Ekainean hasiko dira Oikiako eguzki parkea eraikitzen

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 25a, 14:37

Eguzki plakak.

Egutera kooperatibako arduradunek azpimarratu dutenez, 600 etxeren energia elektrikoaren kontsumo totala asetzeko adina energia sortuko dute eguzki-panelen planta horretan. Oraingoz 200 herritarretik gorak hasi du bazkide egiteko prozesua, eta 96 bazkide dira jada. Inguruko herrietakoek ere bazkide egiteko aukera dute, 25 kilometroko erradiora arte.

Egutera Zumaiako energia sorkuntza eta kontsumorako irabazi asmorik gabeko kooperatibak jakinarazi duenez, "dena ondo bidean" hiru aste barru hasiko dira hektarea bateko eguzki-panel planta eraikitzen Oikian; ekainean, alegia. Azpimarratu dute 600 etxeren energia elektrikoaren kontsumo totala asetzeko besteko eguzki energia sortuko dela bertan.

Kooperatibako bazkide diren herritarrek kapital ekarpen bat egin beharko dute, eta azaldu dutenez, 200 herritarretik gorak hasi du bazkide egiteko prozesua; horietatik 96 bazkide dira dagoeneko.

Inguruko herrietako herritarrek, merkatariek eta enpresa txikiek ere Egutera kooperatiban sartzeko aukera izango dute orain. Gehienez ere 25 kilometroko erradiora arteko lekuetan bizi direnei onartuko zaie Eguteran sartzea, eta lehentasuna gertuen daudenek izango dute.

Arreta bulegoaren azken egunak

Proiektuak Euskal Energia Erakundearen babesa du, eta horregatik, eguzki parkea eraikitzeko obrak hasteko "ez da bazkide kopuru totala bildu zain egon beharko". Hala ere, Egutera energia kooperatibak herritarrei jakinarazi nahi die arreta bulegoa uda baino lehen itxiko dela, eta interesa duten herritarrei gomendatzen die bazkide egiteko prozesua ahal bezain pronto hastea.

Horrez gain, azaldu dute merkatariek eta enpresa txikietako bazkideek ordainketa epeka egiteko aukera izango dutela. "Horiek egin beharreko hasierako ekarpena handiagoa denez, erraztasunak eman nahi zaizkie", azaldu dute.

Bi modutan has daiteke bazkide egiteko prozesua: Internet bidez, Egutera.ekiola.eus webguneko formularioa beteta; edo aurrez aurre, Kofradiako bulegora joanda –Kofradian (Erribera kalea 20), astelehenetik ostegunera 16:00etatik 19:00etara bitartean–.

Zalantzak argitzeko ere bi bide daude zabalik: 747 41 86 47 zenbakira whatsapp mezua bidalita, edo info@egutera.ekiola.eus helbidera idatzita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide