Asier Albite: "Festa hauek kentzen diena baino gehiago ematen die animaliei"

Juan Luis Romatet | Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 13a, 15:00

Asier Albite, Forondako mendian. (Juan Luis Romatet)

Lanbidez albaitaria, zezen festak sustatzea helburua duen Kalian Gora elkarteko kide da Asier Albite zumaiarra. Elkarteaz jardun zuen ekaineko Zumaia Guka aldizkarian.

Baserri albaitaria zara lanbidez.

Bai. Bestalde, Endoiako Potzualde baserrian sokamuturrerako eta entzierroetarako zezen batzuk jarri ditut duela sei hilabete, eta nire denbora librean zaintzen ditut. Alokatu egin dut baserria, itxitura berriak egin, eta orain ideia da bertako haragia saltzen hastea, baina poliki-poliki ari gara. 

Nondik datorkizu animaliekiko zaletasuna?

Egia esan, askotan galdetzen diot hori neure buruari. Gurasoek ez daukate inongo loturarik mundu horrekin, baina Ibañarrietan bizi ginen, Zestoako landa eremuko auzo horretan, eta lurrak geneuzkan. Gure zaintzaileak animaliak zeuzkan, idi parea, txerria eta oiloak. Arratsaldeetan eskolatik atera eta gero, animaliekin entretenitzen ginen. Sokamuturrerako ganaduak ematen zidan atentzio gehien. Beren izaera da erakargarria: zelaian lasaiak; oldarkorrak kalean. 

Afizioa ofizio bilakatu duzu.

Albaitaritzak alderdi asko dauzka: osasungintza publikokoa izan daiteke, edo txakur eta katuen klinika batekoa, adibidez. Ni baserri albaitaria naiz, eta behiekin aritzen gara gehienbat, esnetarako eta haragitarako behiekin. Euskal Herri osoan zehar egiten dut lan. Autonomoa naiz orain, baina irailetik aurrera hasiko naiz Irurtzungo (Nafarroa) Albaitaritza enpresako langile gisa lanean. Animaliekin igaroko dut egun osoa. 

Zezenekin loturiko jarduerak sustatzeko elkarte bat sortu berri duzue.

Euskal Zezenzale Elkartea pandemia aurretik sortu zen. Animaliari minik egiten ez zaien jarduerak susatzen ditu elkarte horrek: animaliak kalean edo plazan askatzen dira, eta behin jarduera amaitutakoan, etxera doaz berriz. Bi mundu desberdin dira zezenketak eta zezen festak. Euskal Herriko elkarte txikiek parte hartzen dugu hor. Guk geuk duela urte eta erdi sortu genuen lagunarteko elkarte txiki hau. Itziarko, Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako jendea gaude hor, eta Kalian Gora izena du. Afizioa partekatzen dugu. Iaz egin genuen lehen ekitaldia: errekortari txapelketa, Azpeitian. Binaka irteten dira, behi baten aurrera, baina askotan aritutako behiak izaten dira, jada ikasitakoak. 

Gutxitzen ari da zezenekiko afizioa?

Ni neu jaio aurretik Euskal Herriko auzo guztietako festetan egiten ziren sokamutur edo entzierroak. Gutxitzeko arrazoi nagusi bat da, nire ustez, duela 30 urte inguru herritarrak segurtasunaren aldetik berme batzuk eskatzen hasi zirela. Edozein ikuskizunek behar du gaur egun aseguru bat, perimetro bat, kartela... Kontrol bat, ahal dela arriskuak saihesteko. Horri lotutako lege batzuk etorri ziren gero, eta auzo txiki askok ez zuten baliabiderik izan jarduera horiekin jarraitzeko. 

Animaliak zaintzeko nahi bat ere badago, ezta?

Haien ongizatea zaintzeko gogo bat badago gizartearen aldetik, bai. Problematika hori lantzen dugu gure elkartean. Guk geuk uste dugu gehiago dela festa hauek animaliei ematen dietena, kentzen dietena baino. Etxekotuta daude, baina ez dira kaiolatan bizi. Haragi eta esne behiak askoz ere lehenago joaten dira hiltegira, eta kalitate baxuagoko bizitza dute. 

Edozein lekutan egin daitezke zezen festak?

Bai. Itxiturak egokitu behar dira, eta kito. Herri batzuek badituzte beraienak, eta bestela, ondoko herriari alokatzea da aukera bat. Herri bakoitzean formula topatzea da gakoa: zer egin nahi den eta zer leku dagoen horretarako. Horren arabera egokitzen da lekua.

Azken urteotan lau herri gehiagotan egin dira zezen festak Euskal Herrian. 

Bai. Hobetzeko asko daukagu, baina jendeari gertutasun bat eskaini nahian bagabiltza edozein zalantzaren aurrean guregana jo dezaten. Herriz herri, udaletxez udaletxe eta festa batzordez festa batzorde goaz elkarteko kideak laguntza eskaintzen, eta ari gara fruituak jasotzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide