“Biok bai” Zumaiako Herri Eskola, Institutuko eta Zumaienako guraso talde batek sortu dugun ekimena da, udaleko euskara arloaren laguntzarekin. Gurasoen artean euskararen erabilera sendotu nahi dugu, jakinda gurasoen hizkuntza “ohiturek” seme-alabengan eragin oso handia daukatela. Bere indar eta muga guztiekin, herrian euskaraz gero eta gehiago hitz egiteko ekimena da BIOK BAI.
Zumaia herri euskalduna dela askotan esan izan dugu, eta kanpotik datozen askok eta askok ere horixe errepikatzen dute. Honek ez du esan nahi, ordea, Zumaian ez denik behar BIOK BAI bezalako ekimenik. Justu kontrakoa: ikerketek erakutsi dute “Zumaia herri euskalduna da” ideiari ñabardurak egin behar zaizkiola: egia da haurrek euskaraz asko egiten dutela kalean, kirol klub askotan eta oro har eskolako giroan, baina badakigu, baita ere, etxean euskaraz egiten duten guraso askorentzat kezkagarria dela seme-alabak kalean lagunekin gaztelaniaz entzutea. Helduen artean, berriz, euskaraz dakitenak 10etik ia 7 izanda ere, kalean asko egiten dute gaztelaniaz. Soziolinguistika Klusterrak egindako hizkuntzen kale erabileraren azken neurketaren arabera, 25-44 urte bitarteko helduen artean 10etik 6k euskaraz egiten du kalean; baina 45-64 urte artean, 10etik 6 pasatxok gaztelaniaz egiten du. Beraz, Zumaian euskaraz gehiago egitea nahi dugunok erronka asko dauzkagu gure aurrean.
Bestalde, mundura begiratu azkar bat emanda, berehala konturatuko gara hizkuntza aniztasuna ahultzen ari dela. Egia da ingelesa, gaztelania edo txinera bezalako hizkuntza gutxi batzuk gero eta jende gehiagok ikasten eta erabiltzen dituela. Hizkuntza aniztasun hori, ordea, hizkuntza hegemonikoen aniztasuna da, euskara bezalako hizkuntzak baztertzen dituena. Guk argi daukagu hizkuntza aniztasunaren alde gaudela: hizkuntza minorizatuen iraupena babestuko duen hizkuntza aniztasunaren alde. Azkenik, badakigu euskaraz hitz egitearen alde daukagun nahia ez dela euskaldunona bakarrik: planetako herrialde gehienetan topatuko ditugu hiztun eta elkarte konprometituak beraien hizkuntza minorizatua indartu nahian. Erronka globala da gurea eta txikitik nahi dugu eragin, Zumaiatik, eta guraso modura.
Maiatzean zehar Herri Eskolan, Institutuan eta Zumaienan abiatu dugu BIOK BAI ekimena. Bi gurasoren arteko borondatezko hitzarmena da BIOK BAI. Bien artean euskaraz hitz egiteko konpromisoa sinatu dute hainbat eta hainbat gurasok. Norbere borondatez, bakoitzak aukeratu du beste zein gurasorekin nahi duen euskaraz hitz egiten hasi, ordura arteko gaztelaniarako ohitura poliki-poliki atzean lagata. Gainera, konpromisoa publiko egin dute gurasoek eta gelako edo koadrilako beste gurasoak BIOK BAI ekimenean parte hartzera animatuko dituzte, ahoz aho, edota sare sozialen bidez.
Ondo asko dakigu ez dela erraza gaztelaniaz “ohitu” diren bi lagun euskaraz hitz egiten “ohitzea”. Badakigu “ohitura” deitzen den horren atzean arau sozial oso indartsuak daudela eta arau horiek, Zumaian eta guraso askoren artean, gaztelaniaz hitz egitea bultzatzen duten arau sozialak direla. Bereziki indartsuak dira arau horiek gurasoak taldean elkartzen direnean. Euskararen aldeko arau sozialak egon badaude, noski, baina gehiago funtzionatzen dute haurren artean edo haurrak tartean daudenean. Eta indar gutxiagorekin, berriz, helduak bakarrik daudenean. BIOK BAI ekimena, hain zuzen ere, bi gurasoren arteko arau sozialetan euskara erdigunean jartzera dator. Uste dugu errazagoa izango dela txikitik handira jotzea, hau da: bi gurasoren arteko “ohitura” aldatzen hasi, eta hortik, poliki-poliki, guraso talde osoaren “ohitura” aldatzea, euskaraz egin dezaten taldean ere.
Lerro hauen bidez herriko guraso denak, eta oro har, helduak animatu nahi ditugu: aukeratu bikotekide bat (guraso edo laguna), aldatu ohiturak eta arauak, eta bihurtu seme-alabentzako eta denentzako eredu!