'Geoparkeko bira' baliabide turistiko berria aurkeztu du gaur Euskal Kostaldeko Geoparkeak

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 17a, 18:00

Deban gaur egin duten aurkezpeneko une bat. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Hiru etapetan egiteko moduko 54 kilometroko ibilbide zirkular batez osatzen da. Geoparkeko parte diren barrualdeko guneak ezagutera emateko apostua dela nabarmendu dute gaur egindako aurkezpenean.

Unescoren Munduko Geoparkearen ezagutzan sakontzeko helburua duen Geoparkeko bira baliabide turistikoa aurkeztu dute gaur eguerdian Deban, Casacampoko paduretara ematen duen behatokian. Bertan izan dira Bertan Jesus de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordea, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailea, eta Zumaia, Deba eta Mutrikuko alkateek, Iñaki Ostolaza, Alazne Txurruka eta Ainhize Azpiazu.

Barriusok aurkezpen ekitaldian azaldu duenez, Geoparkeko bira Euskal Kostaldeko Geoparkea hiru etapatan zeharkatzen duen 54 kilometroko ibilbide zirkularra da. "Ibilbide horrek bisitariei geoparkea ezagutzeko aukera ematen die, itsaslabar, haran eta interes kultural eta turistiko handiko herrien artean dauden bidezidorretan barrena", nabarmendu du kudeatzaileak.

"Kostaldeko GR ibilbideak arrakasta handia duenez, Geoparkeko bira ibilbide hori luzatzeko eta lurraldearen barnealdea (Olatz, Lastur, Itziar) ezagutarazi ahal izateko apustua da. Hiru etapatan banatutako 54 kilometro horiek, azken batean, proposamen berri bat dira lehendik dauden bidezidor eta bideetatik igarotzen den Geoparkearen berri izateko. Geoparkeak zerbitzu turistikoak, ostatuak eta garraio publikoa eskaintzen ditu. Flyschak eta karstak duten indarra aprobetxatu nahi dugu orain arte ezezaguna zen ibilbide batera jendea erakartzeko", azpimarratu du Barriusok.

Eusko Jaurlaritzaren bidez izapidetutako Next Generation funtsekin finantzatu dute baliabide hau, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo Plan Estrategikoarekin erabat bat datorrela ere nabarmendu nahi izan dute. Bira hau jarduera turistikoa desestazionalizatzeko eta deslokalizatzeko aldundiak duen helburuari lotuta dagoela uste Dominguezek. "Gu ezagutzera datozenak gure lurraldean murgildu daitezen nahi dugu, hots, gure lurraldean sar daitezen, nor garen eta nondik gatozen jakin dezaten, gure kultura, gure tradizioak, gure ingurunea eta gure jendea deskubritu ditzaten. Hori guztia iraunkortasuna eta bikaintasuna bandera gisa hartuta”, esan du diputatuak."

Hiru etapa

Esan bezala, hiru etapatan banatzen da gaur aurkeztu duten txangoa. Mutriku-Deba da lehena. 16,6 kilometroko luzera du eta sei ordu inguruan bete daitekeela uste dute biraren sortzaileek. Etapa flysch beltzean hasten da, Mutrikun, geoparkeak hartzen duen eremuaren puntu zaharrenean, eta Arnoko artadia zeharkatzen du. "Kostaldeko eta barnealdeko bistak eskaintzen ditu, euskal baserri tradizionalez osatutako bide bakar batean".

Bigarren etapa, luzeena, Deba-Zumaia da, 19,7 kilometroko ibilbidea, hain zuzen; 1.000 metro inguruko desnibela du eta zazpi orduan osa daiteke. "Historiaurreko Bailara Deba ibaian gora zeharkatzen duen bidea da, Lasturko ur-kanalarekin lotu arte, eta, zalantzarik gabe, biraren tarte politenetako bat da. Gainera, Geoparkearen ikuspegi ezohikoa eskaintzen du".

Azkenik, Zumaia-Mutriku etapa dago; 17,7 kilometrorekin, etapa kostaldetik igarotzen da, 1.000 metroko altuerako desnibela du eta zazpi ordutan osatzen da. "Lurraren historian barrena doan ibilbide bat da, flyscharen edertasunaz bere osotasunean gozatzea ahalbidetzen duena, Elgorriaga, Portutxiki eta antzeko bista ikusgarriekin".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide