Aurreiritziei aurre egiten dantza garaikidearen bidez

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 4a, 11:30

Verdini dantza taldearen ikuskizun bateko irudia. (Verdini dantza taldea)

Hotzikarak dantza ikuskizuna aurkeztuko du Verdini konpainiak igandean, Zumaian. Down sindromea duten pertsonek osatzen dute Donostiako dantza taldea.

Donostiako Verdini dantza konpainiak Hotzikarak izeneko dantza garaikideko ikuskizuna aurkeztuko du datorren igandean, Zumaian. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eguraldi onarekin, Odieta frontoian; eta euria egingo balu, Zumaiena ikastetxeko aretora lekualdatuko lukete.

Hiru hamarkadako historia duen dantza talde honek badu berezitasun bat: Down sindromea duten dantzariek osatzen dute. "Proiektua duela 30 urte jaio zen", dio Jesus Muruak, Verdini dantza konpainiako presidenteak eta taldea sortu zuen Isabel Verdini dantzari eta koreografoaren senarrak. "Isabel Bartzelonan (Herrialde Katalanak) zela iloba bat jaio zen Down sindromearekin. Garai hartan sekulako kolpea zen familia batentzako sindrome hori duen haur bat izatea, ez zekiten eta ondo zer zen Down sindromea. Isabelek bere ahizpari esan zion ez kezkatzeko, iloba ere, izeba bezala, dantzaria izango zela. Hala jarri zuen martxan proiektua", gaineratu du Muruak.

Hasierako urte haiek gogorrak izan zirela gogoratu du konpainiako presidenteak. "Kultur munduan ez ziguten sartzen uzten. Ongizate sailetara joan beharko genuela esaten ziguten, guk egiten genuena ez omen baitzen kultura. Enfrentamenduak ere izan ziren, baita politikari batzuekin ere. Gaur egun, egindako lana onartu dute, lan asko egin da eta", dio Muruak. Lanketa honetan denek ikasi dutela ere azpimarratu du, "bai dantzariek, baita guk ere".

Konpainia hasi zutenetik gaur egunera arte urritasunak dituzten pertsonekiko egon zitekeen iritzia asko aldatu dela ere nabarmendu du. Aurreiritziei aurre egiteaz gain, aho asko isildu behar izan zituztela ere azaldu du Muruak. "Beste kontzientzia bat dago gizartean. Gaur egun telebistan-eta ikusten dira Down sindromea duten aktoreak, eta kirolean ere presentzia dute desgaitasuna duten pertsonek. Hori da gure helburua. Ikus dezatela pertsona hauek zer-nolako gaitasunak dituzten lan egokia egiten badute. Agertoki batean nola dantzatzen duten, zer nolako maila duten, eta zer espresatzen duten, hori jendeak ikusten duenean ikusleari barrenean egoera bat sortzen zaio oso-oso potentea dena".

Aitzindaria

Isabel Verdini "erreferente" bat dela dio bere senarrak. Dantza munduan egindako lanarengatik, baina, bereziki, bere izena daraman konpainiarekin erakutsitako konpromisoagatik. "Isabel aitzindaria izan da Euskal Herrian. Badago jende bat Isabel erreferente bezala hartzen duena". Aitortzaçak ere jaso ditu azken urte hauetan. Hala, duela hamarkada bat inguru, Donostiako Udalak emandako Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen. Aurten, berriz, udal horrek berak San Sebastian jaien harira ematen duen Urrezko Danborra jaso du. "Sekulakoa izan zen. Egindako lanagatik halako sari bat ematea gauza oso handia da. Horrek bultzada ere ematen dio egindako lan guztiari".

Urte hauetan guztietan, ikuskizun desberdinak sortu eta oholtzaratu ditu Verdini dantza konpainiak. Azkena, igande honetan Zumaian ikusi ahal izango den Hotzikarak da. Muruak emanaldia ikustera gonbidatu nahi ditu herritarrak. "Ez dugu esango Verdini zer den. Ikus dezatela zer egiten dugun. Badakigu ikusten duen jendeari ikuspegia aldatzen zaiola", zehaztu du. Garaiak aldatu badira ere, jakitun dira oraindik ere aurreiritziak egon badaudela. "Gure emanaldi bat ikusten baduzu, eta ikusten baduzu zer gaitasun duten pertsona hauek dantza egiteko, dantza nola egiten duten, zer elastizitate duten, zer gogo jartzen duten... nik zera galdetzen dut: hemen nor da desgaitasuna duena?". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide