Maiatzean zendutako Koldo Landaluze Zumaiako bizilaguna oroituko dute bihar arratsaldean Zumaian. Herrian bertan eta herritik kanpo sona handia izan zuen Kalea Guztiona Da mugimenduak eta haren lagunek antolatu dute ekitaldia, Landaluze «kalean eta festa giroan» oroitzeko. Erribera kaleko muralean elkartuko dira, 19:00etan.
Axier Lopez Kalea Guztiona Dako kidearen hitzetan, Landaluze "sortzaile hutsa" zen, eta bazuen adierazpen askatasunaren gaiarekiko kezka. "Garai haietan mozal legea-ren afera puri-purian zegoen, eta egun batetik bestera, alkateak bere burua izendatu zuen kalean egin zitekeenari buruz agintzeko", gogoratu du Lopezek. Horrek herritar askori eragindakoa Landaluzeri ere eragin ziola uste du Kalea Guztiona Da mugimenduko kideak.
Lehen asanbladatik parte hartu zuen Landaluzek Kalea Guztiona Da mugimenduan, eta Erribera kalean egin ziren ia ehun muraletan utzi zuen bere aztarna. Dena den, "kalean adierazteko moldeekin esperimentatzeko espazio bat" ere izan zen Kalea Guztiona Da, Lopezek dioenez. "Beste asko bezala", Landaluze ere tematia zela aitortu du, eta "horri esker hiru urte eta erdiko borroka konstantea" izan zuen mugimenduak.
Kalean adieraztea ezkutuan egin beharrekoa izan daiteke askoren begietan, baina bestelako kultur adierazpenez lagunduta eta egun argitan egiten zituzten horma irudiak Kalea Guztiona Dako kideek. Kazetari batekin gertatutakoaz oroitu da Lopez: "Murala egiten genuen bitartean elkartu behar genuen harekin, eta Bilbotik zetorren. Esan nion 17:00etan margotu behar genuela, eta esnatu nintzenean, haren bospasei dei neuzkan, 05:00etan agertu zelako. Udalak debekatutako zerbait eta kalean margotu beharrekoa klandestinoa, zikina eta gutxi batzuen kontua da iruditeri kolektiboan".
Horma irudiaren aurrean oroituko dute Landaluze bihar. Kalea Guztiona Da mugimenduko kideek eta haren lagunek antolatuta, omenaldi xumea egingo diote. Bada sortzailerik antolatzaileen artean: Salda DJa, idazleak, musikariak... Kalean eta jai giroan oroitu nahi dute Zumaiako bizilaguna zena: "Heriotza tartean dagoenean oso serio jartzeko joera dago, inori ez zaiolako gustatzen lagun bat hiltzea, baina Koldo ezagutu duenak badaki festa giroan eta muralaren bueltan oroitzea nahiko lukeela". Musika, garagardoak, inguruko lagunen hitzak nahiz musika emanaldiak izango dira 19:00etatik aurrera.
Sortzaile polifazetikoa
58 urte zituela zendu zen maiatzean Landaluze. Bilboko Santutxu auzoan jaioa, hamarkadak zeramatzan Zumaian bizitzen, eta bertan zuen bizimodua eraikia. Zinema kritikaria izan zen urte askoan Egin irratian eta Egin egunkarian, eta Gara egunkarian azken urteotan. Zinemagintzari lotutako pertsona, urtero izaten zen Donostiako Zinemaldian han erakusten zituzten filmen inguruan idazteko. Zumaiako Ostarrena zinema klubean aritutakoa ere bazen.
Kultur arlo gehiago ere landu zituen Landaluzek. 1990eko hamarkadaren amaieran Taosa liburu denda zabaldu zuen Erribera kalean. Literaturarekin harreman estua izan zuen, eta lau libururen egilea da: Días de barrena (2007), Crónica de piratas: Corsarios y filibusteros (2008), Las hogueras del reino (2009) eta Los perros del rey (2015). Gainera, Zirriborroak, kontatu behar ez nituenak (2023) liburuko ipuinei marrazkiak jarri zizkien.
Komikigilea ere bazen Landaluze, eta garai batean Baleike aldizkarian kolaboratu zuen; marrazkiak egiten zituen harako. Kalea Guztiona Da kolektiboko kidea ere izan zen, eta duela urte batzuk astero izaten zen horma irudiak margotzen Erribera kalean.
Margotutako azken murala gaur egun ikus daiteke Zumaiako erdiguneko kale horretan. Beste herri mugimendu batzuekin ere kolaboratu zuen, eta hark margotutako horma irudiek janzten dituzte herriko txoko batzuk, Torreberriko aterpea edo Ardantzabidekoa, esaterako.