Hamaika argi gure euskarari

Itzaletik argira (II): egonkortzea

Imanol Azkue Ibarbia 2024ko api. 27a, 09:00

Ilustrazioak: Daniel Carballo Ostolaza.

Imanol Azkue Ibarbiak artikulu hau idatzi zuen 2024ko martxoko Baleike aldizkarirako, Hamaika argi gure euskarari atalerako.

Ikastolak eta ingurukoek urratu zuten bidea, batik bat, itzaletik argira egiteko, eta horiekin batera komunitate oso bat, euskaldunena, sendotu eta egonkortu egin zen, erakundeen (batez ere udalaren) laguntzarekin. Euskara eta euskaldunok erdigunean jarri ginen, eta galdutako edo inoiz eduki gabeko eremuak eta espazioak hartzen eta sendotzen hasi ginen.

Francoren erregimenaren ondoren eta Trantsizioan sartuta, 1979ko apirilean izan ziren udal hauteskundeak, eta 1936ko Gerraren aurretik bezala, abertzaleak nagusitu ziren. Orduan hasi zen lanean Zumaiako Udalean lehen euskara teknikaria (Belen Golmaio), hasieran itzulpenetan, gero euskara bultzatzeko beste eginkizun batzuetan: barruko bilerak euskaraz, izen ofiziala Zumayatik Zumaiara (1982an), San Telmo literatur saria (1983tik aurrera), Julene Azpeitia literatur lehiaketa (1988tik aurrera)… Gainera, 1989an, udalak Euskararen Ordenantza onartu zuen, euskara non eta nola erabili behar zen arautzeko, eta hurrengo urteetarako oso helduleku garrantzitsua izan zen euskara indartzeko.

Aurreko urteetan bezala, XXI. mendearen hasieran ere udalak euskararen inguruko lan ugari bultzatzen jarraitu zuen: Zumaiako leku izenak, Zumaiako euskara eta hitanoa…, eta Euskara Zerbitzua sendotu egin zuen, beste teknikari batekin. 2008an, udalak Euskararen Ordenantza Berria onartu zuen, eta 2009an Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Ueman) sartu zen. Euskara indartzeko bideak eta baliabideak gero eta gehiago ziren: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (2003an) eta ondoren etorri ziren beste planak, Euskararen Aholku Batzordea (2004tik), lan mundua euskalduntzeko ekimenak, udalaren barruan euskara bultzatzeko erabilera planak (2004tik), kanpaina bereziak (Euskara sasoian; Euskaraz, kiroltasunez; abizenak euskal grafiarekin idaztekoa…). Halaber, euskara ikasteko ohiko dirulaguntzez gain, udalak programa bereziak bultzatu zituen: Aisa (etorkinentzat), Mintzalagun (euskara ikasten ari direnek euskaldunekin praktikatzeko)...

Garai horretan, bereziki aipagarria da, halaber, Txinparta euskara taldeak egindako lana. 2005ean sortu zen, eta azpiegitura edo egitura handirik gabe, lagun gutxiren artean baina gogotsu, hainbat ekimen jarri zituen abian: antzerki tailerrak, euskarazko irteerak Natur Taldearekin batera, euskarazko produktuak erosteko kanpainak, Irakurri matte literatur aldizkaria, kamisetak… Baina, batez ere, udalaren akuilu lanetan aritu zen, baita salaketa publikoak egiten ere. Txinpartaren lana hauspoa izan zen Zumaian euskaldunak indartzeko eta kontzientziatzeko, euskararen sentimendu komun baten inguruan biltzeko. Tarteka, jende berria hasi zen taldean, baina erreleborik ezean, 2013an desegin zen.

Gainera, garai horretan, bereziki azpimarratzekoak dira beste bi gertaera: AEK-k Erribera kaletik Aita Mari zinemara eraman zuen euskaltegia (2003an), eta udal euskaltegiak bere jarduera bertan behera utzi ondoren, AEKren euskaltegia Bidasoa kalean ezarri zen (2008an), udalaren lokal batean.

Udalaren bultzada irmoarekin, han eta hemen eraginez eta pixkanaka, euskaldunek eta euskarak espazio berriak (berr)eskuratu zituzten, batez ere eremu publikoan, eta euskaraz egiteko aukerak sortzen, zabaltzen eta sendotzen joan ziren: administrazioarekin harremanetan, zerbitzuetan, ekitaldi publikoetan, kulturan, kiroletan… Ez zen beti lortzen, baina euskaldunen komunitatea kontzientziatu egin zen egoeraz eta berez zegozkion eskubideez, euskaraz bizi nahia propio landu beharraz.

Hain zuzen ere, komunitate hori trinkotzen eta ehuntzen garrantzi handia izan zuten euskarazko hedabideek, eta, bereziki, Baleike aldizkariak. Aurretik, 1987-1990 artean, Inpernupe elkarteak Orrua argitaratu zuen, guztira 11 zenbaki. Urte batzuk geroago, 1994an, gazte batzuek Baleike sortu zuten, hasieran Gazte Batzordeari lotua, baina albiste orokorrak lantzeko, eta horrela aritu ziren zenbait urtez. Gazte haiek, ordea, heltzen joan ziren, eta beste planteamendu baten premian zeudenez, 2000. urtean Baleike Kultur Elkartea eratu zuten, aldizkariari eusteko. Baleikeren sortzaile eta bultzatzaileen ezaugarrietako bat izan da inoiz lo ez geratzea eta konformagaitzak izatea, etorkizunera begira erne egotea, aukerak aprobetxatzeko, eta horren erakusgarri, sorreratik aldizkarian etengabe egindako aldaketak: arduradunak, kazetariak, egoitza, maiztasuna, prezioa, banaketa, orri kopurua, formatua, diseinua, kolorea…

Halaber, 2004an, Urola Kostako Hitza jaio zen, eguneroko berriak euskaraz emateko, eta Zumaiak ere bazeukan bere txokoa. Urte horretantxe, Baleikekoek beste urrats bat egin zuten, etorkizunera begira erabakigarria: Baleike.com jaio zen (eta gero Baleike.eus). 2006an, gainera, erabaki zuten aldizkarian gaiak patxadatsuago eta sakonago lantzea, beste arnasa batekin. Denborak erakutsi du erabakia zuzena izan zela: Baleike erreferentzia bihurtu zen tokiko kazetaritzan, eta horren erakusle, jasotako sariak (tartean, 2010ean, Rikardo Arregi kazetaritza sari nagusia).

Baleike aldizkariari eta Baleike.eus webguneari esker, zumaiarrok informazioa lehen eskutik eta segituan jasotzen dugu, euskara hutsean; gainera, webguneak aukera ematen digu edonori, bakarka edo taldean, Zumaiako euskarazko komunitateko kide aktibo izateko, albisteak komentatzeko edo sortzeko. Horrela, aldizkariaren eta komunitatearen bidez, are ikusgarriago jarri gara herriko euskaldunak, elkar ezagutzeko aukera eman digu eta batzuetan elkarlanean jarduteko ere bai, sarean. Gainera, Baleike zumaiartasuna eta euskara sustatzeko eta indartzeko ezinbesteko motorra izan da azken urteotan; hor daude, adibidez, aldizkariaz gain ateratako lan monografikoak, argazkiak, bideoak, audioak, liburuak… Hona hemen Baleikeren 2023. urteko zenbaki batzuk: aldizkariaren 1.000 ale argitaratzen dira hilero, 500 bazkidek baino gehiagok jasotzen dute etxean, urte osoan 1.628.562 bisita izan zituen Baleike.eus-ek (egunean, batez beste, 4.461), guztira 3.273 albiste argitaratu ziren webgunean (egunean, batez beste, bederatzi)… Ohitu egin gara Zumaiako berriak euskara hutsean jasotzen, baina inguruko beste herri batzuen egoerari begiratuta, pribilegiatuak gara.

Azkenik, lehen Euskaraldiak arrasto pozgarria eta itxaropentsua utzi zigun Zumaian: Larraina Euskara Elkartea sortu zen, 2019an. Oso asmo xumeekin: "Euskaraz pentsatu, eztabaidatu, aztertu eta sentitzen duguna partekatu nahi dugu"; harrezkero, tarteko pandemialdia ere gaindituta, lanean darrai, tirriki-tarraka, euskaraz bizi nahia elikatzen eta euskara bultzatzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide