Hondartza denboraldi hasiera: oztopoz betetako bidea

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 14a, 09:00

Bihar, ekainaren 15ean, hasiko da hondartza denboraldia Zumaian. Irailaren 15era arte, hiru hilabetez izango da denboraldia martxan, eta hari begira aldaketa batzuk egin behar izan ditu udalak Itzurun zein Santiago hondartzetan. 

Larunbatarekin batera abiatuko da hondartza denboraldia Zumaian. Eguraldiak laguntzen badu, behintzat, makina bat herritar eta bisitari hurreratuko da herriko hareatzetara, Itzurunera zein Santiagora. Bainu sasoiari begira, “aldaketa garrantzitsuak” egin behar izan dituztela azaldu du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak aste honetan eskainitako prentsaurrekoan. 

Ekainaren erdi aldera eramango duen bidea oztopoz beteta egon dela ondorioztatu daiteke alkatearen hitzak entzunda. Hala, Talaimendiko magala egonkortzeko abiatutako lanak izan zituen hizpide. Azaldu zuenez, eremu horren kudeaketa Espainiako Gobernuko Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiari dagokio legez. “Aspalditik hasi zen udala zuzendaritzarekin tratuan. 2015-2019 agintaldian exekuzio proiektu bat egin zen Itzurungo malda guztietarako, zuzendaritzaren Gipuzkoako ordezkaritzak eskatuta. Milioi bat euro baino gehiagoko kostea zuen. Madrili eskatu zitzaion gastua bere gain hartzeko, baina haien erantzuna ezezkoa izan zen; ‘udalak obrak egin zezala’ izan zen erantzuna”. 

Malda horren segurtasunak izan du eragina hondartzaren garbitasunean, Ostolazaren arabera. Gogoratu zuen aldundiaren ardura dela Zumaiako bi hondartzak garbitzea, eta orain gutxira arte arazorik egon ez dela azpimarratu zuen. Orain bi urtera arte. “[Garbiketa lanak egiten dituen] Enpresako prebentzio arduradunak magalean arazoak ikusten zituela esan zigun, eta langileen segurtasuna bermatze aldera garbiketarako erabiltzen dituzten makinak arrapalan behera ez zituztela jaitsiko. Aldundiak, berriz, garbiketak eskuz ezin zirela egin zioen”. Aldundiarekin eztabaidatu ondoren, hesi berde bat jarri zuten arrapalan eta magalean zeuden harri solteak kendu. “Iazko udan horrela egin genuen lan”. 

Aldundiak, baina, magalean “ganorazko hesi” bat jarri behar zela esan zion udalari. “Hasiera batean aldundiak esan zuen exekuzio gastuak berak ordainduko zituela, eta hesia jartzeko 130.000 euroko kostea zuen proiektua aukeratu zen”. Denbora aurrera zihoan eta, alkatearen esanetan, aldundiak ez zuen erantzun gehiago ematen. “Hirugarrengo saiakeran esan zigun ez zuela dirurik, ez zituela lanak ordainduko. Korrika eta presaka aurrekontua aldatu behar izan dugu lan horiek egin ahal izateko. Ez dagokigun leku batean ez dagokigun lan bat egin behar izan dugu”. 

Hesia jartzeko lanak hondartza denboraldiaren hasierarekin batera amaituta egongo zirelakoan ziren udalean. Baina, atzerapenak izan dira eta dena ondo bidean datorren asteazkenerako bukatuta egongo direla espero dute. 

Hondartzetako kantinak 

Zumaiako bi hondartzetako kantinen inguruan ere aritu dira Kosta Zuzendaritzako teknikariak. “Bilera batera deitu gintuzten otsailean, otsailaren 14an hain zuzen, eta han esan ziguten Itzurungo terrazan ez ginela gauzak ondo egiten ari. Azalera bat markatu behar izan dugu terrazan, eta mahaiak handik kanpo ezingo dira jarri”. Aurtengo sasoira arte mahaiak petrilaren alboan jarri dituzte, eta hondartzako erabiltzaileentzako bidea hormaren albotik joan da. Aurten, ordea, Kosta Zuzendaritzak behartuta, pasabidea petrilaren albotik joango da, eta mahaiak hormari itsatsita.  

Santiagoko Portutxiki kantinaren terrazagatik ere isun bat jaso dutela ere adierazi zuen Ostolazak, “1.500 euroko isuna jaso genuen terrazaren tamaina arauek diotena baino zertxobait handiagoa delako. Jasotzen dugun bigarren isuna eta mehatxatu gintuzten hirugarren isun bat jasoz gero, kantinaren kontzesioa kenduko zigutela”. 

Ez da izango gaur-gaurkoz itxita dagoen Santiagoko kantinak izango duen aldaketa bakarra. Izan ere, Erdiko haitz inguruko kantinaren alboan zeuden komunak orain behera, hondartzara, jaitsi beharrean aurkitu da udala. “Hondarretara eramaten duen arrapalaren azpian joan behar zuten komunek eta beste zerbitzu batzuek. 2018an kantina Erdiko haitzen jartzea erabaki zuten. Gu udalean sartu ginenean gure asmoa arrapala azpi hori zerbitzuz betetzea zen, baina pandemiak geratu arazi egin gintuen, eta oposizioak ere nahiago zuen kantina Erdiko haitzen mantendu”. 

Hala jarraitu zuten gauzek Kosta Zuzendaritzako arduradun berriak bestelako agindua eman zien arte. “Hark esan zigun arrapalako zerbitzuak egitea nahitaezkoa zela eta aurten egin behar zirela lanak. Urtebeteko epea eman zigun lanak egiteko, baina behartu gintuen aurten bertan komunak Erdiko haitzetik arrapala albora eramatera. Hala, kantina goian mantenduko da, baina komunak behean. Eskatu genien kantinako langileentzako bazen ere komun txiki batzuk jartzeko aukera izatea, baina ez dugu erantzunik izan”. 

Baldintza horiekin, azken urteotan Portutxikiko kantinaren kontzesioa zutenek uko egin diote emakidarekin jarraitzeari. Kantinaren kontratua berriro atera du udalak lehiaketara, eta interesdunik bada, uztailaren hasierako martxan egotea espero dute.  

Santiagon baita ere, pasarela irisgarri berria jarri dutela ere esan zuen alkateak. 

Sorosleak 

Sorosleentzako lokalak atondu eta txukundu dituztela ere azaldu zuen alkateak, “Itzurunen zein Santiagon”. 

Sorosleen ardura Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzeko udalek azken urteotan egindako mugimenduak ere gogoan izan zituen Ostolazak, “Bizkaiko hondartzetako sorosleekin gertatzen den bezala. Udalentzako koste handia suposatzen du, eta Batzar Orokorrek erabaki zuten ardura hori eta horrek suposatzen duen kostearen %100 bere gain hartu behar zuela aldundiak. Orain esan digute ezetz, aurten ez dutela ardura hori hartuko, eta sorosle zerbitzua emateko lehiaketa egin behar izan dugu”. 

Animaliarik ez hondartzetan 

Ostolazak gogoratu zuen, baita ere, ezingo dela txakurrik eta bestelako animaliarik eraman hondartzetara denboraldiak irauten duen denboran, ekainaren 15etik irailaren 15era. “Debekatuta dago txakurrak eramatea hondartzetara eguneko 24 orduetan. Eta ez soilik hondartzan bertan, baita Santiagoko dunetan eta padurara eramaten duen guneetan ere”. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide