Thais Torra (Andorra, 1988) arkeologoa da. Historia ikasi zuen Bartzelonan, eta gero ondare arkeologikoan espezializatu zen. Unibertsitateko ikasketak burutzen ari zen bitartean Bartzelonako egiptoar museo batean aritu zen lanean, haurren arkeologiako jardueretan. Ondoren, ikerketa arkeologikoan aritu da, ahal zuen guztian. Torraren arabera, "arkeologia ikasten baduzu, asko gustatzen zaizulako da". Bera Ekialde Hurbilean, urpeko arkeologian eta itsas ondarean espezializatua da. Arkeologoaren arabera, "oso irakasle onak zeuden feminismoaren edo emakumeen historiaren jakindurian, nahiz eta artean ez zen entzuten ezer genero arkeologiaz edo arkeologia arloko emakumeez". Beti izan du jakin-mina historian zehar emakumeek izandako rolaz.
Arkeologiako borondatezko praktika asko egin izan ditu, garai askotako urpeko arkeologian nahiz goi-mendietako arkeologian, horiek bere lanarekin uztartuz.
Zer egiten du andorratar batek Zumaian?
Lau urte pasatu dira Zumaiara bizitzera etorri nintzenetik. Gauza batengatik baino gehiagorengatik etorri nintzela esan daiteke, baina, bereziki, maitasunagatik. Nire bikotekidea zumaiarra da, eta hemengo bizi-egoera oso ona da. Bikotekideak lan egonkorra dauka, eta niri lekua gustatzen zait bizitzeko. Egia da niretzat zailagoa dela hemen bizitza egitea nire ingurunean baino, hizkuntzarengatik gehienbat. Hemen edozein lanetan jarduteko euskarazko C1 ziurtagiria eskatzen dizute, eta nire alorrean lan egin nahi badut, zeresanik ez. Nik beti egin dut lan ikasi dudan alorrean, eta alde horretatik egiten zait pixka bat zaila [gidari lanak egiten ditu Torrak], baina euskara ikasten ari naiz, eta nahiz eta zaila iruditzen zaidan, pixkanaka egingo dugu aurrera. Horrez gain, kultura oso markatua duen herria delako gustatzen zait Zumaia.
Nolatan gerturatu zinen arkeologiara?
Nire ustez, oso garrantzitsua da etxean jasotzen dugun heziketa. Nire gurasoei inoiz ez zaie arkeologia bereziki gustatu. Hala eta guztiz ere, erakusketa guztietara joaten ginen, baita museo edo dendetara ere. Asko bidaiatu izan dugu nire ahizpek eta nik gaztetatik, eta horrek ere lagundu dit. Gaztea nintzenetik eraman izan naute kultur ekitaldi guztietara. Nire ahizpek gauza batzuekin egin dute bat, eta nik, arkeologiarekin. Gaztetan nire film gustukoena Titanic izan zen; beno, hobeto esanda, Titanicen agertzen ziren hasierako bost minutuko ikerlana nuen gustuko. Nahiz eta guk itsasoa urrun izan, gaztetatik gustatu izan zait urpekaritza ere. Gehien gustatzen zaidana urpeko arkeologia, aintziren edo itsaso azpiko arkeologia da. Hemen bertan nire paisaia gustukoenak itsasotik ikusten direnak dira; adibidez, Mutriku, Getariako arratoia, edo Zumaia barrura sartzerakoan dagoen paisaia.
Zer da zuretzat interesgarriena arkeologiatik?
Arkeologian niretzat interesgarriena jendea nola bizi izan zen jakitea da. Jendearen eguneroko bizitzaz jakitea; adibidez, bizi maila desberdina zuten jendea zegoela eta denak ez zirela jaun edo txit gorenak. Eremu hezeetan zurezko objektuak edo eguneroko bizitzan erabiltzen diren objektuak ondo kontserbatzen dira. Mila urte inguru dituzten eta egunerokotasunean erabiltzen ziren gauzak ikusi eta ukitzea da asko gustatzen zaidan gauzetako bat. Adibidez, kazolak edo makilatzeko erabiltzen ziren pinturak.
Era berean, klase sozial guztiak dira interesgarriak, eta batez ere emakumeak, horiek baitira ahaztutako lehenak. Normalean gizon ahaldunei buruz ikasi izan dugu edo presente izan ditugu, baina emakumeekin ahaztu egiten dira. Genero arkeologiarekin, emakumeari behar duen ikusgarritasuna ematera iritsi nahi da; ehiztaria izanda edo haurdunaldi eta haurdunaldi osteko bizipenekin; bizitzak nola ateratzen zituzten aurrera; gizonak bale ehizan edo beste ehiza batzuetan zeudenean beraien zereginei garrantzia ematen...
Ertz batetik begiratu nahi izan diozu. Nolatan feminismotik?
Kontua ez da feminismotik ikusi nahi izan dudala. Nire ustez, arkeologia feminista ez litzateke egon beharko, arkeologia osoa feminista delako.
Arkeologia feminista esaten denean, ez gara emakumeengan bakarrik zentratu behar, edo sukaldeetako bizipenen bilaketak egin behar. Aurretik dauzkagun ideiekin apurtu eta orokorrean bilatzen hasi behar gara.
Ikasitako ezagutza oso garrantzitsua da, baina leku batean giza gorputz bat aurkitu eta inguruan armaren bat duelako gizonezkotzat jotzea ez litzateke araua izan beharko. Nire ustez, ikertu egin behar da. Era berean, bitxiak soinean jantzita dituen gorpu bat ere emakumezkoa zela ezin da esan; gizonezkoa zen ala ez ikertu beharko litzateke.
Nik uste dut gaur egun arkeologia osoa feminista izan beharko litzatekeela; genero arkeologiak esan nahi du pixka bat berdintasunez begiratzen diozula aurrean duzunari.
Ni beti saiatzen naiz emakumeak aurkitzen, baina beti bilatzen nituen emakume garrantzitsuen biografiak. Pertsona asko deskubritu ditut honen inguruan ikertzen edo liburuak idazten, eta asko irakurri dut honen inguruan. Oso lan zailak egiten ari dira, baina beraiek hori egingo ez balute, ez ginateke erdiaz ere jabetuko.
"Genero arkeologiak esan nahi du berdintasunez begiratzen diozula aurrean duzunari"
Zer hutsune ditu arkeologiaren diskurtso patriarkal eta ofizialduak?
Ez dut uste arkeologia patriarkala denik, baizik eta gizartea da patriarkala. Esan dezakegu arkeologiaren esparruan mugitzen den jendea nahiko ezkertiarra dela, baina, nahi edo ez, gizarte patriarkal batean gaude. Adibidez, XIX. mendeko arkeologiaren azterketan familia eredu klasiko batean ez da burutik pasatu ere egiten egon daitekeela beste familia ereduren bat. Arkeologia sortu zenean, adibidez, ez zen pentsatu ere egingo giza espeziea irudikatzeko erabiltzen den pertsonaia horietan emakumea izan zitekeenik.
Historiaurrea nolakoa zen dioen teoria sortzen den unean, ehiztaria izanik, bere horretan gizon nagusi edo menderatzaile bat irudikatzen da.
Adibiderik?
Bada oso ospetsua den adibide bat. Pirinioetako goi-mendietako indusketetan, normalean giza gorputzak aurkitzen dira. Gaur egun DNArekin esaten dizute gizona edo emakumea den, baina ezin da beti azterketa hau ordaindu. Askotan, gorputz erraldoi edo beso handiak dituzten pertsonak ikusten badira, zuzenean esango da gizonezkoak direla. Gure gizartean ere, hemen bertan Zumaian, arraunlariei begiratuta, gorputz mota desberdinak aurki ditzakegu, eta horregatik ezin esan genezake emakumea ala gizona den.
Historia osoan zehar pentsatu da gorputzetan handienak gizonezkoenak direla, eta txiki eta ahulak, emakumezkoenak. Hori akats handia da. Beste akats handietako bat da armak gorpu baten ondoan ikusten direnean esatea gizonezkoa dela; emakumezkoa ere ehiztaria izan daiteke. Arma kultura askotan botere sinboloa dela esan genezake. Eta, azkenik, beste akats bat aipatu nahiko nuke: emakume bat arma baten ondoan ikusiz gero, esatea emakume hori bere senarraren armarekin doala, esan beharrean emakume gerlari bat dela. Baliteke kasu batzuetan horrela izatea, baina arazoa da gizonen kasuan ez luketela jarriko emakume gerlari bat dela.
Marrazki arkeologikoetan, esaterako, emakumeen ordezkaritza %16koa da; oso urria dela esan daiteke.
Gerraz bakarrik hitz egin nahi baligute, gerran emakumeak egon diren arren, oso gutxi aipatuko lirateke. Oraindik asko dago ikertzeko, eta baita ikasteko ere.
Indusketetan, erditzearekin zerikusia duten tresna, material edo hilekoarekin lotutako gauzak aurkitzea oso posiblea da, baina indusketa egin eta bilatu egin behar dira. Bilatzen ez badira, sekula ez dira aurkitu edo agertuko. Egia da hainbat liburutan aurkitzen direla hainbat istorio emakumeen bizipenak kontatzen dituztenak, baina gutxi dira orokorrean.
Zer nolako harrera izan du irakurketa horrek diskurtso ofizialean?
Sare sozialetan baino ez da kontatzen. Ikertzen ari dira etengabe eta urteak daramatzate unibertsitateetan horretan, baina emaitza zientifikorik ez dagoenez, ez zaie kasurik ere egiten. Badira hainbat eta hainbat pertsona ikerketa eta indusketa asko egin eta gero liburu eta artikuluak argitaratu dituztenak ere. Liburuak argitaratzeaz aparte, telebistan edo sare sozialetan ere jendeak eman ditu hainbat artikulu argitara. Pertsona horiek ahalegina egin dute informazioa zabaltzeko eta jendearengana iristeko. Adibidez, gizon bat entzun nuen behin: hark ez zuen genero arkeologia aipatzen, eguneroko bizitzaren historia esaten zuen edo erotika eta sexualitatea aipatzen zituen, baina funtsean, emakumeei buruz hizketan ari zen. Gerora, emaitza zientifikoak eskuartean izan ondoren, asko zabaldu dira. Badira liburu oso onak, batez ere emakumeek eginak. Zabaltzeko asmoarekin egin dira, baina informazio zientifikoarekin, jendeak serioago hartzen ditu-eta. Gaur egun, sare sozialetan badira emakumeak diren zabaltzaileak, eta emakumeei buruz zabaltzen dute.
"Arkeologiak gizarte osoaren ideia orokorra ematen digu, baina oraindik asko falta da"
Gai honetan nola jardun duzu?
Nik ez dut gai honi buruzko doktoretzarik egin; ez dut gai honen inguruko ikasketarik ere. Arkeologoa naiz, eta gustuko dudanez, aisialdian egiten dudan zerbait da.
Gaur egun, Euskal Herrian jende asko dago gai honetan espezializatzen ari dena, begirada emakumeengan jarrita daukatena, alegia. Gainera, orain DNA proba gehiago egiten dira, eta horrekin egoera aldatzen saiatzea izango litzateke aproposena. Adibidez, Gasteizko emakume talde batek podcast oso ona egiten du; Divulgadoras de la Historia izena du podcastak. Aukera baduzue, entzutea gomendatuko nizueke.
Isabel Mellen ere zabaltzaile oso ona da; batez ere Euskal Herriko Erdi Aroko emakumeei buruz jarduten du. Beste neska kazetari batekin batera oso programa ona egiten du. Izan ere, astero gizon eta emakume dibulgatzaileak dituzte, historian izan diren emakumeei buruz ikasten ari direnak. Euskal Herrian doktoretza tesiak egiten ari dira, emakumeak garai horietan nola ziren, aldaketek nola eragin zuten... Hemen egiten den beste tesietako bat museoetako emakumeen irudiak aztertzea da.
Nik ere beraiekin bat egin nahi izan dut pixka bat, ikusi eta ikasi dudana kontatzea gustatzen zait-eta. Konturatu nintzen hemen Zumaian arkeologiarekin edo historiarekin lotutako hitzaldi gutxi zeudela, eta are gutxiago genero ikuspegiarekin lotutakoak. Asko gustatzen zait gai hori, eta etengabe irakurtzen dut. Gainera, uste dut garrantzitsua dela denok kontziente izatea, eta horregatik eman nuen hitzaldia [Iragana betaurreko lilekin aztertzen gaiaren inguruan jardun zuen martxoaren 21ean Zumaiako Emakumeon Etxean], baina ez naiz aditua.
Zer egin daiteke diskurtso horri buelta emateko eta bestelako diskurtso bat gizarteratzeko?
Ezin dugu beti pentsatu liburu bat emakumeek idatzia denik, edo emakumeen historiak ondo zabalduko direnik. Azken batean, gaur egun feminismoaren inguruko liburu asko dago. Asko oso artistikoak eta politak, emakumeen biografiak edo patriarkatua nola aldatu den azaltzen dutenak, eta horrelakoak. Baina, agian, ez dute behar bezainbeste ikertu edo ez dute gaia behar bezala ezagutzen, eta hori batzuetan azaleratu egiten da. Ondo dago ikusgarritasuna ematea, liburuak egitea eta historian emakumeei buruz hitz egitea, baina denak ez daude ongi argudiatuta. Gizonek idatzitako hainbat liburu ikertuak izan dira, beste ikuspegi irekiago batetik idatzi eta hobera egin dute; emaitzak ikustea besterik ez dago hobeak direla esateko. Garrantzitsua da nork idatzi duen ikustea, nahiz eta zail samarra izan.
Garrantzitsuena, nire ustez, behar adina informatzea da, baita zein idazle irakurtzen ari garen jakitea ere. Liburu asko erraz irakur daitezke eta oso onak dira, baina liburu zientifiko asko ere onak dira, irakurtzeko zailagoak izan arren.
Zer ekarpen egin diete emakumeek arkeologiari?
Nire ustez, emakumeak orokortzea txarra da. Emakume guztiek ez dute pentsatzeko modu eta ideia politiko bera, ezta feminismoaren ideia bera ere... Feminismoaren esparruan dauden emakumeek ikuspegia zabaltzen lagundu dute, denok ez dugu eta berdin pentsatzen. Nire ustez, beste era batera begiratu beharko litzateke; talde bezala begiratzeari emango nioke garrantzia. Baina hau ez da arkeologian bakarrik gertatzen, gizarte guztian gertatzen dela esango nuke. Egia da begiak ireki arte ez garela konturatu haurdunaldiari buruz oso gutxi dagoela, edo edoskitzeari buruz, emakumea ehizan ikustea ere arrotza da... Ikuspegi jakin bat zuten emakumerik egon arte, ez zuten garrantzirik izan.
Zer dago deskubritzeko arkeologiaren esparruan?
Dena dago deskubritzeko arkeologiaren esparruan. Duela hamabost urte boom bat egon zen kulturan eta diru-laguntzetan, eta orduan indusketa eta ikerketa kopuruek gora egin zuten. Indusketa asko egin ziren, baina araudi bat zegoen, eta jendeak oso serio jarduten zuen. Adibidez, indusketa bat aurkituz gero, obrak gelditu egiten ziren. Prekarietate ekonomikoaren ondorioz, beldur gehiago sortzen da, gutxiago ikertzen da, eta ez da indusketetan dirurik gastatzen.
Arkeologiak gizarte osoaren ideia orokorra ematen digu, eta oraindik asko falta da. Ez dakigu asko historiaz eta lurraz. Mediterraneoa erdian jartzen dugunean zerbait dakigulakoan gaude, baina lurraren gainerakoaz ez dakigu ezer. Nik uste dut pixka bat orokorrago ikusi beharko litzatekeela.
Bada esaldi bat; gizon handi baten atzean beti dago emakume handi bat. Esaldi hori erabili zenuen artikulu batean Marie Curie aipatuz.
Bai, esaldi hori nire herriko talde feministan nenbilenean idatzi nuen artikulu batean sartu nuen. Marie Curiek etxean heziketa ona eta laguntza handia izan zituen, baina hark bezala, baita beste hainbat emakumek ere. Adibidez, Frida Kahlo-k edo Cleopatrak. Horiek emakume handiak izan ziren, baina horrek ez du esan nahi izenez entzunak ez direnak ere emakume handiak izan ez direnik.