"Nekatuta nengoen urtero taldez aldatzen ibili behar izateaz"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 19a, 09:00

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Ehun partiden langa gainditu du Peru Nolaskoainek eliteko futbolean. Dena den, kopuru horretara iritsi arte egin behar izan duen bidea ez da laua izan. Urte eta erdiko geldialdia egitera behartu zuen orkatilan izandako lesio larriak eta lautan atera behar izan du Athleticetik taldean ez zituen minutuen bila. Azkena behin betikoa izan da, eta erosoena zaion zelai erdiko postura itzuli da, gainera.

Apirileko Baleike aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da hau.

Sei urte beteko dira abuztuan Peru Nolaskoainek (Zumaia, 1998) futbol profesionalean estreinako partida jokatu zuenetik. Athleticekin egin zuen, lehen mailan. Ordutik bilatu duen egonkortasuna, ordea, ez du Bilbon topatu, Eibarren baizik. Joan den urtarrila amaieran sinatu zuen talde armaginarekin hiru urte eta erdirako lotuko dituen kontratua.

2018an egin zenuen debuta futbol profesionalean, eta egonkortzea lortu duzu. Bigarren mailan aurkitu duzu tokia. Pozik al zaude?

Bai. Oso zaila da profesional izatera iristea, futbolean jokatzen hasten diren haur guztien artean oso portzentaje txikiak lortzen duelako. Are zailagoa da, ordea, behin iritsi ondoren bertan irautea, lehia oso handia baita. Zentzu horretan, Athleticeko lehen taldera iristea eta bertan egonkortzea beste talde batzuetan baino errazagoa dela irudi dezake, klubak euskal jokalariekin soilik jokatzen duelako, baina ez da horrela. Oso altua da jokalari guztien maila, eta aurten egiten ari diren denboraldiak agerian uzten du.

Nik bigarren mailan aurkitu dut egonkortasun hori, azkenean, konfiantza eman didaten lekuan, eta minutu asko ari naiz izaten joko eremuan. Horregatik, oso pozik nago.

Nolabaiteko porrot sentipenik utzi al dizu egonkortasun hori Athelticekin lehen mailan lortu ez izanak?

Saihestu nahi izaten dudan adiera da porrota. Horren harira, hain justu, Giannis Antetokounmpo NBAko saskibaloi jokalariak duela hilabete batzuk egin zituen adierazpen batzuetan zioen arinkeriaz erabiltzen den hitza dela porrota eta ez genukeela erabili beharko. Hark esan zuen porrota ahaleginik ez egitea litzatekeela, eta ez helburua ez lortzea. Ni bat nator horrekin. Azken finean, zure helburu bera duten jokalari gehiagorekin ari zara lehian eta agian zu baino hobeto prestatu dira edo une jakin batean zu baino hobeak izan dira. Hori gertatuta ere, garrantzitsua da amorerik ez ematea eta lanean jarraitzea; nik sekula ez diot saiatzeari utzi eta iritsi zait emaitza.

Bigarren mailan hiru taldetan jokatu duzu, guztira. Deportivon, Amorebietan eta Eibarren. Azken horretara itzuli zinen urtarrila amaieran. Zergatik?

Bigarren mailako talde gehiagoren eskaintzak izan nituen bertara joateko, baina uste dut toki batean gustura egon bazara bertara itzultzea dela egokiena. Iaz oso pozik aritu nintzen Eibarren, nahiz eta bukaera garratza izan zen, azkenean, ez genuelako lortu mailaz igotzea. Dena den, itzuli nahi nuen lehen aipatutako egonkortasun hori lortzeko; izan ere, nekatuta ere banengoen urtero taldez aldatu behar izateaz Athelticek utzita. Uste dut jokalari batek hazten joan dadin lasaitasuna eta egonkortasuna behar dituela. Horregatik, Eibarrek nahi ninduela jakin nuenean, erraza izan zen bertara itzultzeko erabakia hartzea. Etxekoei ere eskatu nien iritzia eta denak bat etorri ginen aukera onena hori zelakoan. Uste dut asmatu genuela.

Udako merkatuaren amaieran ere klubak egin zuen ahalegina zu fitxatzeko, hala aitortu zuten prentsaren aurrean klubeko arduradunek. Penaz geratu zinen, azkenean, ez zutelako akordioa itxi?

Urtarrilean zaila izan bada fitxaketa ixtea, are zailagoa zen abuztuan. Arlo ekonomikoa, izapideak, kontratua... alor asko kontuan hartu behar dira fitxaketak ixterako orduan, eta udako merkatuan azken unean sortu zen Eibarrera itzultzeko aukera hori. Egun batean itxi behar genuen guztia fitxaketa eman zedin, eta gauza asko genituen hitz egiteko: momentuan nuen kontratua nola eten, batetik; eta berria nolakoa egin, bestetik. Horrez gain baziren gauza gehiago ere, eta ez genuen nahikoa astirik. Horregatik, ni ere jakitun nintzen oso zaila zela akordioa lortzea, eta ez nuen ezustekorik hartu.

Joan den denboraldian bezalaxe, mailaz igotzeko lehian bete-betean murgilduta zaudete. Iaz azken txanpan izandako bolada txarrak eragin zuen igoerak ihes egitea. Kolpe handia izan zen zuontzat, baina badirudi errekuperatu zaretela. Hala al da?

Egia da zaila dela halako denboraldi bati buelta ematea, baina atzean utzi behar dugu iazkoa. Duela bi urte ere gauza bera gertatu zitzaion taldeari, akaso are okerragoa ere izan zen hura, eta taldeak erakutsi zuen gaitasuna kolpe gogor hartatik osatzeko. Aurten berriro egin dugu, eta liga amaitzeko gutxi geratzen den honetan eutsi egin behar diogu. Ez du ezertarako balio ekainera iritsitakoan egin ez genuenaz damutzeak. Orain gure esku dugu helburua betetzea, eta dena emango dugu.

"Aurkitu dut hainbat urtez bilatu dudan egonkortasuna eta horretaz gozatu nahi dut orain"

Ez al dago mamurik dioena berriro errepikatuko dela aurreko bi denboraldietan gertatutakoa?

Beti etortzen zaizkizu horrelako kezkak burura, baina futbolariaren egitekoa ere bada horiek ongi kudeatzea. Elite mailan lehiatzen duzunean onetik eta txarretik bizitzea tokatuko zaizu, eta jokalari teknikoa nahiz fisikoa izan, jakin behar duzu horien aurrean lasaitasunari eusten. Taldean ondo dakigu zer gertatu zitzaigun aurreko denboraldian, eta mamuek esaten digutenari kasu egiten badiogu gure kalterako izango da. Horregatik, gertatu zitzaiguna ahaztu gabe, horretaz ikasi eta egin genituen akatsak saihesten ahaleginduko gara, ez errepikatzeko.

Iazko denboraldia zelaian negar malkotan bukatu zenuen, mailaz igotzea lortu ez zenutela eta. Sentitzen al zenuen taldearekin nolabaiteko ardurarik edota zorrik itzultzera bultzatu zaituena?

Une hartan nik ez nekien zer gertatuko zen nire etorkizunarekin. Nekien bakarra zen Athleticera itzuliko nintzela, eta ez nuen uste hain laburra izango zenik Bilbon egiteko geratzen zitzaidan ibilbidea. Dena den, momentuan negar egin nuen pena eta amorrua sentitzen nituelako, hain gertu izan genuen zerbaitek ihes egin zigulako. Aurten ez dut berriz sentipen horiek bizitzeko inolako asmorik, eta horretarako ondo dakigu zer egin behar dugun geratzen zaizkigun partidetan.

Orain arte gehiagotan tokatu zaizu futbol profesionalaren zapore garratza dastatzea, gozoa dastatzea baino. Eibarrekin iaz izandako igoera frustratuaz gain, Deportivorekin eta Amorebietarekin bi maila galtze, orkatilako lesio luzea... Nola bizi izan duzu hori guztia?

Zaila da, aipatutako horiek guztiak gauza txarrak izan direlako. Gainera, badirudi iristen direnean ez dagoela besterik eta bolada horrek ez duela amaierarik izango. Halakoetan zure buruari galdetzen diozu ea zergatik gertatzen zaizun dena zuri, baina ikasi dut biktimaren paperean sartzeak ez duela ezertarako balio. Era berean, konturatu naiz gauza txar guztiek beren alde ona ere badutela, beti eskaintzen dutelako irakaspenen bat. Gauza txarretatik onetatik baino gehiago ikasten da normalean, eta uste dut nik bizi ditudanak ondo etorri zaizkidala nire burua hobeto ezagutzeko eta harekin lan egiteko. Horregatik, orain pentsatzen dut garrantzitsua dela gauza txarrak ere bizitzea, horiei aurre egiteko. Ezin dugu amore eman eta dena utzi.

Dena den, aitortu behar dut garai txarretan ez naizela bakarrik egon, familiaren eta oso gertukoa dudan lagun talde txiki baten laguntza ere izan dudalako. Horregatik, haiei ere eskerrak eman nahi dizkiet, eman didaten babes hori gabe ez zelako posible izango orain bizitzen ari naizen momentu on honetara iristea.

Taldeak edo jokalari batek bolada txarra duenean ohikoa izaten da, era berean, zaleek kontuak eskatzea. Sare sozialek horretarako aukera eramaten dute, gainera. Izan duzu zuk esperientzia deserosorik arlo horretan?

Badirudi futbolarion nominan sartzen den zerbait dela kritika anonimoak eta mespretxuak jasan behar izatearena, eta min handia egin dezakete. Niri anonimotasun horrek ematen dit, hain justu, amorrurik handiena, oso erraza baita aurpegirik edo izenik eman gabe edozein astakeria botatzea. Horregatik, nahiago dut ez jakin nitaz zer esaten duten sareetan, ezta egunkarietan ere. Azken finean, nik badakit ondo edo gaizki jokatu dudan, ezagutzen ez dudan kanpoko pertsona batek ez dit esango zer nolako partida egin dudan.

Sare sozialei lotuta, Eibarrek ohitura du partida guztien ondoren inkesta egitekoa zaleek jokalari onena aukeratu dezaten. Leganesen aurkako partidan zu izan zinela ebatzi zuten. Maitatua sentitzen al zara?

Oso. Nire fitxaketaren iragarpenak berak ere oihartzun handia izan zuen eta erantzun hark ilusio handia egin zidan. Nik ere kariño berezia hartu diet Eibarko zaleei, egia esan.

Orkatilako lesio harengatik izango ez balitz Athleticen jarraituko zenukeela uste al duzu?

Ez dakit, eta egia esan, nahiago dut horretan ez pentsatu. Ez zait gustatzen gertatu ez diren gauzetan pentsatzea; denbora galtzea iruditzen zait. Gainera, uste dut gertatzen zaigun guztiak baduela arrazoien bat, eta nire orkatilako lesioak ere izango du. Akaso behar bezala errekuperatu ez nintzelako nago gaur egun nagoen tokian, eta behar bezala errekuperatu izan banintz ez nintzatekeen hemen egongo. Nork daki gauza onak etorriko ote ziren edo are okerragoak.

Aspaldiko sasoirik onena egiten ari da Athletic. Zuk bertan egin duzu denboraldi erdia, baina apenas jokatu duzu. Zureak sentitzen zenituen taldearen emaitzak ala ez?

Futbolarion lanaren parte ere bada egoera horiek kudeatzen jakitea. Horregatik, pentsatzen dut akats larria litzakeela zure burua apartatzea minuturik ez duzulako. Uste dut nik ondo eraman dudala ez jokatze hori, eta lagundu niola taldeari tokatu zitzaidan lekutik. Jokatu nituen partida apurretan ere ondo ibili nintzela iruditzen zait, eta beraz, lasai nago alde horretatik. Egoera bera duela lau edo bost urte bizi izan banu, okerrago eramango nukeen, gaztea zarenean beti nahi duzulako jokatu eta horretarako aukerarik ez izateak gogaitu egiten zaituelako.

Eibarrera iritsi zarenetik partida guztietan parte hartu duzu, eta hainbatetan hasierako hamaikakoan zelairatu zara. Nola egokitzen da futbolari bat ia ez jokatzetik asko egitera?

Errazagoa da ohitzea ez jokatzetik asko egitera, alderantziz baino. Nolanahi ere, nik banekien nora nentorren, aurreko denboraldian jokalari garrantzitsua izan nintzelako taldearentzat. Horregatik, kontziente nintzen egokitzapen prozesua beste edozein taldetan baino azkarragoa izango zela.

"Bizi izan ditudan gauza txarrak ondo etorri zaizkit, guztietatik ikasi dudalako"

Eibarren zelai erdian jokatzen duzu. Athleticeko lehen taldean, ordea, batez ere erdiko atzelari postuan jokatu zenuen, eta Amorebietan ere bai. Deportivon, berriz, zelai erdia eta atzelari postua uztartu zenituen. Non sentitzen zara erosoen?

Zelai erdian, argi eta garbi. Lehen mailan jokatzeko aukera eman zidatenean, atzeko lerroan izan zen, eta noski, ez nintzen kexatu. Azken finean, aukera paregabea eskaini zidaten eta ez nion ezetzik esango zelai erdian jokatu nahi nuelako. Edonola ere, uste dut ona dela balio aniztasun hori izatea, eta ez dut arazorik atzean jokatzeko entrenatzaileak hori egitea eskatzen badit, nahiz eta zelai erdian erosoago sentitzen naizen.

Zelaitik kanpo nolakoa da Peru Nolaskoain? Herrian, behintzat, ikusten zaizu; ez zara ezkutatzen den horietakoa, ezta?

Ez naiz ezertarako ezkutatzen, ez. Oso ohitura finkoak ditut, astelehenetik ostiralera, batez ere, eta asko laguntzen didate nire egunerokoa aurrera eramateko arlo profesionalean nahiz pertsonalean ere. Goizetan entrenamenduak izaten ditut taldearekin, eta arratsaldeetan gustuko dut nire kasa lanen jarraitzea gimnasioan.

Eredugarri izatearen ardura nola daramazu? Ume askorentzat futbolariak hala zarete eta.

Futbolari denak izan gara umeak aurrez, eta beraz, badakigu zer den beste aldean egotea. Horregatik, pertsona arrunta bazara, ez da zaila haurren tokian jartzea, haientzat egokia izango den irudi bat helaraztea eta haiekin egoteko tarte bat hartzea; ez zaigu batere kostatzen.

Orain arte izan dituzun lau taldeetatik hiru Euskal Herrikoak izateak Zumaian bizitzen jarraitzeko aukera eman dizu. Herrikoia al zara?

Bai. Familia, lagunak eta etxea Zumaian ditut, eta ez dut gehiago behar. Udan gustuko dut oporretan kanpora joatea deskonektatzeko, baina urteko egunerokotasuna nahiago dut jaioterrian egin.

Herriko futbol taldearen gorabeherak ere jarraitzen dituzu, ezta?

Saiatzen naiz, bai. Egia da azkenaldian gutxi joan naizela Zumaiako ikustera, baina nik ere egun berean partida nuelako izan da. Joan den urtean askotan gerturatu nintzen entrenamenduetara eta ahal nuen neurrian laguntzen nion taldeari. Lagunak ditut bertan jokatzen duten jokalari guztiak eta gustatzen zait taldea nola dabilen jakitea. Nire lehengusuak ere jokatzen du bertan eta hari beti galdetzen diot asteburuan zer egin duten.

25 urte baino ez dituzu oraindik, baina futbol profesionalean ezin esan jokalari gaztea zarenik; zaharra ere ez, baina erdibidekoa. Noraino iritsi nahi duzu?

Unean unekoa bizitzea da nire helburua eta lehenengo mailara itzultzeko ahaleginean aurrera egitea. Hainbat urteren ondoren, orain aurkitu dut bila nenbilen egonkortasuna, eta horretaz gozatu nahi dut. Ez diot nire buruari inolako sabairik jarri nahi, etorriko da etorri behar duena. Erretiroa zenbat urterekin hartuko dudan ere ez dut oraindik zehaztu nahi. Dena den, uste dut gero eta urte gehiagorekin egitea seinale ona ere badela, esan nahiko duelako gauzak ongi egin ditudala eta fisikoki ongi eutsi diodala.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide