia murriztu izanaren eta hezkuntza nahiz lan esparruko ikuspegi negatiboen ondorio direla uste dugu". Gaineratu dute emakume izatea arrisku faktore bat dela buru osasunari dagokionez, Gazteria sailaren datuen arabera. Osasun mentaleko arazoak dituzten emakume gazteen tasa %11,4koa da, eta gizon gazteena, % 5,1ekoa

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide