Bizitza deitzen dugun bidaia honen helduleku garrantzitsua izan da niretzat beti musika. Denetarik entzuten dut, zaharra eta berria. Kantu ederrak nahi adina daude, eta gustuko bost aukeratzea ikaragarri kostatu zait.
1. Itoiz: Hegal egiten
Maitemindu ninduen lehenengo taldea. Nerabezaroa, dedo eginez Zarautzera noa Iña lagun minarekin kontzertura. Txantxangorri bihurtu, askatasun edo aldaketa nahia. Duela sei urte nik ere burutu nuen metamorfosia. Harrezkero, bisitan etortzen zait bular gorriduna.
2. Pixies: No 13 baby
Hogei urteko gazte bat naiz. Soinu ilun eta riff boteretsuen garaia. Talde asko dauzkat gustuko etapa honetan, baina Boston aldeko iratxoek harrapatzen naute. Come on pilgrim, Surfer rosa, Doolittle, perfekzioa. Nire zenbakiaren kantua.
3. Jeff Buckley: Mojo pin
Disko bakarra bere ibilbidean, maisulana. Lehen kantu zoragarria aukeratu dut, baina edozein izan zitekeen. Ahots hautsia, boteretsua, abestien letrak (zer da bizitza? Zer da maitasuna?), errepikaezina bihurtzen dute diskoa. Tristura eta desesperazioa, mundu honen ankerkeriaren aurrean oihu bat da. Negarra eragin izan dit. Jeff Memphis inguruko ibaian sartu zen eta ez zen itzuli. 30 urte zituen eta eternitateari muxu eman zion.
4. Supertramp: It's raining again
Ez naiz taldearen jarraitzailea, baina kantu honen doinua opari bat da. Umorea aldatu eta poza eragiteko boterea dauka. Berez, galatzaileen istorio bat da, maitasun galdu baten mina azaltzen du. "Sendatuko al da nire bihotza?" galdetzen du eta esperantza aukera zabaldu. Borrokatu, altza, euria geratuko da eta eguzkia irtengo da berriz. Bizitzaren metafora ederra, denborak sendatzen du dena.
5. Lou Reed: Walk on the wild side
New Yorkeko musikari eta poeta handiak bizitakoaren lan adierazgarria. Rockaren eboluzioan gehienentzat erreferente den The Velvet Underground taldearen arimak yonki, prostituta, transexual, etab.-en artean arnastutakoaren erradiografia urbanoa. Ei, laztana, egiozu bisita bizitzaren alde basatiari. Doo, do-doo, do-doo...