Artatza Urederra kanpina munduko herri nomaden topaleku bilakatu da. Kanpinak, berez, gaur egungo nomaden kanpalekuak dira, eta egurrezko etxola ederren alboan, furgonetak, karabanak eta kanpadendak ezarri daitezkeen lur eremuen barruan, kultura nomada zenbaiten etxebizitzak paratu ditu Joseba Ossak (Zumaia, Gipuzkoa, 1964). Artadiz eta pagadiz inguratutako leku magikoa are xarmagarriagoa bilakatu da haima, kota, jurta eta gurdi estaliekin.
Haima da eraiki duzuen azkena.
Hala da. Larunbatean eraiki genuen haima. Tolosaldea Sahararekin elkarteko Gregorio Izagirrerekin kontaktatu nuen. Tindufeko [Aljeria] errefuxiatuen kanpalekuak oso ondo ezagutzen ditu, eta handik ekarri dugu haima. Udaran hemen lo egiteko edo ekintzak egiteko aukera izango dute kanpinera datozenek.
Nola hasi zen hau dena?
Amets bat izan zen. Finlandiarekin lotura estua daukat, emaztea hangoa baita. Sami herria gertutik ezagutzeko aukera izan dut, eta kanpineko bazkide bihurtzean, duela hamar urte pasatxo, bi sauna eta kota bat jarri genituen. Samiak Europako azken indigenak dira. Elur artean bizi dira, zirkulu polarretik gora, Laponian. Elur oreinekin ibiltzen dira batetik bestera. Finlandiako samien etxea izan da kota. Gaur egungoak egurrez egiten dituzte, eta oktogonalak edo zirkularrak izan ohi dira.
Nomadekin liluratuta zaude...
Gizateria osoa nomada izan da nagusiki bere historia luzean; 300.000 urteko historian, duela 12.000 urte inguru hasi ziren lehen gizakiak sedentario bihurtzen. Bizimodu berri bati ekin zioten, baina esango nuke oraindik nomada bat dugula gugan. Askatasunarekin lotzen dut, eta errespetuarekin. Asko zor diegu herri nomadei. Niretzat, inspirazio iturri bat dira.
Hemen irakurri daiteke elkarrizketa oso-osorik.