Eider Gutierrez: "Ez dago lehiakortasun toxikorik, denok lehiatzen gara geure buruaren aurka"

Oier Romatet 2024ko abu. 6a, 17:30

Argazkia: Utzitakoa.

Apneako txapelketetan parte hartzen du duela hiru urtetatik Gutierrezek. Baina txapelketetatik kanpo, urte asko daramatza kirol hori praktikatzen igerilekuan. Apneako modalitate estatikoan zilarra eskuratu berri du Espainiako txapelketan. Uztaileko Zumaia Guka aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Nondik datorkizu apnea egitearen zaletasuna?

Apneako txapelketetan duela hiru urte hasi nintzen, lau denboraldi daramazkit. Baina ur azpian ibili, zer ari nintzen ez nekiela, hori oso txikitatik egin dut.

Duela hilabete batzuk Espainiako Txapelketan izan zinen Sabadellen. Nola joan zen txapelketa?

Oso ondo joan zen. Hasteko, oso ondo pasa genuen; hori garrantzitsua da. Talde bezala, oso gustura geratu ginen erkidegoko sailkapenean bigarren postua lortuta. Maila indibidualean ere oso emaitza onak izan nituen: zilarrezko domina bat, bi bosgarren postu, eta beste proba bat pixka bat gaizki atera zitzaidala, hamargarren postuan.

Diziplina ezberdinak egiten dira txapelketa horietan. Zein dira eta zeinetan hartzen duzu parte?

Lau dira, eta lauetan parte hartzen dugu. Nahiago dut diziplina batean sailkatu, baina talde bezala puntuatzeko, zenbat eta proba gehiago egin, hobeto izaten da. Proba batzuk nigatik egiten ditut, eta besteak taldeagatik.

Bat estatikoa da: zenbat denbora irauten duzun igerilekuan flotatzen geldi egonda aurpegia ur azpian duzula. Hor lortu nuen zilarra. Besteak dinamikoak dira. Hauetan zer distantzia egiten duzun kontatzen da, berdin da denbora. Horietako bat aletarik gabe da, eta hor nahiko gustura geratu nintzen ni. Aletekin ere nire errekorra egin nuen. Eta, laugarrena, monoaletarekin da. Berez, monoaletarekin aletekin baino gehiago egiten da, baina hori izan zen kaskarren egin nuena.

Nola prestatzen zara txapelketa hauen aurreko minutuetan?

Aurreko minutu eta orduetan ahalik eta lasaien egoten naiz. Niri taldearekin egoteak laguntzen dit asko, pixka bat besteengan zentratzen, ez hainbeste nire buruan. Beste batzuk nahiago izaten dute izkina baten egon meditatzen. Gero, azkeneko hamabost minutuetan, eseri egiten naiz, lasaitu, gauza positiboak pentsatu, irudikatu zer egin behar dudan...

Prestakuntzako entrenamenduak nolakoak dira?

Gure entrenamendua oso konpletoa da. Teknika igerilekuan entrenatzen dugu batez ere, beti baitago teknikoki zer ikasi. Gero, gimnasioan indarra lantzen dugu, bizikleta edo korrika entrenamendu kardiobaskularra egiten ditugu, luzaketak, arnasketak, lasaiketak... 

Zein dira zure marka onenak?

Estatikoan 6 minutu eta 15 segundo. Igerilekuan aletarik gabe 110 metro; eta aletekin eta monoaletarekin, 140.

Igerilekuan ibiltzen zara orduan, eta ez itsasoan.

Barrukaldeko apnea da; kanpoaldekoa itsasoan egiten da. Modalitate denak dinamikoak dira, eta denak sakoneran egiten dira: aletarik gabe, aletekin, monoaletarekin eta beste bat dago eskuekin sokari tiratzen. Itsasoko txapelketetan ez dut parte hartu, baina egiten dut. Gertatzen dena da Euskal Herrian sakonera handiak bilatzeko oso urruti joan behar dela txaluparekin. Gehien egin dudana 30 metro izan dira, baina sakonera gehiago ez zegoelako.

Kanpoaldeko txapelketetan ez dut parte hartu Kanariar Uharteetan izaten direlako. Federazioa aurrekonturik gabe geratzen da igerilekuko txapelketaren ondoren, eta kanpoaldeko probetara joan nahi badugu, guk ordaindu behar dugu, ez dugu dirulaguntzarik. Urtero izaten dut gogoa joateko nik ordainduta bada ere, baina dirua da...

Zer behar da apnean aritzeko? Edonork egin ahal dezake?

Hasteko, uretan egotea gustatu behar zaizu, inor ezin duzu behartu ur azpian egotera. Gero, oso kirol polita da. Txapelketetara zoaz eta bestekin konparatzen dituzu zure markak, baina denok, hasiberrietatik munduko txapeldunera, denok lehiatzen gara gure buruarekin, azkenean norbere markak gainditzera doa. Ez dago lehiakortasun toxikorik jendearen artean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide