1974. urtean kantxaratu zuen Pulpok bere lehen eskubaloi taldea. Ordutik hazi egin da kluba, baliabide aldetik, baina, bereziki jokalari aldetik. Gaur egun ehunka lagunek janzten dute Zumaiako eskubaloi klubaren kamiseta. "Kimuen mailatik hasi eta seniorrera arte 28 talde atera ditugu amaitu den denboraldian", azaldu du Pulpo Eskubaloiaren presidente Iban Narbaizak.
Klubaren mende erdia ospatzeko, ekainean zehar egingo den ekitaldi sorta prestatu du Pulpok. Urteurreneko jarduerak, baina, ez dira uda hasierara mugatuko eta udazkenera eta negu hasierara luzatzeko asmoa erakutsi dute.
Pasa den igandean egin zuten urteurreneko lehen ekitaldia. Eguraldia lagun zutela, eta Euskadiko Eskubaloi Federazioak antolatuta, infantil mailako neska-mutilen hondartza-eskubaloi topaketa egin zuten Santiago hondartzan. Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako infantil mailako klubetako jokalariak bildu ziren festa giroan, eta ohikoa ez duten eremu batean, eskubaloira jokatzeko.
Bihar, 19:00etan hasita eta Alondegiko Oxford aretoan, emakumeek eskubaloian izan duten bidea eta gaur egungo errealitatea izango dute hizpide. "Emakume erreferenteen iritzia jaso nahi dugu mahai-inguru honen bidez. Beraien bizipenak kontatuko dituzte, momentu zailak, baina baita bizipen positiboak ere". Ainhoa Azurmendi kirol aholkulariak eta eskubaloiko jokalari ohiak gidatuko du saioa, eta solasaldiko parte hartzaileak Ane Herrero entrenatzaile saritua eta jokalari ohia, Idoia Larrañaga Orio klubeko presidente eta jokalari ohia eta Ruth Ibarbia Pulpoko zuzendaritzako kidea eta jokalari ohia izango dira.
Kirol gala eta omenaldia
Ekainaren 14ean, ostiralez, 19:00etan, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak urtero antolatzen duen gala hartuko du Aita Mari aretoan. Bertan, omenaldi berezia egingo diete Pulpo Eskubaloiaren kamiseta jantzi zuten lehen emakumeak eta gizonak omenduko dituzte. Jarraian, behin gala amaituta, afaria eskainiko diete jokalari hauei guztiei eta klubeko zuzendaritzako partaideei. Afaria, non bestela, Pulpo elkarte gastronomikoan egingo dute.
Igandean, hilaren 16an, Pulpo Txiki eguna ospatuko dute. "Kimuen mailako festa izango da, eta Euskal Herriko klubez gain, inguruko erkidegotakoak ere gonbidatu ditugu", dio Narbaizak. Hala, goiz partean, bost jokalariko taldeen partidak jokatuko dituzte Aita Mari futbol zelaian, eta talde osokoak herriko leku desberdinetan: Zumaienan, Lubakin, Herri Eskolako frontoian eta ondoko aterpean. Jarraian, parte hartzaileentzako parkea eta mokadutxoa izango dira.
Ekainaren 22an eta 23an karpa handia jarriko dute Eusebio Gurrutxaga plazan. "Garagardo azoka handi bat izango da, parrillada erraldoi batekin". Larunbatean, hilaren 23an, beteranoen arteko partidak jokatuko dituzte, "jokalariak apuntatzen badira", eta ondoren triki-poteoa, bazkaria eta musika saioa izango dute. Igandean, berriz, ekainaren 24an, goiz partean infantil mailako neska-mutilak gurasoen aurka arituko dira eskubaloian. Klubeko gazteei ere bazkaria emango diete egun horretan karpan.
Udazkenean ere ekitaldiak
Espainiako Eskubaloi Federazioak ere Pulpok urte hauetan guztietan egindako lana aitortuko du ekainaren 15ean Santander (Kantabria, Espainia) egingo duen galan. Kirol-merezimendurako oroigarria emango dio federazioak klubari.
Udazkenean, berriz, Talentu Eguna bezala izendatutako egunean, Bera Bera emakumezkoen taldearen bisita antolatu nahi dute. "Oraindiz ez dugu data zehaztu, izan ere, datorren denboraldirako egutegia oraindik zehaztu gabe dago". Talde donostiarrak sekulako denboraldia egin du eta liga, kopa eta superkopa irabazi ditu. Pulporen helburua ligako jardunaldi bat hartzea izango da, eta ondoren klubeko lagunek izatea aukera beraien erreferenteekin argazkiak ateratzeko.
Urtea amaitzeko, Espilla memoriala jokatuko dute Lubakin, abenduaren 30ean. Bertan, klubeko taldeak Euskadiko selekzioekin neurtuko dira. Urte hauetan guztietan klubaren zuzendaritza osatu duten lagunak ere omenduko dituzte.