Nola jaso musika bezalako espresio ukiezin bat irudietan? Izan daiteke kontzertu bateko irudia, musika instrumentu baten detaile bat; izan daiteke sentsazio bat, keinu bat. Mila eta bat modutara eraman daiteke musika argazkietara, eta horien artean hautua egin behar izan dute Zumaiako XXXVI. Argazki Lehiaketara aurkeztu diren argazkilariek. Izan ere, aurreko urteetan ez bezala –gai librea izan dute aldi honetara arte–, aurten gai jakin batekin inguruko lanak aurkeztu behar izan dituzte parte hartzaileek: aurten berrogeigarren aldia betetzen duen Zumaiako Musika Jaialdiari keinua eginez, musika izan da lehiaketako gaia. Hori bai, kultur jarduera honen hastapenetatik datorren baldintza bat bete behar izan dute argazkilariek, irudiak zuri-beltzezkoak izatea, hain zuzen.
Gai zehatz baten inguruan lan egiteak ez ditu parte hartzaileak kikildu. Edo, akaso, hauspotu ere egin ditu, mundu osoko 97 argazkilarik hartu dutelako parte lehiaketan, 373 argazkirekin –argazkilari bakoitzak lau irudi aurkeztu zitzakeen–. Distira Argazki Elkarteak antolatutako lehiaketako epaimahaia Aitor Arana Arruti, Josetxu Silgo Hernandez eta Jon Atxutegi Pinedo argazkilariek osatu dute.
Autorretratua
Ekainaren 15ean bilduta, eta behin lehiaketara aurkeztutako lanak aztertu ondoren, lehen saria Jose Agustin Gurrutxaga Garagarza argazkilari bergararrari ematea erabazi zuten, Playing in solitude lanarengatik. Aurrez ere Zumaian saritua izan den Gurrutxagak ezin izan zuen Zumaian izan, baina antolatzaileei bidali zien idatzi batean adierazi zuenez, saritutako argazkia etxe zahar batean ateratako autorretratua da. «Biolontxelo bat eskuratu nuen eta zertxobait karakterizatu nintzen». Zailena, aurpegiaren espresioa aurkitzea izan zela gaineratu zuen idatzian.
Bigarren saria Cuencako (Gaztela-Mantxa, Espainia) Jose Ramon Luna de la Ossak irabazi du Enraizados argazkiagatik. Almerian (Andaluzia, Espainia) zela-eta, argazkilariak ezin izan zuen Zumaiara etorri saria jasotzera, baina honek ere idatzi bat igorri zuen eskerrak eman eta irudiaren inguruko azalpenak emateko. «Egia esan, argazkia poesia bisual bat da, paretan zintzilik dagoen koadro bat, partitura musikal bat markoztatuz. Bere barnetik sustrai bat irteten da, markoaren mugak gaindituz, musika ikusgaietatik haratago nola hedatzen eta loratzen den sinbolizatuz, artea arimarekin lotuz».
Bizitzaren ospakizuna
Lehiaketako hirugarren saria are eta urrutiago joan da aurten, Estatu Batuetako Kaliforniara, hain zuzen: Rachel Steele argazkilariak irabazi du A night in with crowd control argazkiagatik. Logikoa denez, argazkilaria ez zen Zumaian izan saria jasotzen, baina beste bi sarituek egin bezala, honek ere idatzi bat bidali zuen antolatzaileek hala eskatuta. Honela zioen: «Musika da gizakiok dugun oparirik handiena. Emozioak ekartzen ditu gogora, gure eguneko ametsak garraiatzen ditu, eta belaunaldien arteko arrakala gainditzen du. A night in with crowd control bizi izandako bizitza baten ospakizuna da. Edozein lekutara etor dakigukeen musikaren ahalmenaz... edozein momentutan. Inork ez daki zer oroitzapen edo emozio ekar ditzakeen abesti batek, ezta zein musika motak hunkitzen duen ere. Musikarik gabe bizitza aspergarria eta erromantzerik gabea da.
Zumaiar onenaren saria, berriz, Juan Ramon Llavori Romatetek irabazi du 2Viktor lanarengatik. Zumaiarra izan zen sari banaketa ekitaldian, eta argazkiagatik esan zuen duela lau urte atera zuela Donejakue bidea egiten ari zela. «Ukrainako musikari batekin topo egin nuen, ezkontzetan eta jotzen aritzen dena bere taldearekin. Argazkia arkupe batean atera nuen, eta zailena argi puntua aurkitzea izan zen».
Lehiaketara aurkeztutako lan onentsuenekin erakusketa zabaldu dute Alondegiko Oxford aretoan. Abuztuaren 11ra arte bisitatu ahal izango da, egunero 18:30etik 20:30era.