Atzotik zabalik da Alondegiko Oxford aretoan Elisabet Mendiak azken urteotan akuarelaz egindako lanak biltzen dituen erakusketa. Itsasontziak, txalupak eta padurak izenburupean, 34 obrako bilduma jarri du ikusgai, hain zuzen, Mendiak, eta uztailaren 21a arte bisitatu ahal izango da.
Mendiak olio-pinturaz egin zituen haren lehenbiziko margoak 12 urte ingururekin, Felix Vaqueriza margolari donostiarraren eskutik ikasita. Donostian Irakasle ikasketak egiten ari zela ere jarraitu zuen margotzen, Julian Ugarterekin, esaterako. Teknika desberdinekin proba egiteko grinak bultzatuta hasi zen gero Arrasate Margo Taldean –Gipuzkoako herri horretan egiten zuen lan garai hartan–, eta bertan egin zituen lehen urratsak akuarelekin.
Izan ere, Mendiak gogoko du denbora librean edota oporretara doanean margotzea, eta olioz pintatzeak duen konplexutasunaren aldean, "erosoagoa" da akuarelak baliatzea: "Senarrak bizikleta eramaten du oporretara; nik, astoa. Koaderno batekin, lau pintzelekin eta ur botila batekin konpon zaitezke edozein txokotan, baina teknikoki zailagoa da".
Ura eta argia
Zumarragarra (Gipuzkoa) da Mendia, eta Urretxun (Gipuzkoa) bizi da. Baina haurra zenetik izan du halako gerturapena kostaldearekin, baita Zumaiakoarekin ere.
"Herriko hondartza" da harentzat Itzurun haurra zenetik, eta gogoan du nola joaten zen hara amarekin; gerora, nagusiagotan, Santiagora ere bai. Margolanetara ere eraman du Zumaiako kostaldea –erakusketako zazpi lanetan ageri da–, eta txikitan ez bezala, neguan bertaratu da Itzurungo argia, ura eta koloreak mihisean irudikatzera. Haren hitzetan, zuzenean bertatik bertara margotzea da onena hango argia egokien jasotzeko.
Euskal Herriko kostaldeko beste txoko batzuk ere jaso ditu Mendiak. Armintzako (Bizkaia) kaia da horietako bat: "Ahizpa zena Gorlizen bizi zen, eta inguru hartara asko joandakoa naiz. Armintzako kaia ezin hobea da margotzeko, jende gutxi egoten delako".
Ziburuko (Lapurdi) Sokoa hondartzaren ingurua ere maite du Mendiak. "Zoragarria da han margotzea. Koloretako txalupak daude, eta horri ez diote leku askotan eusten. Gero eta gehiago ikusten dira plastikozko txalupa zuriak. Bakoitzaren grazia eta kolorea galtzen ari dira", azaldu du.
Urrutiagoko kostaldeak ere margotu ditu Mendiak. Eta aitortu du desberdina dela horiek koloreztatzea: "Hemengo kaiak mendi tartean daude, baina Ingalaterran marismak erraldoiak dira. Hango margoak ere badaude bilduman, hiru. Lan handia eskatzen dute, eta etxean egiten ditut argazkien bitartez".
Egunero zabalik
Uztailaren 21a artean, egunero zabalduko dute Oxford aretoa. Astelehenetik ostiralera, 18:30etik 20:30era izango da zabalik, eta asteburuetan, 12:30etik 14:00etara ere bai.