Biodibertsitateari arreta jarriko dio Europako Geoparkeen Asteak

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 16a, 10:30

Haur bat, aurrez egindako Biotop irteera batean. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Etzitik maiatzaren 26ra bitartean ekitaldi ugari egingo dituzte Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten herrietan, zientzia, natura eta kultur ondarea ardatz hartuta.

Europako Geoparkeen Astea ospatuko dute Europan dauden 109 geoparkeetan aldi berean. Euskal Kostaldeko Geoparkeak ere ez du hutsik egingo, eta aurtengoan biodibertsitatearen gaiari jarriko dio arreta berezia. Egitasmo horren helburua tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera ematea eta herritarrengan balio horien kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea dira. 

Horretarako, urteroko moduan, zientzia, natura eta kultur ondarea ardatz izango duten ekitaldi ugari egingo dituzte erakundea osatzen duten herrietan, Deban (Gipuzkoa), Mutrikun (Gipuzkoa) eta Zumaian, hain zuzen. Jarduerak doakoak izango diren arren, horietako batzuetarako aurrez izena eman beharko da. 

Deban larunbatean egingo duten irteera gidatuak emango dio hasiera Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako ekitaldi sortari. Debako historiaurreko bailaran abiatuko da bisita gidatua, 09:45ean. Gaztelaniaz izango da bisita, eta 30 lagunek parte hartuko dute gehienez. Aurrez izena eman beharko da Debako turismo bulegora deituta (943-19 24 52) edo labur.eus/hab-deba helbideko formularioa beteta. 

Larunbatean Flyscha haurrekin familientzako tailerra egingo dute Mutrikun, Nautilus gela didaktikoan, 16:00etan. Tailerra amaituta, flysch beltzaren itsaslabarrak ezagutzera joango dira parte hartzaileak itsasontziz. Jarduera 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta gehienez 25 lagunek parte hartu ahalko dute. Izena emateko labur.eus/nautilus2024 helbideko formularioa bete beharko da, #GPKastea kodea erabilita.

Era berean, Mutrikuko Olatu Planta ezagutzeko ordubeteko bisita gidatuak antolatu ditu Geoparkeak. Plantara bisitak Energiaren Euskal Erakundeak bultzatzen ditu, eta, guztira, bi irteera egingo dituzte maiatzaren 19an, igandean: lehena, euskaraz, 10:00etan; eta bigarrena, gaztelaniaz, 11:00etan. Bisitan parte hartzeko, erreserba egin beharko da labur.eus/olatu-planta2024 loturan, #GPKastea kodea erabilita.

Rodriguez de la Fuente

Datorren asteartean, maiatzaren 21ean, Geotalks jardunaldia egingo dute Zumaian. Geoparkeen ekitaldi garrantzitsuenetakoa izan ohi da hori, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengoa oso berezia izango da. Izan ere, El hombre y la tierra telebista saioaren 50. urteurrena ospatzeko, haren sortzaile Felix Rodriguez de la Fuente naturalistaren alaba Odile Rodriguez de la Fuente izango da Zumaian. Omenaldi kutsua duen solasaldia eskainiko du Aita Mari aretoan, 19:00etan. Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok dinamizatuko du saioa.

Egun bat geroago, asteazkenean, biodibertsitateari buruz Euskal Kostaldeko Geoparkeak argitaratu dituen bi liburu aurkeztuko dituzte: Biodibertsitateari buruzko apunteak eta Notas sobre biodiversidad. Alberto Luengo biologoak eta Ander Hormazuri ilustratzaileak ondu dituzte liburu horiek. Lan horietan, Geoparkearen barruko ekosistemen berezitasunak ezagutzera eman dituzte modu pertsonal eta artistikoan, eta bertako fauna eta flora espezieak eta aberastasun natural handia ere jaso dituzte. Saioa 19:00etan izango da, Debako Alamedako kioskoan. Hilariok aurkeztuko du ekitaldia, eta bertan izango dira liburuaren egileak eta Geoparkeko Ingurumen koordinatzailea den Gonzalo Torre. 

Geoparkeko Biraren etapa

Geoparkeko Bira izeneko ibilbidea ere aurkeztuko dute, baita bertako parte bat egiteko aukera eskaini ere maiatzaren 25ean. Geoparkea osorik zeharkatzen duen 54 kilometroz osatutako oinezko ibilbide zirkularra da, eta aipatu egunean Deba eta Zumaia arteko bidea egingo dute. 08:45ean Debako kirol portutik abiatuko da taldea, Anes Arrinda pasealekutik. Etapak 19,7 kilometro ditu, eta zazpi ordu inguruan egiteko modukoa dela diote antolatzaileek. Debara itsasontziz bueltatzeko aukera izango da: 39 lagunentzako tokia egongo da, eta interesdunek aurrez izena eman beharko dute Debako turismo bulegoan (943-19 24 52) edo labur.eus/bira loturan.

Europako Geoparkeen Asteko egitarauarekin amaitzeko, Biotop izeneko irteera egingo dute maiatzaren 26an, Zumaian. Aranzadi zientzia elkarteko Anais Mitxelena adituak eta Geoparkeko biologo Gonzalo Torrek gidatuta, itsaslabarreko flora ezagutzeko eta ingurune aldakor batera egokitzeko izaki bizidunek erabiltzen dituzten estrategiez jabetzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Goiz osoko irteera izango da, eta Amaiako plazatik abiatuko dira Itzurunera, 10:00etan. Interesunek aurrez erreserba egin beharko dute labur.eus/biotop2024 loturan edo Zumaiako turismo bulegora (943-14 33 96) deituta.

Mikroipuin lehiaketa, berrikuntza gisa

Estreinakoz mikroipuin lehiaketa antolatu dute Europako Geoparkeen Astearen barruan. X sare sozialean argitaratu ahal izateko kontakizun laburrak aurkeztu beharko dira. Geoparkea, ni eta beste animalia batzuk izango du gaia, eta gehienez 250 karaktere izango dituzten lanak lehiatuko dira (edozein literatura generotan). 16 urtetik gorako edonork parte har dezake, eta partaide bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanek euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Maiatzaren 18tik 26ra bitartean aurkeztu ahalko dira, eta Geoparkeak bi sari banatuko ditu: bat narraziorik onenari emango diote, eta bestea parte hartzen duten guztien artean zozkatuko dute. Lehiaketaren oinarriak kontsultatzeko eta izena emateko, labur.eus/mikroipuina loturara edo Geoparkearen X kontura (@geoparkea) jo daiteke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide