Portuko amarratzeen inguruko auzia plenora heldu da

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 2a, 11:00

Zumaiako kirol portua. (Len Bux)

Gai honen inguruko bi proposamen aztertu zituzten pasa den ostegunean egindako ekaineko ohiko udalbatzan, EH Bilduk eramandakoa lehena eta EAJk aurkeztutakoa bigarrena. 

Epaitegietara heldu da azken urteotan Bizkaiko eta Gipuzkoako herri batzuetako portuetan amarratzeekin pairatzen duten arazoa. Plentziako (Bizkaia) eta Donostiako (Gipuzkoa) kasuak dira horren adibide. Zumaian oraingoz ez dago halako arazorik, baina kirol portuko erabiltzaileen artean bada kezka. Hala, erabiltzaile hauek aurkeztu eta EH Bilduk plenora eraman zuen proposamen bat aztertu zuten pasa den ostegunean egindako ekaineko ohiko udalbatzan. Gai beraren inguruan EAJk beste mozio bat ere aurkeztu zuen. 

Zumaiako kirol portuko erabiltzaileek aurkeztutako mozioan irakurri daitekeenez, Eusko Jaurlaritzak 2017an onartu zuen euskal portuetako amarralekuen inguruko araudia. Erabiltzaileen esanetan, agindu horren helburua “arauz kanpoko egoera bat erregularizatzea eta eguneratzea, eta amarralekuak erabiltzeko baimen-prozedurak arautzea bazen ere, hura ezartzen hasteak kezka eta ezinegona sortu zuen kostaldeko herri guztietan”. Aipatu kezka, “irizpideen zehaztugabetasunak eta horiek behar ez bezala aplikatzeak” eragin zuela ere jasotzen zuten mozioan, erabiltzaileen esanetan, agindua ezarri den portuetan “oinarrietan jaso gabeko irizpideak aplikatu” direlako. 

Jaurlaritzaren aginduak antzinatasuna irizpide bezala hartzen ez duela ere salatu dute erabiltzaileek idatzian. “Beraz, ez ditu babesten portuek historikoki bete duten funtzio sozialaren jarraipena bermatzen duten erabiltzaileak, hala nola erretiroa hartu ondoren plaza bat ziurtatua zuten arrantzaleak”. 

Gatazka hau arau berria egin aurretik, “elkarrizketaren bidez”, saihestu zitekeela uste dute portuko erabiltzaileek. “Eta horixe da, hain zuzen ere, amarratzaileen elkarteek eskatzen dutena, elkarrizketa. Esan bezala, gure portuen errealitatea aldatu egin da, eta gaur egun inor gutxik ezagutzen du portuetako egoera amarratzaileek beraiek baino hobeto, gehienak eguneroko erabiltzaileak baitira”. 

Mozioaren bidez, erabiltzaileek eskatu zuten, besteak beste, 2017tik aplikatutako araua berrikustea eta egokitzeko izapideak martxan jartzea; “aurreikusiak dauden amarralekuen esleipen-prozesuak behin-behinean gelditzea eta kaltedunekin, hots, amarratzaileen elkarteekin elkarrizketa hastea”; kirol portuak kokatzen diren udalerrietan tokiko Portuko Udal Batzordeak sortzea; edota amarralekuak esleitzeko prozeduran antzinatasuna irizpide bat izatea”. 

EH Bilduk plenora eramandako mozioa onartuko ez zuela iragarri zuen EAJ-k. Ainhoa Illarramendi zinegotziaren esanetan, proposamen hura EH Bilduk 2022an kostaldeko zenbait udaletara zein Eusko Legebiltzarrera eramandako idatziaren antzerakoa zen. “Dagoeneko izapidetuta dagoen mozio baten erreplika da, eta mozio haren edukiak lantzen ari dira”. Jeltzaleeen esanetan, “dilazio asmo susmagarri samarra antzematen diogu, eta beste batzuk nekez gauzatu edo bete daitezkeen eskariak dira”. 

Erabiltzaileen kezkarekin bat zetozela ere gaineratu zuten, “aisialdirako ontzientzako amarralekuen eskaria gero eta handiagoa delako”. “Hala ere”, jarraitu zuten esaten, “jakin badakigu araudia aldatzeak ez duela arazoa konponduko, benetako arazoa, izatekotan, amarralekuen eskariaren eta eskaintzaren arteko desorekari baitagokio”. Araudia berrikusteko beharra ere ikusten zuen EAJk, “araudia hobetu eta errealitate berrira egokitzeko beharrarekin, alegia. Baina ez horretarako mozioan ezartzen diren irizpideekin. Araudiak legezkoa izateaz gain eginkaria izan behar duelako”. 

PSE-EEko zinegotzi Duñike Agirrezabalagak gogoratu zuenez, beste herrietan ere eztabaida berdina izan da. “Egia da arazo bat dagoela eta gure kirol portuak txiki geratu direla”. Aurkeztutako mozioan jasotako puntu batzuekin “erreserbak” zituztela iragarri bazuten ere, aldeko botoa eman zioten. “Zumaiako portuko batzordea ea sortzen duten, eta ea EAEko portu guztiek ere bat egiten dute arazoari aurkibidea aurkitzeko. 

Proposamena EH Bilduren (9) eta PSE-EE-ren (1) aldeko botoekin onartu zen. EAJk (6), berriz, kontra bozkatu zuen. 

EAJren proposamena 

Gai beraren inguruko beste mozio bat aurkeztu zuen EAJk. Bertan jasotzen denez, aurrez aipatutako Portuko Udal Kontseiluak sortzeko bidean daude. Horrez gain, onartzen dute 2017ko agindua aplikatu zenetik zazpi urte igaro direla, “eta aisialdiko nautikak azken urteotan izan duen bilakaera azkarra ikusita (ondorioz, arazo eta errealitate berriak agertu dira), egiaztatu da araua eguneratu beharra dagoela, egoera berrietara egokitzeko”. Zumaiako EAJk Eusko Jaurlaritza berriari eskatzen dio “jarrai dezala, aurreko legealdian hasitako ildotik, aisialdiko nautikari aplikatu beharreko araudia eguneratuz, gaur egun kirol-portuetan dauden egoeretara egokitzeko”, eta jarrai dezala “kirol-portuen kudeaketa etengabe hobetzeko konpromisoarekin eta konpromiso horrekin”. 

PSE-EE-k bere abstentzioa iragarri zuen, eta esan zuen aurrez aurkeztutako mozioarekin zegoen desberdintasun bakarra hark amarradunen esleitzea geratzea eskatzen zuela.  

EH Bilduk, berriz, ez zuen babestu jeltzaleek aurkeztutako mozioa, “gauza asko daudelako hobetzeko”. Iñaki Ostolaza alkateak aipatu zuen duela urte eta erdi bilera batera deitu zituztela kirol portuak zituzten udalerrietako alkateak. “Iritzia eman genuen, oharrak hartu zituzten, eta gaur arte. EAJk emandako informazioa dugu. Nahiko genuke Jaurlaritzaren bidez jakin izango bagenu, hala geratu zelako”. 

Bigarren mozio honek EAJren (6) aldeko botoak izan zituen; EH Bilduk (9) aurka bozkatu zuen eta PSE-EE (1) abstenitu egin zen. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide