Eguteraren eguzki parkea eraikitzeko lanak, martxan

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 8a, 15:00

Eguterako hainbat kide eta ordezkari, aste honetan Oikian. (Zumaiako Udala)

Aurreikusi bezala, ekaina hastearekin bat hasi dituzte planta fotovoltaikoaren lanak Oikiako lurretan, eta lanen urratsen berri eman dute, baita horien datak zehaztu ere. Oikiako lursailean elkartu dira Egutera osatzen duten elkarteetako ordezkariak eta zenbait bazkide, eta "zumaiarrak zein inguruko herritarrak proiektu eraldatzaile honetan parte hartzera deitu" dituzte. 

Aurreikusi bezala, ekainean sartzearekin bat hasi dira Eguteraren eguzki parkea eraikitzeko lanak Oikian. Hektarea bateko eremuan jarriko dute planta fotovoltaikoa, eta aste honetan hasi dituzte lanak. 2025eko martxorako energia berriztagarria sortuko duen planta martxan egongo dela uste dute.

Lanen hasiera bertatik bertara ikusteko, Oikiako lursailean elkartu dira Egutera osatzen duten elkarteetako ordezkariak eta zenbait bazkide, eta han bildutakoek "zumaiarrak zein inguruko herritarrak proiektu eraldatzaile honetan parte hartzera deitu" dituzte. "Egutera kooperatibakoa izateak bi abantaila nagusi ditu: batetik, gure argindarraren fakturan aurreztea; eta, bigarrenik, tokiko proiektu jasangarri bati ekarpena egitea", azpimarratu dute.

Lanei dagokienez, hurrengo pausoen datak eta xehetasunak ere eman dituzte. Hona, puntuz puntu:

  • 2024ko ekaina-urria: obra zibila. Besteak beste, lursailaren egokitzapena eta lur mugimendua egingo dituzte udara amaitu bitartean. Ondoren, bideak eta hesi perimetralak eraikiko dituzte (irailetik urrira bitartean).

  • 2024ko iraila-urria: egiturak trinkotu. Oinarrizko lan horiek eginda, egiturak tinkatzen hasiko dira 2024ko irailean. Prozesu horretan, eguzki plakak helduko dituzten zutoinak sartuko dituzte lurrean; zutoin horien gainean muntatuko dute egitura, eta, horien gainean, eguzki panelak.

  • 2024ko urria-azaroa: instalazio elektrikoa. Lan horiek eginda, kableak jartzeko zangak induskatuko dituzte. Jarraian, instalazio elektrikoari lotutako lanak ere egingo dituzte: modulu guztien interkonexio elektrikoa, kableatzea eta konexionatzea.

  • 2024ko azaroa-abendua: egitura muntatu eta plaka fotovoltaikoak jarri. Azarotik abendura bitartean eguzki plakak helduko dituzten egitura muntatuko dute. Ondoren, egitura muntatuko dute, eta, jarraian, modulu fotovoltaikoak muntatuko dituzte.

  • 2024ko abendua-2025eko urtarrila: martxan jartzea. Eguzki parkea eraikita, honakoa martxan jartzeko beharrezko lanak egingo dituzte. Honakoak, zehazki: Kontrol Gainbegiralea (SCADA) eta monitorizazio plataforma sortuko dituzte, eta transformazio zentroa eraiki.

Arreta bulegoaren azken egunak

Gogorarazi dutenez, kooperatibako bazkide egiten diren herritarrek, "kapital ekarpen baten truke, euren etxeetako argindar kontsumoaren %100 estaltzeko adina energia jasoko dute".

Bestalde, azaldu dute bazkidetza kanpainaren lehen fasea amaitu dela, eta hemendik aurrera, inguruko herrietako herritarrek, merkatariek zein enpresa txikiek Egutera kooperatiban sartzeko aukera dutela. "Gehienez ere 25 kilometroko erradiora arteko lekuetan bizi direnei onartuko zaie Eguteran sartzea, eta lehentasuna gertuen daudenek izango dute", nabarmendu dute.

Egutera energia kooperatibak  arreta bulegoa dauka Kofradian, baina hori ekainaren 27an itxiko dute, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte elektrizitate faktura batekin bertara joatera. Datorren astelehenetik aurrera ordutegia zabalduko dute: 16:00etatik 20:00etara bitartean egongo dira bertan, astelehenetik ostegunera. Dena den, Internet bidez ere hasi daiteke bazkide egiteko prozesua, www.egutera.ekiola.eus webguneko formularioa beteta.

Bilerak herriko hainbat sektorerekin

Horrez gain, ekainaren 13an, ostegunarekin, herriko dendari, zerbitzu profesionaletako kide, tabernari eta elkarte gastronomikoetako ordezkariekin bilduko dira, proiektuaren inguruko xehetasunak aurrez aurre eman eta zalantzak argitzeko.

Horiek guztiek hasierako kapital ekarpena zatika ordaintzeko aukera izango dute.

Hainbat bilera egingo dituzte: 10:00etan tabernariekin; 15:00etan dendariekin; eta, 19:00etan elkarte gastronomikoetako ordezkariekin elkartuko dira. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide