1986. urteko abenduan zabaldu zituen ateak San Juan Egoitzak. Aurretik San Juan egoitza-ospitalea zegoen lekuan eraiki zuten duela urte batzutatik hona Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen zerbitzua. Ospitalea 1928an ireki zuten eta 1980ko hamarkadara arte egon zen martxan. Zerbitzu hobeak eta erabiltzaile gehiagorentzako lekua behar zela iritzita, 1985ean eraitsi zuten ospitale zaharra egungo San Juan Egoitza egiteko.
San Juan egoitza-ospitalearen sorrera 1920ko hamarkadan kokatzen da, eta 98ko belaunaldia bezala ezagutu zena dago haren atzean, konkretuko Ignacio Zuloaga artista eibartarra. Santiagon zegoen ermita eta erromesen ostatu txikia zegoen lekuan Santiago-Etxea izango zena eraiki zuen Zuloagak. 1914. urtean ireki zuen etxea eta Espainiako 98ko belaunaldiko intelektual, idazle, artista edo toreroen bilgune bihurtu zen. Bertan egiten zituzten beraien tertuliak, esaterako, Manuel de Fallak konpositoreak edota Jose Ortega y Gasset filosofoak.
Santiago-Etxera etortzen zenetako bat Juan Belmonte toreroa izan zen. 1917. urtez geroztik uda garaian Zumaiara etortzen zen Belmonte. 1924an, Ortega y Gasset ere Zumaian zela, zekorketa bat egiteko ideia izan zuten. Sarreren diruarekin ospitale bat egiteko funtsak lortzea zuten helburu. Nobillada 1924ko abuztuaren 25ean egin zuten Arrangoleta inguruan eta orduko kronikek diote arrakasta handia izan zuela. Urte bat geroago, bigarren zezenketa bat egin zuen Belmontek Zumaian, eta orduan harrapatu egin zuen zezenak. Odola zeriola, inguruko hotel batera eraman zuten urgentziazko sendaketa egitera.
Garai hark oraindik badu oihartzuna herrian, ez bakarrik San Juan Egoitzak hor jarraitzen duelako, baizik eta orduko pertsonaia hauek beraien lekua dutelako herriko kale izendegian: Ignacio Zuloagak plazatxoa du Beheko plaza, Erribera kalea eta Txomin Agirre kaia artean, eta Juan Belmontek eta Jose Ortega y Gassetek kale bana Paolaldean.