Malen Etxea emakume migranteen elkartea sortu zutenetik hogei urte igaro dira, eta urteurren borobila ospatzeko, Zumaiako Emakumeon Etxean elkartuko dira gaur. Instituzioetako ordezkariak ere ekitaldian izango dira, eta elkarteko kideek zumaiarrak ere gonbidatu nahi izan dituzte ospakizunera, herritarrekin batera ospatu nahi lituzketelako orain arte egindako ibilbidea eta lorpenak.
Jessica Guzman txiletarra da elkartearen presidentea, eta hark azaldu du elkartearen sorrerako helburu berak dituztela: "Borroka berean jarraitzen dugu, nahiz eta azken urteotan emakumeon eskubideez eta zaintzaz gehiago hitz egin den. Aurrera goaz, gutxinaka bada ere".
Ados dago Guzmanekin Silvia Carrizo elkarteko kidea ere. Carrizok azaldu du helburua ez dela aldatu, batetik, irregulartasun egoeran jarraitzen dutelako emakume migrante askok –azken erregularizazio prozesua duela hogei urte izan zen, 2004an–, eta, bestetik, etxeko langile egoiliarren eskubideen alde lanean jarraitzen dutelako.
Sorrerako jomuga bera izan arren, beren diskurtsoak eta lanak harrera desberdina du gaur egun gizartean. Hala iruditzen zaio Guzmani: "Hasi ginenean gogorregia egiten zitzaien herritarrei gure irakurketa. Azken urteotan aldaketaren parte da gizartea, eta jendea kontzientziatuago dago kalitatezko zaintzaren beharraz". Jasotako babesa aipatu du, bestalde, Carrizok: "Hogei urte ez dira bakarrik egiten. Udalen, instituzioen eta mugimendu feministaren babesa izan dugu urteotan guztiotan", dio.
Elkartearen ibilbidea jaso dute gaur Emakumeon Etxean ikusgai izango den Nuestras Huellas erakusketan. Harrera etxeak lorpen garrantzitsutzat dituzte: "Zumaian eta Azpeitian lortu ditugu harrera etxeak, adibidez. Urola Kostan hamarnaka kideren sostengu izan dira etxe horiek; pandemia garaian, esaterako". Etxeko langileen jarduna arautzen duen 189 lan hitzarmenaren kongresuaren parte izatea ere mugarri bat izan da elkartearen ibilbidean, Carrizoren ustez.
Gaur egun, Urola Kostako mugez gaindi ere elkarte erreferentea da Malen Etxea emakume migranteen eskubideen aldeko lanean. Izan ere, Europako emakume migratuen sarearen parte da elkartea, eta hori garrantzitsua dela uste dute, beren kideen sostengu izateaz gain, eragin politikoa izan dezaketelako oinarrizko kontuetan: etxeari, zaintzari, jakiei, arropari nahiz ahalduntzeari loturikoetan.
Urteurrena
Gaur, ostirala
- 18:30. Ongietorria. Nuestras huellas erakusketa, Malen Etxearen ibilbidea.
- 18:45. 20 urte Malen Etxean, elkarteko lehendakari Jessica Guzmanen hitzak.
- 19:00. Eskertza eta aitortza.
- 19:20. Kultur aurkezpena Maria Cloefe Cruz Galeano Nikaraguako poetarekin. Tahuitl Nikaraguako musika bikotea.
- 20:00. Brindisa.