Mugikortasun Plana egiteko prozesua abiatu, eta inkesta bat zabaldu die udalak herritarrei

Maria Maya Manterola 2024ko mai. 11a, 10:00

IƱaki Ostolaza alkatea, Ainhoa Cuartango Tech Friendly-ko teknikaria, Argi Yeregi hirigintza zinegotzia, eta Gorka Arregi udal arkitektoa. (Zumaiako Udala)

Herria leku irisgarriagoa seguruagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa bilakatzera bidean pausoak emateaz gain, herri atsegina izatea nahi dute bizilagun guztientzako. Zumaiarrak mugikortasunaren inguruko galdetegia betetzera deitu dituzte; ekainaren 9ra artean bete daiteke, online.

Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana egiteko prozesuari hasiera eman dio udalak, eta dei egin die herritarrei prozesu horretan aktiboki parte hartzera. Mugikortasunarekin lotuta, herriko "puntu kritikoak" identifikatu nahi dituzte, mugikortasunaren garapena hobetu eta herritarren bizi kalitatea bermatzeko prozesuak diseinatzeko gero. Iñaki Ostolaza alkateak, Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak, Gorka Arregi udal arkitektoak eta Ainhoa Cuartango Tech Friendly-ko teknikariak eman dituzte prozesuaren inguruko xehetasunak.

Zumaia udalerri irisgarria eta atsegina izatea nahi dute pertsona guztientzat, horretarako ingurumen jasangarritasunean oinarritutako mugikortasun eredua bultzatuz. Haurren, gazteen, emakumeen, adinekoen eta mugikortasun urriko pertsonen beharrak izango dira lehentasuna prozesu horretan, eta kolektibo horien ikuspegiak aintzat hartuta, Zumaia herri atsegina izango delakoan da Ostolaza. 

Yeregik prozesuaren aurkezpenean nabarmendu du, bestalde, "garrantzia handikoa eta lehentasunezkoa" dela planaren eguneraketa. Izan ere, epe ertainean eta luzean herria nolakoa izango den marraztuko dute prozesuan, Yeregiren arabera. "Beti esaten dugun moduan, Zumaia bizitzeko da, eta horretarako, pertsona guzti-guztiak gure politiken erdigunean jarri behar ditugu", azaldu du. Arregi arkitektoaren hitzetan, "lan talde sendo eta profesionala" osatu dute prozesua gidatzeko. TECH Friendly eta Buchanan enpresen laguntza teknikoa izango du udalak prozesua gidatzeko, herriko elkarte, kolektibo eta eragileez gain. 

Herritarren ekarpena

Herritarren "parte hartze aktiboa" sustatu nahi dute prozesuan, eta lehen pausoa izango da mugikortasunean dituzten ohitura eta beharren inguruko galdetegia betetzea. Bizilagunen iritzia jasotzea "ezinbestekoa" dela dio Yeregik, galdetegia betetzeko laguntza behar dutenek ingurukoei eska diezaietela eskatzeaz gain. Ekainaren 9ra artean bete ahalko dute herritarrek galdetegia online. Hezkuntza komunitateari zuzenduriko inkesta berezitu bat ere zintzilikatu dute, beren ustez "haurrek zeresan handia" dutelako mugikortasunaren inguruan. Udalak prozesuaren inguruko xehetasun guztiak mugikortasuna.zumaia.eus webgunean bilduko ditu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide