Umorezko bakarrizketen lehiaketa egingo da ostiralean Aita Marin

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 22a, 12:00

Aita Marin egingo da ostiralean Algaraka lehiaketa. (Goiena)

Lau bakarrizketari arituko dira lehian ostiral iluntzean, eta epaimahaiak erabakiko du zein den jardunaldiko irabazlea.

Algaraka umorezko bakarrizketen lehiaketa egingo da ostiralean, 20:00etatik aurrera, Aita Mari aretoan. Lau izango dira lehian arituko diren bakarrizketariak, eta haien lana baloratuko du epaimahaiak saria ematerako orduan.

Bergarako Jardun Euskara Elkarteak eta Goiene Komunikazio Taldeak elkarlanean antolatutako bakarrizketa lehiaketa da Alagaraka. "Talentua bultzatzeko, euskarazko sortzaileak eta kultura sustatzeko, euskarazko ahozkotasuna areagotzeko, bakarrizketen zirkuitua Gipuzkoara eta Euskal Herrira zabaltzeko eta kultura, umorea, gozamena, irria, euskaraz ahalbidetzeko" sortu dute ekintza hau.

Lehiaketa lau saioz osatuko da. Lehenengo kanporaketa saioa Bergaran egin zuten hilaren 10ean, eta Bergaran bertan egingo dute finala maiatzaren 31n. Urretxu/Zumarragan egin zuten pasa den ostiralean bigarren saioa, eta Zumaiakoa izango da hirugarrena. Kanporaketa bakoitzean lau bakarrizketarik hartuko dute parte eta 6-8 minutuko bakarrizketa aurkeztuko dute.

Lehiaketara aurkeztutako bakarrizketari guztien artean hautaketa egin zuten Zumaiako saiorako lau lagunak erabakitzeko. Hala, Manex Astigarraga, Joxe Aldasoro, Amaia Ruiz de Galarreta eta Ander Malbadi igoko dira etzi Aita Mariko oholtzara. Aner Peritz zarauztarra arituko da Zumaian bakarrizketari gonbidatu bezala Jon Olivaresek aurkeztuko duen saioan.

Epaimahaia Iosu Zubiak, Idoia Torregaraik eta Aner Peritzek osatuko dute. Lehiaketako hirugarren saio honetan Maria Blanco ere epaimahaikide izango dute.

Saiorako sarrerak dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan edota www.sarrerakzumaia.eus webgunean. Aretoko leihatilan bertan ere salgai izango dira saioa hasi aurretik. Sarreren prezioa 6,20 euro izango da, 4,35 euro Gazte txartelarekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide