2022ko irailean hasi ginen euskararen hamaika argi pizten, eta 2024ko apirilera iritsi gara. Atzera begiratuta, konturatuko gara argitu egin zaigula iraganetik orainera egin dugun bidea eta badaukagula zer ikusia. Orain begira diezaiogun bideari, eta atera ditzagun ondorio batzuk, argi horiei eusteko eta etorkizunean ere piztuta jarrai dezaten.
"Euskaraz hitz egitea, bizi garelako froga ematea da"
Koldo Izagirre,
Autopsiarako frogak
Egin dugun bideko argiei begiratuta, badauzkagu nahikoa helduleku eta arrazoi esateko Zumaia aspalditik dela herri euskalduna, euskara nagusi izan dela gurean, eta horren erakusgarri, artikuluotan askotan entzun edo ikusi ditugu euskaraz hizketan gure herrikideak: apaizak pulpitutik publikatekin (XVIII. mendearen amaieratik), gaztelaniaz zetozen berriak euskaraz jakinarazten herritarrei, bestela ez zutelako ulertzen; emakumeak gaizki esaka eta haserretuta, euskarazko biraoak badaudela erakusten (odol saltzailea, beltza, zikina…); "lengua vulgar" baino ez zekiten zumaiarrak epaitegiko deklarazioetan, eta idazkaria haiek esanak gaztelaniara itzultzen; euskaraz besterik ez zekien neska gazte zumaiarra Baionara eta Bilbora bakarrik joana, dendarako generoa erostera; Zumaiako alkatea estu eta larri, 1817an, zumaiarrentzako apaiz euskalduna idatziz eskatzen Iruñera, mojaxarretako apaiz erdaldunak ez ziolako balio; medikuei euskaraz jakiteko baldintza ezartzen udala, 1856an, mediku ona izatea bezain garrantzitsua zelako ulertzea zumaiarrek zer zioten; santelmoetan euskaraz zumaiarrak, sesioan eta okasioan (eta alkateari "embusterua" deitzen); haurrak eta gurasoak gaztelania hutsezko eskoletan euskarazko dotrina eskatzen, apaizak hauspotuta, maisuaren ezezkoaren aurrez aurre; soldadutzarako tallajean funtzionarioak azalpenak euskaraz ematen, gazteek ulertzeko; udal lanpostuetarako euskara eskatzen edo euskaldunak lehenesten, zumaiarrekin harremanetan jarri ahal izateko; gaztelaniaren indarraren eta mehatxuaren aurrean kezkatuta zumaiar batzuk, euskara (eta euskaldunak) gorde edo babestu nahian; alkateak bandoak euskaraz jakinarazten zumaiarrei, "Endore jaunaren aginduz…"; debekualdiei eta zailtasunei aurre egiten gure herrikideak, zirrikituetatik euskaraz, satorrak baino lurperago, kantuan; euskara biziberritzeko ahalegin berriak, Ikastola oinarri… Bide osoari begiratuta, ikusiko dugu belaunaldiz belaunaldi beti izan direla Zumaian euskarari eutsi eta segida eman dioten zumaiarrak, eta horiei esker ari garela gu eta hemen euskaraz...
Argi horiei erreparatuta, ikusi dugu faktore batzuek izugarri eragin dutela euskaldunak (eta euskara) ahultzeko, uzkurtzeko eta ezkutatzeko. Horietatik, bereziki azpimarratzekoak dira Espainiako Estatuaren erabaki politiko-administratiboak, eta horietatik nabarmenenak gaztelaniari lehentasuna emateko (eta euskara makaltzeko) hartutako neurriak eta arauak, herritarren bizimoduko arlo ugaritan, baina bereziki azpimarratzekoak hezkuntzari lotutakoak: urte askotan, gaztelania izan zen ikasgeletako hizkuntza bakarra edo baimendua, euskarak ia lekurik ez zuen izan XX. mendearen amaiera aldera arte, eta eskolaratzea derrigorrezkoa egin zenean, eskola zen nahitaezko bidea haurrek gaztelania ikasteko eta euskaldun elebakar izateari uzteko; eragina izan du, halaber, migrazioak, bai zumaiarrek alde egin dutenean, bai euskaraz ez zekitenak Zumaiara etorri izan direnean, batez ere industrializazioak eta XX. mendeko bizimodu aldaketak eraginda, garraiobideen garapenak eta mugikortasunak bizkortuta; halaber, hor daukagu soldadutza, herriko mutil gehienak gaztelania hutsezko urruneko egonaldi luze eta behartura eramaten zituena, euskaldun ia elebakarrak erdaldunduta itzultzen zituena; turismoa ere aipagarria da, euskararik ez zekiten dirudunak gurera udara pasatzera etortzea eta haiekiko herrian sortzen zen morrontza… Asko izan dira faktoreak, baina ikusi dugu, baita ere, zailtasunak zailtasun, euskaldunen komunitateak (egituratu gabe ere) eutsi egin diola euskarari.
Batzuetan erraza izan da, ez zelako askorik pentsatu edo ahalegindu behar euskaldun izateko, batez ere zumaiar gehienek hizkuntza bakarra (euskara) zekitenean, hainbestekoa zenean euskaldunen komunitatea. Urte askotan, gaztelania elite politiko eta ekonomiko baten hizkuntza izan zen, gutxi batzuena eta ez herritarrena, eta ez zegoen zumaiar gehienen eskura; gaztelaniaz gutxi batzuek baino ez zekiten, eta gainerako zumaiar guztiak euskara hutsean bizi ziren, besterik ez zekitelako eta beharrik ere ez zeukatelako egunerokorako; hainbesteko indarra eta zabalkundea zeukan gurean euskarak, zumaiar elebakar haiek lasai eta eroso bizi zitezkeen, beste hizkuntzen beharrik gabe. Zumaiar elebakar haiek ez zeukaten pentsatu eta aukeratu beharrik zer hizkuntza erabili, zein hizkuntzatan bizi nahi zuten. Erraza zen haientzat euskaraz bizitzea, besterik ez zekitelako, beste aukerarik ere ez zeukatelako.
Beste zenbaitetan, ordea, euskaraz bizitzeak ahalegin eta nahimen handia eskatu die zumaiar euskaldunei, eta kontziente edo nahita saiatu behar izan dute euskaldun izaten eta bizitzen, ondo kostatuta eta zeinen nekeza den jakitun; izan ere, zailtasunen, zigorren, mehatxuen eta debekuen gainetik, euskaldun izatea eta jokatzea erabaki zuten, euskaldunak zirelako eta euskaraz bizi nahi zutelako. Noiz edo noiz ez zen erraza izan, nekagarria izan zen, baina gehiago kostatu arren, merezi izan zien, euskaldun izan nahi zutelako, bat egiten zutelako bihotzak agintzen zienak eta egiten zutenak, koherenteak zirelako. Batzuetan intuizioz, beste batzuetan ikasiz eta eskarmentuaz baliatuta, komunitate euskalduna kontzientzia hartzen joan zen euskalduna izateak zer esan nahi duen eta zer ahalegin dakarren. Komunitateko kide batzuek gero eta garbiago ikusi zuten, gainera, gertatzen ari zen asimilazio prozesua, eta talde gisa egituratzen ere hasi ziren, baita hitz berriak ezagutzen eta arrazoiez janzten ere: elebidunak eta elebakarrak, eleaniztasuna, etxeko hizkuntza edo ama hizkuntza, diglosia, hizkuntza hegemonikoa eta gutxitua, arnasgunea, hizkuntza eskubideak, hizkuntza betebeharrak, hizkuntza eskakizunak, hizkuntza jarrera edo jokabidea, euskara batua eta euskalkiak, zutanoa eta hitanoa, toka eta noka, ezagutza eta erabilera, motibazioa, ahobiziak eta belarriprestak… Denboran atzera eginda, ikusi dugu bide horretan euskaldunek sarritan antzeko galderak egin izan dituztela, eta erantzunak aurkitzen saiatu izan direla, gaur egun bezala: zergatik egin euskaraz? Zerk laguntzen du euskaraz egiten eta euskaraz bizitzen? Zer oztopo edo zailtasun daude? Zer egin euskaldunok eta euskarak irauteko?... Beti antzeko galderak eta antzeko erantzunak, bakarka edo taldean erantzutekoak, komunitate euskaldunari irauteko eta aurrera jarraitzeko arrazoiak eta indarra eman dizkiotenak.
Hamaika argi gure euskarari hau abian jarri genuenean, asmotzat hartu genuen egiaztatzea aspalditik zumaiarrak euskaraz bizi izan direla, ebidentziak aurkitu eta erakutsi nahi genituen, eta horren froga ugari ikusi ditugu. Atzera begiratuta, orain arrazoi hobeak eta sendoagoak dauzkagu esateko gure herria aspalditik dela euskalduna eta etorkizunean ere euskaldun izan nahi dugula. Hor daude argiak, dir-dir eta bistan, ondo ikusteko moduan; ez dira, ez direnez, argi bakarrak, gehiago ere izango dira, eta beste batzuk pizteko aukerak ere piztuko dira edo sortuko ditugu etorkizunean. Baina dena beharko dugu, geuk euskaraz bizi ahal izateko eta geroko zumaiarrei ere aukera hori emateko.
Bukatzeko, Hamaika argi gure euskarari atal hau itzali aurretik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Dani Carballori, testuak argitzeko egindako ilustrazio ederrengatik; Xabier anaiari, idatziak orrazteko lanengatik eta proposamenengatik; eta, azkenik, atal hau irakurtzeko pazientzia izan duzuen irakurle guztioi. Klik.