"Ilusioa duten guztiak dira ongietorriak danborradan"

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 7a, 10:00

Sanpedroetako danborrada udaletxe aurrean, artxiboko irudian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Sanpedroetako danborrada indartzeko deia egin du antolakuntzak. Gazteak erakarri nahi ditu, eta jarduera zaharren kontua den estigmarekin bukatu.

Urteroko legez, eta badira dagoeneko hiru hamarkada, danborradaren burrunbak lagunduko du herriko banderaren igoera San Pedro egunaren bezperan. Ekainaren 28an izango da danbor festa, iluntze partean, Foruen Plazan, udaletxe aurrean. Ohi bezala, Zumaiaren alde lan egin duen herritar edo elkarte bat omenduko du sanpedroetako danborradak, eta hark izango du bandera igotzeko ohorea.

80 lagun inguru aterako dira aurten ere kalejira horretan. Antolakuntza batzordeak, baina, kopurua handitzea nahi du, baita kide gazteak batzea ere. Izan ere, batzordeko kide Julio Curielek azaldu bezala, sanpedroetako danborradak badu "estigma bat, eta da jende helduak ez, zaharrek" parte hartzen dutela bertan. Aurreiritzi horiekin hautsi nahi dute batzordeko kideek. "Danborradan edozeinek parte hartu dezake, adin eta genero desberdinetako herritarrek", nabarmendu du Curielek. 

Batzordekidearen arabera, danborradako kide batzuk lehenbizikoz antolatu zutenetik ari dira parte hartzen, eta haiek adinean aurrera doaz. "Duela pare bat urte izan zen danborrada une batez gelditzeko asmoa, baina parte hartzaile batzuei ilusio handia egiten die sanpedroetan danborra jotzeak, eta haiengatik sartu ginen batzordean; horregatik jarraitzen dugu antolatzen".

Horren aurrean, "danborrada indartu" nahi dute, eta "zaharren kontua den estigmarekin amaitu". Zera dio Curielek: "Ilusioa eta gogoa badute, 18 urtetik 90era bitarteko guztiak izango dira ongietorriak".

Entseguak dagoeneko hasi dituzte. Asteazkenetan eta ostegunetan biltzen dira, 20:00etan, Sagarbideko jolastokian. Danborradan parte hartu nahi duten kide berriek ondorengo telefono zenbakietara dei egin dezakete: 685 72 59 12 (Julio) edo 626 05 86 17 (Laura).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide