Begoña Peña, mintzalaguna: "Nabaritzen ari nintzen euskara galtzen ari nintzela"

Ainhoa Baglietto 2024ko uzt. 8a, 11:00

Begoña Peña. (Ainhoa Baglietto)

Gaztetan kanpora joan zen, eta erabat galdu zuen euskara. Orain, mintzalagunen dihardu buru-belarri, euskara berreskuratu nahian; ez du lortzen, ordea, jendeak berarekiko dituen hizkuntza ohitura aldatzerik.

2024ko maiatzeko Baleike aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da hau.

Zein harreman izan duzu haurtzaroan eta nerabezaroan euskararekin? 

Zumaiarra naiz. Ama erdalduna nuen eta aita, berriz, euskalduna, baina garraiolaria; beraz, beti zegoen kanpoan. Gainera, Francoren garaian oso zaila zen euskaraz hitz egitea. Hori dela eta, nik euskararekin apenas neukan harremanik. Aitak beti esaten zidan: "Euskaraz hitz egin", baina ez zegoen modan, eta nik ez nuen erraztasunik. 

17 urte nituela erabaki nuen Londresera joatea; hemendik alde egin nahi nuen. Urtebete egin nuen han eta, ondoren, hiru hilabetez Parisera joan nintzen. Gero, Donostiara bueltatu eta dekorazioa ikasten hasi nintzen. Han erabat galdu nuen euskara. Gainera, Madrilen beste ikasketa batzuk egin nituen, Zientzia Politikoak eta Soziologia, eta han geratu nintzen bizitzen. 

Madrilen ezkondu zinen, ezta? 

Bai, Madrilen ezkondu nintzen eta bi alaba izan nituen. Senarra, nahiz eta hemen jaioa izan, han bizi zen. Bera euskaltzale amorratua zen eta, horregatik, herrira bueltatu nahi zuen. Beraz, aukera izan genuenean, Getxora (Bizkaia) etorri ginen. 

Han Hezkuntza masterra egin nuen, eta orduan esan zidaten ez nuela irakasten hasteko aukerarik euskararik gabe.  Hortaz, euskara berreskuratu behar nuela erabaki nuen, eta urtebeteko ikastaro trinko bat egin nuen herrian bertan. 

Zer moduzko bizipenak izan zenituen ikastaro horretan? 

Sei orduko ikastaroa zen, egunero-egunero. Nire irakaskideek, denek, zer edo zer bazekiten, eskolatik edo, baina nik ezer ez. Gehienera, 'etorri' eta horrelako gauzak esaten nituen. Dena dela, B1 maila lortu nuen. 

Horretarako, erabat murgildu nintzen euskaran. Eskolatik ateratzen nintzenean, ETB1 ikusten nuen; dokumentalak ikusten nituen. Gainera,  kooperatiba batean baratzea neukan, eta euskaraz mintzatzen saiatzen nintzen han. 

Noiz hasi zinen euskara maitatzen? 

Alaba nagusiak erakutsi zidan euskara maitatzen. Berak 8 edo 9 urte zituen gu Getxora joan ginenean. Hasieran, B ereduan sartu nuen, eta oso pozik hartu zuen herri aldaketa. Esaten zidan: "Zer polita den euskara, deklinatzeko modua...", "zein jende jatorra, herri ederra...", eta nik erantzuten nion: "Polita?". Berak euskara ikastea erabaki zuen, eta gaur egun oso ondo mintzatzen da. 

Nik hasieran ez nuen oso gustuko hizkuntza, baina, gero, ikasten hasi nintzen, lasaiago hartzen, eta konturatu nintzen benetan ederra dela. Orain pentsatzen dut: "Nire aitaren hizkuntza da, eta ez dut galdu nahi". Nik hitz egin nahi dut. 

Noiz etorri zineten Zumaiara eta zein izan da zure esperientzia euskararekin eta bertako jendearekin? 

Guk enpresa bat genuen Getxon eta porrot egin zuenean, Zumaian etxea genuenez, hona etortzea erabaki genuen. Hemen, mundu guztiak hitz egiten du euskaraz, baina erdalduna nintzela denek dakitenez, gaztelaniaz hitz egiten didate. Hona etorri eta berehala, euskaraz eskatzen hasi nintzen eta, harrituta, gaztelaniaz erantzuten zidaten. Gaur egun ere hala gertatzen zait.   

Zure euskara maila hobetu al da hona etorri zinenetik? 

Hasieran, etorri nintzenean, nahiko ondo hitz egiten nuen euskaraz, eta B2 maila lortu nuen Zarauzko euskaltegian. Dena den, herrian eta lanean ez nuen lortzen euskaraz hitz egitea. 

Lanean ere arazoak al zenituen euskaraz mintzatzeko? 

Bai, erizain laguntzailea izateko ikasketak egin nituen, baina lankideekin euskaraz saiatzen nintzen bakoitzean esaten zidaten: "Nik egin dut proba eta nahikoa da". Ospitaleko gaixoekin, aldiz, euskaraz hitz egiten nuen, eta asko eskertzen zuten haiek ni euskaraz mintzatzea; baita neuk ere. 

Zumaiara etorri eta zure familia euskaran murgildu al zen? 

Senarra joan zen euskaltegira, eta gaur egun euskaraz ulertzen du; moldatzen da hainbat esaldi egiteko. Gu, ama-alabak, euskaraz egiten saiatzen gara. Nagusienak oso ondo daki euskara; beste alabak, gutxixeago, Eskozian bizi da eta. Hori bai,  bere seme-alabek euskara ikas dezaten nahi du, eta beti esaten du oper euskalduna kontratatu nahiko lukeela, haiei euskaraz irakasteko. 

Noiz sartu zinen mintzalagun proiektuan? 

Nabaritzen ari nintzen euskara galtzen ari nintzela; asko galdu dut. Pena ematen zidan nire aitaren hizkuntza zelako eta, gainera, oso polita da, nire ustez. Horregatik erabaki nuen mintzalagunen sartzea. Kartel bat ikusi nuen, deitu egin nuen, eta orain dela hiru urte sartu nintzen proiektuan. 

Oso pozik nago, gure bidelariak askotan laguntzen baitigu euskaraz mintzatzen –mintzalagunen euskara ikasten ari direnak euskaldun zahar batekin elkartzen dira astean behin, ordubetez. Euskaldun zaharra da bidelaria–. 

Zer egiten duzue mintzalagunen? 

Bost edo sei lagun elkartzen gara, astean behin, eta paseotxo bat ematen dugun bitartean euskaraz hitz egiten dugu. Beste lagunen hitza errespetatzen saiatzen gara, denok hitz egin nahi izaten baitugu; denek praktikatu nahi izaten dugu. Gainera, noizean behin beste plan batzuk ere egiten ditugu: zinemara joan eta abar.

Mintzalagun programan parte hartzeaz gain, beste zer egiten duzu? 

Niri gustatuko litzaidake euskaraz gehiago hitz egitea. Saiatzen naiz euskaraz hitz egiten, baina lagun batek bakarrik egiten dit euskaraz. Beraz, antzerki talde batean ibiltzen naiz Zestoan, euskara eta antzerkia lantzeko, eta egunen batean euskaltegira bueltatuko naiz. Nire aitaren hizkuntza ez dut galdu nahi. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide