Labarra Pulporen igoera fasea

"Horrelako txapelketak mugarri izaten dira klubari bultzada bat emateko"

Gorka Zabaleta 2024ko mai. 10a, 09:11

Iban Narbaiza, kiroldegian jarri dituzten harmaila gehigarritan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Dena prest dago gaur arratsaldean hasi eta igande eguerdira arte eskubaloi festa itzela bizitzeko Lubaki kiroldegian. "Igoera lortzeko sekulako ilusioa daukagu, baina txapelketa hau herrira ekarrita helburua beteta dago" azaldu digu Pulpoko presidente Iban Narbaizak.

Aste osoan jo eta su aritu dira lanean Pulpo Eskubaloiko kideak gaur 18:00etan txapelketa hasten denerako dena prest egon dadin. Kanpoaldeko txosna muntatzen harrapatu du Baleike Gukak Iban Narbaiza.

Noiz hasi zineten lanean txapelketa hau Zumaiara ekartzeko?

Urtarriletik ari gara lanean igoera fase hau Zumaiara ekartzeko. Lehe itzulia amaitu zenean, ikusita taldearen dinamika ona, hasi ginen aukera hori aztertzen, Euskadiko Federazioarekin, Espainiakoarekin, aurrez horrelako fasea antolatu duten beste klub batzuekin, jakiteko zer suposatzen duen antolaketa aldetik, zer baldintza bete behar diren, zenbat diru ordaindu behar den, zer baliabide eskatzen dituen. Erabaki genuen apustua egitea, gehienbat, klubaren 50. urteurrena delako. Badakigu jenndeak oso gogoa daukala jubenilek jokatu zuten Espainiako Txapelketako azken fase hura, eta belaunaldi berriei aukera eman nahi diegu halako giro bat bizitzeko berriro herrian. Horrelako txapelketak mugarri izaten dira klubari eta eskubaloiari bultzada bat emateko hurrengo urteetarako.

Horrelako txapelketa bat antolatzeko jende askoren laguntza behar izaten da.

Txapelketa antolatzeko, hasieran zuzendaritzako zazpi kide aritu gara lanean, baina gero hau guztia gauzatzeko boluntarioen lana ezinbestekoa izan da: txosnako txandak egiteko, ateak eta harmailak zaintzeko, materiala ekartzeko, dena muntatzeko… Ehun bat lagun ariko dira lanean asteburuan zehar.

Harmaila gehigarriak jarri dituzue, jende gehiago sartzeko. Hala ere, sarrera eskaria handiagoa izan da.

Arazoetako bat zen ez geneukala nahikoa aforo horrelako txapelketa bat ekartzeko. Azkenean, kiroldegian 300 bat eserleku daude eta horrekin ezin duzu fase bat antolatu. Azkenean harmaila gehigarriak ekarri ditugu, eta guztira ia 700 toki izango ditugu. Hala ere, eskaria askoz handiagoa izan da, eta horixe da gure pena handiena, ezin lekua egin kiroldegira etorri nahi duten guztiei. Beste 400 edo 500 eserleku izanez gero, horiek ere beteko genituzke.

Partidak online jarraitzeko aukera izan da, dena den.

Bai, partida bertatik bertara ikusi ezin dutenek streaming bidez jarraitu ahal izango dute. Kanpoaldean txosna bat jarri dugu, eta hor ere pantaila bat jarri dugu, partidak zuzenean ikusi ahal izateko.

Txosna jarri duzue, besteak beste, gastuak ordaintzen laguntzeko. Zenbat diru behar izan da igoera fasea antolatzeko?

Apustu ekonomiko handia izan da klubarentzat. Txapelketa hona ekartzeko, lehenik eta behin, enkantean hartu behar da parte, eta 11.000 euro ordaindu genituen. Horri gehitu harmailak eta bestelako azpiegiturak eta gastu txikiagoak, 21.000 euro inguru izango dira. Zati bat sarrerekin berreskuratuko dugu, beste zati bat publizitatearekin eta kamixetekin, eta gero txosnarekin aterako duguna. Dena da beharrezkoa.

Zer eskatzen du Pulpoko presidenteak igoera fase honekin konforme gelditzeko?

Niretzat txapelketa bera Zumaiara ekarrita helburua beteta dago. Ilusio handia daukagu mailaz igotzeko, sekulakoa litzateke 50. urteurrenean hori lortzea, baina ez lortzea ez da porrota. Denboraldi bikaina egin dute, Euskadiko txapeldun gara. Hori bai, jokalariak oso motibatuta ikusten ditut, oso zentratuta. Dena emango dute, sekulako ilusioa daukate jarraitzaileen aurrean igoera lortzeko. Baina klubaren ikuspegitik, helburua beteta dago. Gainera, epe ertainera ere, horrelako txapelketek zaletasuna pizten dute, klubarekiko atxikimendua areagotzen laguntzen dute, eta hori lantzea ere beharrezkoa da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide