Europako Geoparkeen Asteko egitarauaren barruan, Biodibertsitateari buruzko apunteak izeneko liburua aurkeztu zuten herenegun Deban. Alberto Luengo biologoak eta Ander Hormazuri artista zumaiarrak ondu dute argitalpen hau, eta aurkezpen ekitaldian azaldu zutenez, ez da ez gida bat ezta entziklopedia bat ere, lurralde txiki honetako espezieekin eta tokiekin izandako topaketei buruzko kontakizun pertsonala baizik.
Liburu honetako testu eta irudietan murgilduko den irakurleak Euskal Kostaldeko Geoparkean aurki daitezkeen bost ekosistemak ezagutuko ditu, hala nola, Itsaslabarrak eta marearteko zabalgunea, estuarioa, landazabal atlantikoa, artadi kantauriarra eta kareharrizko gailurretako baso mistoa.
Liburua dagoeneko salgai dago Debako, Mutrikuko edota Zumaiako turismo bulegoetan, 30 euroan.