IRITZIA

Solilokioa

Aritz Mutiozabal 2024ko eka. 15a, 11:00

Aritz Mutiozabal kazetariak maiatzeko Baleike aldizkarian argitaratu zuen iritzi artikulu hau.

Gaztetxo nintzela kalera bakarrik irtetekoa banintzen, oihanean kontuz ibiltzeko hamaika beldur txiki barneratu zizkidan amak: Walking Dead-eko yonkiak, gozokiak eskaintzen zituzten agure pederastak, garaiko marrazki bizidunen kromoekin auto batera igotzera gonbita egiten zutenak (ondoren nire organoak merkatu beltzean saltzeko), eskale sospetxosoak... eta, jakina, gero gure irudimenak sortu zituen beste basapiztia batzuk zeuden: Star Wars edo Stark Trek sagako estralurtarrak, V telesaileko muskerrak eta Freddy Krueger, Jason edo larru azal aurpegidunak. Maremagnum horretan, baziren kalez kale bakarrik hitz egiten ibiltzen ziren bakan batzuk. Agian, oldartze gutxien eragin zezaketenak, baina oilo ipurdia jartzen zizutenak aldamenetik pasatzen ziren aldiro. Gizarteak asimilatuta zeukan pertsona haiek eroak zirela.

Duela gutxi, aurrez aurre zetorkidan gizonezko batek zerbait esaten zidala ohartu nintzen. Nik buruarekin kasu egin nion, eta "barkatu, zer?" galdetu. Hark bere matrakarekin jarraitzen zuen, nire harridurarako. Segundo erdi batean burutik pasatu ahal zaizkidan pelikula baterako gidoiak: kartera lurrera erori zait, plaierotako argazki bat eskatu nahi dit, albiste batean akatsen bat detektatu du, nire anaiarekin nahastu nau, Ander Torriko naizela uste du... Esker txarreko hark ez ikusiarena egin zidan, eta bere hitz jarioan itota egin zuen martxa, haririk gabeko aurikularrak belarrietan iltzatuta. Mundua erotuta dago, eta Munduko Osasun Erakundeak iskin egiten dio gaiari.

Baina jada badaramatzagu horrela urte mordoxka batzuk. Sakelako telefonoa da erruduna. Bekatua! Deabrua! Pulpitutik emandako sermoiak belaunaldiz belaunaldi errepikatu dira telebista etxeetara sartu zenetik, baita bideojoko kontsolak merkaturatu zirenetik ere. Gehienez ordubete egunean! Bestela burua txoriz beteko zaizu! ETBko txoriz ez dakit, baina nire garaiko mutilei Telecincoko titiak sartu zitzaizkigun burura, telesaio guztietan agertzen baitziren azafatak toplessean edo arropa gutxirekin. Beste batzuek nahiago izan zuten Game Boy edo Super Nintendori sua eman Mario iturginak txapinoi enpatxua izan arte. Azken horiek ere bakarrik hitz egiten zuten: "Benga, aurrera! Bai... toma, toma esa! Izorrai!". Eta, tarteka, beldurtu egiten nintzen, zeren pantailetatik kanpo oro har pertsona isilak eta lotsatiak ziren.

Teknologia berriek bakarrizketa komunikatibora ekarri al gaituzte? Whatsapp mezuak audio bidez, online bidezko ikastaroak nahiz tutorialak, influencer-instagramer-youtuberren nartzisismo pornografikoak... Siri, jarri People have the power! Jendeak badu aski botere hardware eta software sofistikatuz diseinatutako gizarte eredu digital honetako oompa loompa izateari uzteko, baina inor ez da gai egun pare batez ere gozoki fabrikatik ihes egiteko. Abstinentziaren tximinoa berehala aztoratuko zaizuela konturatzen zarete nire amaren oihan beltzean.

Hartu opor batzuk mugikorrengandik eta, trukean, bakarrizketak solilokioengatik ordezkatuko dizkizuet: hitz egin zeuen buruekin ahots goran, dituzuen pentsamenduei eta sentimenduei buruz. Baliagarria da barruko kezkak ordenatzeko, estresa eta antsietatea arintzeko, tentsioak deskargatu eta lasaitzeko, eta emozionalki hobeto sentitzeko. Ero arriskutsu batek idatzitako lau duroko gomendio xumea baino ez da lerro hauetan jasotakoa, baina pentsatzen jarrita, kristoren beldurra ematen du nor zaren ezagutzeko lehen urratsa egiteak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide