GUTUNA

Zergatik ez da bete gehiengoaren hitza?

Haritz Alberdi, Anuska Esnal eta IƱaki Ostolaza 2024ko eka. 13a, 17:00

Itzurun hondartza.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, Anuska Esnal Orioko alkateak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak sinatutako iritzia da honakoa. Udako denboraldia hastear den honetan, Gipuzkoako hondartzetako sorospen zerbitzuen eta bestelako zenbait ekipamenduren kostua udalek ordaintzen dutela azaldu dute bertan, Bizkaian ez bezala.

Udara heltzeaz batera, hasi berriak edo hastear dira Gipuzkoako kostaldeko udalerrietako hondartza denboraldiak ere; ekainaren 15erako, guztiak martxan izango ditugu. Baina, beste behin, kostaldeko udalerriok geure gain hartu beharko ditugu zerbitzu hori emateak eragiten dituen gastuak.

Askok eta askok jakin ez arren, udako denboraldian Gipuzkoako hondartzetan ematen diren sorospen zerbitzuen eta bestelako zenbait ekipamenduren kostua kostaldeko udalok ordaintzen dugu; hau da, kostaldeko udalerrietako herritarrek ordaintzen dute. Bizkaian, aldiz, Bizkaiko Foru Aldundiak hartzen ditu bere gain bertako hondartzen kudeaketa gastuak. Baina nola da posible Gipuzkoan eta Bizkaian irizpide bera ez izatea?

Galdera bera egiten dugu idatzi hau sinatzen dugun alkateok ere. Urteak daramatzagu Bizkaiko kudeaketa eredua Gipuzkoan ere aplikagarria dela adierazten, baina, orain artean, ez dugu gure eskaerak asebetetzen dituen erantzunik jaso.

Gure eskaerak ez dira kostaldeko udalon apeta huts bat; gure eskaeren funtsa hondartzetako kudeaketa zerbitzuaren kalitatea bermatzea da, hala nola hondartzetako sorosleen profesionalizazioa, haien lan-baldintza duinak, edota herriz herri antzeko zerbitzua emateko nahia. Eta, noski, baita gure herritarrek nahiz kanpotik datozen milaka lagunek espazio natural hauetaz segurtasun osoz gozatzeko duten eskubidea ere. Hori horrela, urtea joan urtea etorri, eskaera berarekin jotzen dugu Foru Aldundira.

Hondartzeko garbitasunari dagokionez, urteak dira Gipuzkoan eta Bizkaian kudeaketa eredu bera aplikatzen dela, eta, agerikoa denez, kudeaketa horri esker, asko hobetu da gure lurraldeko hondartzen egoera. Hain zuzen ere, horrexek berak, bai eta Bizkaiko hondartzen kudeaketa integralak ere, argi erakusten dute ez dagoela inongo arrazoirik hondartzen kudeaketa integrala Foru Aldundiak bere gain hartu ez dezan.

Hala, egoera bideratu eta irtenbide bat bilatze aldera, Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman genuen gaia, 2023ko abenduan, eta gehiengoz erabaki zen 2024ko hondartzen kudeaketa integrala Foru Aldundiak bere gain hartzea; era berean, zenbait arrazoi tarteko kudeaketa hori aurrera eraman ezin izanez gero, hondartza zerbitzuak 25.000 biztanletik beherako herriei sorturiko gastuak Aldundiak ordaintzea onartu zen.

Alderdi desberdinen arteko adostasunak mandatu demokratiko bat argi ezarri zuen Batzar Nagusietan, eta mandatu hori errespetatu egin behar da, baina, oraingoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du urratsik egin 2024an kudeaketa integrala bere gain hartzeko, eta, beste behin, kostaldeko udalok antolatu behar izan dugu hondartzen zerbitzua. Dirudienez, 2025era begira kudeaketaren inguruko adostasun bat bilatu nahi da, kudeaketa integrala nola ulertzen den, zer jaso behar duen, etab. Hala adierazi digute Foru Aldunditik. Lanketarekin ere hasi dira, antza, eta guk, noski, gure ekarpenak egingo ditugu, orain arte bezala. Gure aldetik, argi dugu Bizkaian aspalditik egiten den kudeaketa oinarri sendoa izan daitekeela Gipuzkoarako ere.

Nolanahi ere, eta aurrez adierazi bezala, Batzar Nagusietan gehiengoz onartutako erabakiak bazuen bigarren eskaera bat ere, zerbitzuaren kudeaketak 25.000 biztanletik beherako udalei sorturiko gastuak Foru Aldundiak ordaintzearena, hain zuzen. Dena den, Aldundiko ordezkariekin orain arte izan dugun hartu eman apurrean, bizkarra eman zaio eskaera horri, eta aitzakiak jarri dira, bata bestearen atzetik, gaia luzatu eta erabakitakoa ez betetzeko.

Gure iritziz, udalen antzera, Aldundiak ere baditu tresna egokiak, egoerak hala eskatzen duenean, beharrezko diren diru mugimenduak egin eta Batzar Nagusietako mandatu demokratikoa egikaritzeko. Beraz, zergatik ez da betetzen Batzar Nagusietako mandatua? Zer arrazoi dago gehiengoaren hitza ez errespetatzeko? Nahi izatea ala ez izatea, hortxe dago koska.

Sinatzaileak:
Ainhize Azpiazu Azkarraga (Mutrikuko alkateordea)
Iñaki Ostolaza Esnal (Zumaiako alkatea)
Haritz Alberdi Arrillaga (Getariako alkatea)
Anuska Esnal Oliden (Orioko alkatea)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide