Malen Etxearen 20. urteurrena ospatu zuten atzokoan Zumaiako Emakumeon Etxean. Jende andana gerturatu zen bertara, bai herritarrak eta bai eskualdeko udaletako ordezkariak eta bestelako eragileak, tartean Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria.
Jessica Guzman Malen Etxeko presidenteak azaldu zuenez, beraiek "erabat harro" daude urte guzti hauetan egin duten lanaz. Ibilbide "luzea" izanda ere, adierazi zuen "oso garbi" izan dutela zergatik iritsi ziren Gipuzkoara. "Gure herrialdetatik ihes egin behar izan genuen bertan ez genuelako aukerarik, ezta segurtasunik ere. Hortzimuga berri baten bila irten ginen, soldata duin baten bila", gaineratu zuen Guzmanek.
Malen Etxearen ibilbidean "agian politikoki zuzenenak ez" direla izan gehitu zuen Guzmanek, baina hori gertatzen dela beraiek kalean daudelako, eta emakumeen errealitatea "benetan" ezagutzen dutelako. "Bakoitzak dituen arazoak kontatzen ditu, eta horiek entzutean ezin dugu geldirik egon, indarra ateratzen zaigu barrutik egoera aldatzea nahi dugulako", esan zuen.
Belaunaldi berriei tokia
20 urtetako borroka ere nabaritu egiten dela eman zuen aditzera Malen Etxeako presidenteak. "Hona iritsi ginen lehen belaunaldiak nabaritu egiten dugu egindako lana gorputzean, eta asko etxera bueltatzen dira, gaixorik eta arazoekin. Ezin dugu ahaztu garai gogorretan bertan egon direla lanean, COVID-19 garaian adibidez". Dena dela, belaunaldi berriek duten "indarra eta kemena" azpimarratu zituen.
Zaintzaren egoerari ere bere denbora eskaini zion Guzmanek, eta hausnarketa bat ere egin zuen: "Inor ez dago soberan gizarte honetan, denok gara garrantzitsuak, eta zaintzan lana egiten duten emakume gazteek errespetua merezi dute. Helduago garenok lagunduko diegu beraiei".
Eskertza eta aitortzentzat lekua ere izan zen atzokoan, baita poesia eta musikarentzat ere. Izan ere, Maria Cloefe Cruz Galeano Nikaraguako poetak eta Tahuitl Nikaraguako musika bikoteak arratsaldea girotu zuten atzokoan.
(Argazkiak: Maria Maya Manterola)