Pulpo izan da aurtengo Gipuzkoako Eskubaloi Galako protagonista

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 15a, 10:00

Aita Mari aretoan egin dute ekitaldia herriko taldearen 50. urteurrena aitzaki hartuta eta aitortza bereziak egin dizkiete klubeko lehenengo taldeei eta Juan Manuel Txintxila entrenatzaileari. Horrez gain, denboraldi honetan nabarmendu diren jokalariak, epaileak eta taldeak saritu dituzte.

Gipuzkoako eskubaloi denboraldia amaituta, lurraldeko federazioak behar bezala agurtzeko urteroko ekitaldia egin zuen atzo: Gipuzkoako Eskubaloi Gala. Aurtengoan Zumaiako Aita Mari aretoa izan da horretarako hautatu duten lekua; izan ere, herriko taldeak 50 urte bete ditu aurten eta aitortza berezia egin nahi izan diote.

Horretarako, Joxemi Antia Gipuzkoako Federazioko egungo presidenteak eta aurrez Pulpokoa ere izandakoak, klubak egindako ibilbidearen errepaso historikoa egin zuen, eta ondoren, plaka eman zien egungo zuzendaritzako kideei; Iban Narbaiza presidenteari eta Ruth Ibarbia presidente ordeari, hain zuzen ere. Azken hauek, beren aldetik, klubeko lehenengo taldeei egin izan zieten aitortza: 1974an sortutako Pulporen lehenengo taldeari, jubenil mailako gizonezkoena, eta, 1979an sortutako emakumezkoen lehen taldeari, Kadete mailakoa eta Espainiako txapeldun izatera heldu zena. Bada, bi talde horietako partaide izan ziren jokalariak igo ziren oholtzara oroigarria jasotzera eta emakumezkoen talde hartako kapitaina zenak hitza hartu zuen, lehiaz harago doan kirol praktikari balioa emateko.

Nolanahi ere, Pulpoko lehenengo bi talde haietako ez ziren izan atzokoan aitortza jaso zuten herriko klubeko kide bakarrak. Juan Manuel Txintxillari ere omendu zuen federazioak zilarrezko intsigniarekin Pulporen eskutik egindako 47 urteko ibilbideagatik. Atezain gisa hasi zen eskubaloian kadete mailan eta gaur egun klubari lotuta jarraitzen du entrenatzaile lanetan, horrez gain kantxako ordezkari eta zuzendaritzako kide izandakoa ere bada. Hitza hartutakoan, eskubaloian aritzera animatu zuen anaia izan zuen gogoan Txintxillak eta klubean lanean jarraitzeko gogotsu ere azaldu zen.

Aipaturikoez gain, izan zen oholtza gainera igo zen Pulpoko ordezkaririk; izan ere, Elene Alberdi Korta Pulpoko jokalariak golegile nagusiaren saria jaso zuen. Kadete mailan bera izan da Gipuzkoako ligan gol gehien egin dituen neska.

Sari eta aitortza gehiago

Pulporekin batera, izan da urteurren borobila bete duen Gipuzkoako beste talderik aurten; Elgoibarko Sanlo EKT, hain zuzen ere. 25 urte bete ditu eta federazioak hari ere eman zion plaka oroigarria. Halaber, zilarrezko intsignia eman zion Bergarako Juan Luis de la Cuestari eta aipamen berezia egin zioten Luis Epelde Zarautz Kirol Elkarteko argazkilariari. Emakume entrenatzaile onenaren Ana Mari Kreye saria, berriz, Ordiziako Marina Etxeberriak jaso zuen eta epaile onenarena Markel Adanezek.

Horrez gain, federazioko Berdintasun Batzordeari ere egin zioten aitortza emakumeen artean eskubaloia sustatzeko egindako lanagatik eta gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko bidean egindako urratsengatik. Datozen lau urteetarako Berdintasun Plana edota Sexu Jazarpenaren Aurkako Protokoloa garatu dituzte aurten, besteak beste.

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin elkarlanean eskubaloi egokitua bultzatzeko topaketak antolatu dituzten Zarauzko, Errenteriako, Irungo eta Tolosako klubei ere egin zieten aitortza, baita saoi horiei esker Errenterian sortu duten eskubaloi taldeari ere: Erentza Aguaplast. Taldeko jokalari guztiak eta entrenatzaileak igo ziren oholtzara bertaratuek ezagutu zitzaten. Gipuzkoan sortu duten eskubaloi egokituko bigarren taldea da Ereintza Irunen aurretik zegoen Txingudiren ondoren, eta federazioaren nahia da gehiago izatea liga antolatu ahal izateko.

Gala amaitzeko, golegile nagusiak, kiroltasun handiena erakutsi duten taldeak eta Gipuzkoako ligetan eta txapelketetan gailendu diren taldeak saritu zituzten. Oroigarri eta garaikur guztiak banatutakoan, Pulpo elkartearen atarian jarraitu zuen sasoia amaierako eskubaloi festak; izan ere, federazioak jatekoa eta edatekoa eskaini zuen bertan.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide