Gazteek komunitatean parte hartze aktiboa izan dezaten, diruz lagunduko ditu aurten udalak gazte ekimenak. Izan ere, dirulaguntza deialdia iragarri du, eta jakinarazi du 5.000 euro banatuko dituela halako proiektutan.
Gehienez ere, 2.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute eskatzaileek. Zumaiako 18 eta 30 urte bitarteko herritarrei zuzenduriko deialdia da, eta aisialdiarekin, ekintzailetzarekin, zientziarekin, ikus-entzunezkoekin, teknologia berriekin nahiz argitalpenekin lotutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira deialdira.
Interesdunek irailaren 30era arteko epea izango dute eskaria egiteko, ondorengo dokumentazioarekin batera: jarduera memoria, aurrekontua, dirulaguntza eskaerei buruzko adierazpena, zinpeko aitorpena, proiektuan genero ikuspegia landu den zehaztapena eta euskararen tratamendua jardueraren hedapenean. Zumaiako Udalaren webgunean aurki daiteke eskaera orria eta xehetasun gehiago.