2018an Orioko emakume talde batek egin zuen Zergatik ez? erronka. Orduan arraunean egin zuten Orio-Bilbo-Orio bidea. Zergatik ez? taldeko kideetako bat den Aran Iglesiasek gogoratzen du bederatzi hilabetez aritu zirela prestaketa lanetan, eta esperientzia "polita" izan zela, nahiz eta gero bere horretan gelditu den. Dena dela, oriotarrek hasitako proiektuari jarraipena emango diote orain ondarroarrek. Izan ere, Orioko esperientzia kontuan hartuta, Ondarroako (Bizkaia) Andrak Erramutan izeneko emakume taldeak itsas erronka feminista egingo du asteburu honetan. Ondarroa-Donostia-Ondarroa itsasaldia egingo dute zehazki, eta Orion zein Zumaian harrera ekitaldiak antolatu dituzte.
Larunbat goizean abiatuko du itsasaldia emakume taldeak Ondarroatik, eta aurreikuspenen arabera, 13:00 aldera iritsiko dira Oriora. Dena dela, itsasoaren egoerak iritsiera orduan eragina izan dezakeela aurreratu du Iglesiasek. Guztira, 60 pertsona inguru etorriko direla aurreikusten dute. "2018an, Orio-Bilbo-Orio egin genuenean, harrera goxoa egin ziguten ondarroarrek, eta nolabait, bueltan eman nahi diegu goxotasun hori", argitu du Iglesiasek. Horretarako, itsasora aterako dute emakumez osatutako traineru bat. "Mollarri inguruan itxarongo diegu, eta konpainia egingo diegu, herriraino babestuz", azaldu du.
Trainerua osatuko dute Orioko Zergatik ez? taldeko kide batzuek, bere garaian erronka egiteke "gogoz" geratutako besteren batek edo bestek, eta ondarroarren batek. Oraingoan ere aritu da entrenatzen taldea, batez ere asteburuetan. "Deialdi irekia egin genuen, eta egia esan, kostatu egin zaigu herritarrak biltzea, jende asko oporretan baitago. Mugimendu feministak, ordea, eman digu babesa". Zentzu horretan, herritar orori egin nahi die dei uretako laguntzan parte hartu dezaten. Traineruak Mutiozabal parean amarratuko dituzte, eta batukada batekin, herriko plazaraino egingo dute ibilbidea. Manifestu bat irakurtzea da asmoa, eta guztiek elkarrekin bazkalduko dute plazan.
Pozarren iganderako
Iglesiasek "pozarren" hartu du ondarroarren ekimena. "Harrotasun puntu bat badu erronkak. Ia urte batez entrenatzen ibili ginen, entrenamendu luze eta gogorrak egin genituen, bakoitzaren egoera pertsonalak kontuan hartuta, tartean zaintza lanak zirela. Ahalduntze prozesu horren ondoren, beste emakume batzuek ere halako erronka bati aurre egiteak poza eman digu", gaineratu du. Hori dela eta, antolatzaile oriotarrari gustatuko litzaioke herritarrek bat egitea egitasmoarekin, modu batera edo bestera, uretatik ala lurretik.
Zumaian, igandean
Itsas erronka feministak itzulerako bidea hartuko du igande honetan bertan. Bada, Donostiatik abiatuko da trainerua, eta Zumaian ongietorria egingo diote ontziari, 13:00 aldera. Kalejira eta bazkaria ere antolatu dituzte egoerarako. Arratsaldean, 17:00 aldera, Mutrikura iritsiko da zeharkaldia; 18:30ean Ondarroara ailegatzea espero dute, eta 20:00etan, ongietorria egingo diote traineruari Kalekutzeko eskaileretan.