Irene Irureta: "Bakarkako bidean nire estiloa bilatzea zaila izan da"

Mireia Galarza Bastida 2024ko eka. 4a, 10:00

Irene Irureta ilustratzaile zumaiarra. (Mireia Galarza Bastida)

Irrimarra utzita, bakarkako ibilbidea hasi zuen Irene Iruretak (Zumaia, 1989) pasa den urtean. Harrezkeroztik lanean dihardu, eta berriki kolaboratu du 'Dardarak' liburuan.

Dardarak liburuan parte hartu duzu ilustratzaile bezala. Gustura emaitzarekin?

Proiektua elkarlan handi baten emaitza da. Poz handia ematen du denbora asko hartu digun lan bat azkenean esku artean izateak. Behin betiko ilustrazioak egin aurretik, taldea osatzen dugun Joana Aurrekoetxea gidoilariak, Karmele Mitxelena idazleak eta nik hainbat bira eman genizkion hasieran sortutako story board-ari. Bakoitzak proposatzen genituen ideiak edo aldaketak kontuan izanda, liburuan agertzea nahi genituen xehetasun guztiak daudela esango nuke. Bukaerako itxura ere guk nahi genuena izan da.

Etxean aurkeztu berri duzue. Nolako harrera jaso du liburuak?

Harrera ona jaso du liburuak. Gainera, Joanak eta Karmelek liburua aitzakiatzat hartuta sortu duten erakusketak asko lagundu du horretan. Dardarak artxiboan erakusketak Maritxuren eta Katalinaren kasua plazaratzen du, eta 500 urtez isildutako genero eta sexu disidentzien inguruko ibilbide bat ere ikus daiteke bertan. Ibilbidea osatzeko, Dardarak bilduman elementuak, informazioa nahiz irudi historikoak nahasten dira.

Egitasmo horrek errelato bat kaleratu nahi izan du, oroimen historikoaren bitartez garaian gertatutako genero, sexu adierazpen eta praktika ezberdinen erresistentziei buruz hitz egiteko. Aldi berean, aitortza eta erreparazio sinbolikoa egitea izan dugu xede, bai eta etorkizun oparo eta desiragarriagoa berrasmatzea ere protagonistentzat.

Kolaboratu duzun lehen liburua al da?

Aurretiaz Irrimarraren izenpean haurrei zuzenduriko hainbat bilduma ilustratu argitaratu ditut, baina Dardarak nire bakarkako ibilbidea hasi dudanetik argitaratzen dudan lehen liburua da. Proposamena lehengo urtean jaso nuen, atzerrira joan baino aste pare bat lehenago. Beraz, prozesuaren zati handi bat kanpotik egin dut. 

Gerora lanean jarraitu nuen zirriborroak sortzen eta beharrezko aldaketak egiten. Irailean Egile saria irabazi nuela jakinarazi zidaten, eta horrek egindako lana ordaintzeko balio izan zidan. Gainera, sari horren bidez, gure lana Egileplus erakusketa programan azaltzeko aukeratuetako bat izan da. Abuztuaren 9tik irailaren 7ra arte ikusgai egongo dira bildumarako sortu ditudan ilustrazio originalak Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuko sarrerako Ataria aretoan.

Istorioa entzun zenuenean, zeren arabera osatu zenituen ilustrazioak?

Lehenik eta behin protagonisten itxura landu nuen. Izaera handiko, baina, aldi berean, ezberdinak ziren bi emakume irudikatzea zen helburua. Aurpegi eta gorputz zahartuak nahi genituen, errealak, euren adinari zegozkienak, egungo estetikaren arauen ikuspuntutik ederrak ez izan arren. Ondoren bildumak izango zituen orrialde guztien story board bat prestatu nuen, eta horren arabera orrialde bakoitza banan-banan landu, aldatu eta koloreztatu nuen. Marrazteko teknika desberdinak erabiltzeko ere baliatu dut liburua.

Limoiak indar handia du. Zergatik?

Liburuko beste hainbat elementu bezala, istorioa indartzeko edo euskal kulturari keinuak egiteko erabili ditut. Kasu honetan, limoiek zaintzaren eta bizitza zikloaren ideia azpimarratzen laguntzen dutela uste dut. Maritxuren pertsonaia eszena batean etxeko lorategia zaintzen agertzen da, eta limoiondoa dago han. Zuhaitz hori azalean eta kontrazalean limoiz beteta agertzen da, zaindua izan denaren isla moduan.

2023an bakarkako bideari ekin zenion Irrimarra utzita. Nola doakizu bide hori?

Ilusioz baina beldur handiz hasi nuen bakarkako bide artistikoa aurreko urtean. Sei urtez bi pertsonaren artean asmaturiko marrazteko modua alde batera utzi eta nire estilo propioa topatzeko prozesua zerotik hastea ez da erraza izan. Gainera, urteetan zehar eginiko lanei esker, ilustrazioaren munduan sona hartzea lortu genuen, eta urtetik urtera geroz eta lan gehiago iristen hasi zitzaigun. Orain nire lekua egiten nabil pixkanaka, baina prozesu artistikoak luzeak dira eta ziztu bizian doan sistema honek eskatzen dituen emaitza azkarrek batzuetan ez didate uzten prozesuaz behar bezala gozatzen.

Zer proiektu dituzu esku artean? Non ikus daitezke horiek?

Momentu honetan, bilduma ilustratu baterako zirriborroak sortzen ari naiz, eta, aldi berean, nire proiektu pertsonalak lantzen jarraitzen dut teknika eta formekin esperimentatuz. Oraindik ez dut webgunerik, amaituta dauden lan gehiago bildu nahi ditut bat sortu aurretik, eta horretan nabil. Bitartean, Instagram bidez 
(@ireneirureta) ikus ditzakete herritarrek igota ditudan lan gutxi batzuk.

Enkarguak jasotzen ari al zara?

Bakarka lanean hasi nintzenean, jaso nituen lehen eskaerak herriko jendearenak izan ziren, eta horrek asko bete ninduen. Ibane Astigarragak Zumaiako Udalak ematen duen Sormen Beka irabazi zuen 2022an Julio Beobideren inguruko proiektu bat egiteko, eta bere proiektuko ilustrazioak nik sortzeko eskatu zidan aurreko urtean. 

Ondoren, Zumaiako Emakumeon Etxeak horma irudi bat margotzeko eskaintza egin zidan, eta zerbait berezia egin nahi izan nuen. Garai hartan Kanadan bizi nintzen, eta Vancouver Mural Festivalen ezagutu nuen errealitate areagotuko horma irudi batekin txundituta geratu nintzen. Horregatik, nire buruari errealitate areagotua duen horma irudi bat egiteko erronka jarri nion. Diseinu eta animazio lanak atzerrian gauzatu nituen, eta Zumaiara itzuli nintzenean horman margotu nuen. Momentuz, Euskal Herrian ez dut beste halakorik ikusi.

Etorkizunean, zer bide hartu nahiko zenuke?

Nire burua sortzailetzat dudanez, sormenarekin zerikusia duen edozein esparrutan jarraituko nuke gustura lanean, egia esan. Nire lanaren gauzarik onena barnebiltzen dituen teknika aniztasuna da: batzuetan liburu baterako ilustrazioak sortu behar ditut, beste batzuetan kartel baterako, noizbait kalera atera behar izan dut horma irudiren bat margotzera edota etxean sartuta geratu izan naiz ordenagailu aurrean animazio bat sortzen. Aniztasun hori niretzat zoragarria da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide