Kamera aurrean egindako lanengatik ezagun egin da Telmo Irureta aktore zumaiarra azken urteotan. Horren erakusgarri da iaz La consagración de la primavera filmean egindako lanagatik lortu zuen aktore berri onenaren Goya saria. Kameraren atzean ere buru-belarri aritu da, ordea, azken hamarkadan, eta horren emaitza, De agua y arena film laburra, ikusi ahal izango da datorren astelehenean, hilaren 29an, Aita Mari aretoan, 20:30ean.
Filma udan estreinatzearen atzean arrazoi bat dagoela dio Iruretak. "Orain estrainatu nahi nuen, data berezia delako niretzako. Uztailaren 30 batean gaixotu nintzen, eta urteurren bat bezala da niretzako". Oso proiektu pertsonala da gauzatu berri duena, txikia zeneko pasarte bat jasotzen baitu. "Txikitan gaixotu nintzen, orduan izan nituen entzefalitisa eta garuneko paralisia, eta gogoa nuen hitz egiteko gaixotasunaren aurreko Telmoz, beste Telmo horri buruz, garun paralisia ez zuen Telmo umeaz. Horregatik, omenaldi antzerako bat egin nahi nion haur hari, berataz ahaztu ez garela esateko", dio.
Amari omenaldia
Telmo haurrari bakarrik ez, bere amari ere omenaldia egin nahi izan dio. "Kontatu nahi izan dut, baita ere, nire amak nola bizi izan zuen ospitaleko denboraldi hura". Hala, amari, Isabel Uriari, eskatu zion gerora film bihurtuko zuen testu bat idazteko. "Gaixotasunarena gertatu zitzaidanean oso txikia nintzen, eta ez dut gogoratzen garai hura. Amak kontatutako istorioarekin nire bizitzako pasarte hori berreskuratu dut, edo ezagutu nolakoa izan zen. Nor nintzen eta nor naizen ikasten ari naiz. Beti ezagutu izan dute nire burua elbarritasun batekin, baina nire lehen bi urteetan beste Telmo bat izan nintzen. Oraindik ere segitzen dut izaten orduko ume txiki hura", adierazi du Iruretak.
Film laburra aurten amaitu badute ere, proiektua duela 11 urte hasi zuen Iruretak, 2013. urtean. "Orduan ez nekien film bat egiteak zer lan eskatzen zuen. Abentura baten moduan ekin nion proiektuari; esperimentatzen hasi nintzen lagun batekin, Maitena Illarramendirekin". Irakasle ikasketak egiten ari zirela ezagutu zuten elkar. "Nire txikitako kontuei buruzko film bat egingo nuela aipatu nionean, lagunduko zidala esan zidan. Bion arteko proiektua izan zen, baina gero, gure gidoiak ondo funtzionatzen ez zuela eta ideia handi geratu zitzaigula ikusi genuenean, Cesare Maglioni sartu genuen taldean. Azkenean, hiru lagun elkartu gara eta hor aritu gara proiektuarekin borrokan", esan du.
Aktorea ere bada Irureta De agua y arena lanean, nahiz eta hasieran uste baino gutxiago agertzen den pantailan. "Hasierako gidoian protagonista nintzen, eta orain gehiago zentratu gara Teresa Calok kontatzen duen historian". Aktore donostiarrak lanik gabe dagoen aktore baten rola jokatzen du film laburrean. "Egun batean, kasualitatez, nire amak idatzitako testu hori aurkitzen du, eta antzerkira eramateko testu polita dela ikusten du".
Aspaldidanik ezagutzen dute elkar Calok eta Iruretak, lehena bigarrenaren irakaslea izan zen eta. "Antzerki eskolako irakaslea izan nuen, interpretazio klaseak eman zizkidan. Bitxia izan da ikustea bere lan egiteko modua. Klaseak ematen ari bazara, zorrotz jarri behar duzu. Baina filmatzen aritu garenean, bera egon da gure aginduetara. Ez nuen espero hain txintxo arituko zenik!", dio Iruretak barre artean.
Aldaketa ugari
Iruretarekin hitz eginda, antzeman daiteke proiektua asko aldatu dela 2013an lehen ideiak izan zituztenetik. "Hasieran Caloren pertsonaia ez zen existitzen. Dena den, guk buruan genuen ideiak ez zuela funtzionatzen ikusi genuenean, erabaki genuen pertsonaia hori sortzea eta aurretik egindako guztia uztea. Film labur bat egitea baino gehiago, bi egitea izan da". Bidean kolaboratzaile izan dituen lagunak eskertu nahi ditu Iruretak. "Bereziki, Txarli Sedano. Hasieran gure kameralaria zan, eta film laburrean bere irudi gutxi dauden arren, asko lagundu digu".
Zuzendari gisa egindako lehen lana erakusteko gogoa du Iruretak. Hala ere, denbora batez ez du zuzendaritzara bueltatzeko gogo handirik. "Estualdi sentipena eragin dit. Nahiago dut norbaitek niri azaltzea zer egin edo esan behar dudan". Lana bukatu izanarekin pozik da, ordea. "Nire bizitzako pasarte garrantzitsu bat da; bukatu egin nahi nuen, eta ondo bukatu. Beste zerbait izan balitz, hortxe utziko nuen bukatu gabe". Umorea ez du inoiz galtzen Iruretak, eta proiektu honi buruz ere barre egiteko gai da: "Hainbeste luzatu da, izena aldatzeko tentazioa ere izan dut: Istorio amaiezina edo Film alu hori!".